Artikulu honen berri izan dut astean, eta handik ekarria da esaldi hau:
“A belief that quality journalism requires excellence of expression grounded in extensive analysis might lead journalists to miss the possible contribution of social media in the field of news.”
Küng, in Storsul & Krumsvik (2013): Media innovations. A Multidisciplinary Study of Change.
Goiena gogoan, hainbat gauzak atentzioa eman eta ekarri ditut moldatuta blogera.
Eduki sorkuntza eta teknologia
“Bi mundu ziren edukiak eta teknologia eta gaur egun bien artean zegoen aldea txikitu egin da”, dio Lucy Küng-ek artikuluan. Beti jokatu dela bi esparru ezberdindu bailiran, baina orain aldea lausoa dela. Lehen teknikariak edo informatikariak zirenak gaur eduki sorkuntzaren erdigunean kokatzen direla dio. Kazetariak desplazatu ere egingo direla esaten duenik bada gure inguruan, baita robotek egindako kazetaritza gailenduko dela dioenik ere. Kontuan izatekoak denak.
Zelanbait, gertatzen da horrelakorik gure inguruko hedabideetan ere, bereziki sareari lotutako edukietan, baina ez bakarrik digitalean. Berrikuntza eta teknologia eskutik doaz eta esan daiteke berrikuntza dela teknologiaren motorra. Guri, berritzea dagokigu, aurrerapenari erantzuteko eta hori edukien sorkuntzarekin lotu beharra ikusten dut.
Ezingo diegu begirik kendu gure bezeroek dituzten beharrei, ezagutzei, irakurketa esperientziei, produktuen nolakotasunari… eduki sorkuntza horretan. Aldaketak etorri dira eta datoz. Kazetaritzaren kalitatea parametro berri hauetan neurtzea ezinbestekoa dirudi.
Geldi ez geratzetik kalitatea
Aldaketa konstanteak kalitatea dakar, eta merkatuari egokitzea zein bezeroari eta bezero posibleei begira jokatzea garrantzitsuagoa izan daiteke titular bat zuriune barik idaztea baino (garrantzia ukatu barik). Berrikuntzarekin, eduki sorkuntza lanbide dutenek ere ezberdin jokatu beharko dute eta horrek eskatuko du enpresa antolaketa berri bat, ezinbestez. Uste genuen multimedia izan zitekeela egin genezakeen azken “iraultza”, baina hori ere atzean ez ote dagoen geratzen… Hau da, multimediatasuna finkatu eta jokaera berriak lantzen hasi beharko garela dago agerian geratzen. Salto berriak egiteko momentua gerturatzen dago eta zerikusia du hedabide soziala egitearekin eta izatearekin. Kantuan esaten genuen: “komunika komunikatzea komunika komunitatea”.
Esan beharrik ere ez dago, baina ezingo dugu kalitaterik-eta neurtu Internet-hizkuntza ezagutu barik, gutxiago gure bezeroek iturri ezberdinetatik edaten dutenean ura (editorial beretik eta produktu ezberdinetan askok); ezingo dugu neurtu erabiltzailearen esperientziatik ez bada; ezingo dugu neurtu eragin soziala ez badago aldagai moduan… Iristeak garrantzia izaten jarraituko du, handiena, eta horri gehitu beharko dizkiogu: komunitate izaera, gainontzekoekin saretzeko gaitasuna, gertutasuna, sektore ezberdinen atxikimendua, enpresa eredua, ekarpen soziala, hizkuntza normalizazioan eragina, bezeroaren asebetetzea… Begi bistan dago hedabidegintzaren bueltan gabiltzan agente guztiok osatutako behategi baten beharra. Bai hedabideak Hekimenen bidez, unibertsitateak, administrazioak…
Gure medioetan idazten ditugun artikuluen sakontasunaz harantzago (aitor dezadan kazetaritza horren zale naizela), lan egin beharko dugu molde berriak ezagutu eta horietara egokitzeko. Gure bezero gazteagoek zer kontsumitzen duten eta zer ez kontuan izan beharko dugu eta, ondorioz, gure lana egokitu. Alperrik ibiliko gara hamaika orriko lanak edo ordu biko erreportajeak editatzen gure bezeroak beste gauza batzuk ari badira eskatzen, ikusten eta irakurtzen. Ez dela beharko edukiak sakon lantzea? noski beharko dela, baina horrek ez daukala kalitatearen sinonimo zertan izan ere hasi beharko gara pentsatzen. Edo kalitate txarragokoa da hiru minutuko itsasoaren haserrea adierazten duen bideo afizionatuaren lana itsas erreportari zaildu batek egindako ordubeteko erreportajea baino? Gutxienez, zalantza sor dakigun.
Beste egiteko bat da gure produktibitatea fintzen joatea. Enpresa handiegiak sortzea ez dirudi egin beharrekoa urteotan. Hasi ere nekez hasiko da inor horrelako abenturetan gaur. Hala ere, ezin dugu geldi geratu, uzkurtu, txikitu… berrikuntzaren kontrakoa izan daiteke sarri produktibitatean estutzea. Lortu behar dugu produktibo izaten jarraitu eta handitu barik berritzea. Tokiko komunikabideok, esaterako, kokatuta gaude erronka berriei aurre egiteko, motxila handiegirik barik, geure buruarengan konfiantza handiagoarekin orain urte gutxi baino eta egunerokotik burua altxatzeko beharraz kontziente. Fin egin behar dugu lan, baina begirada altxata. Eta txarra ez ohikoak ditugun formatuetatik haratagokoak integratzea gure jardunera.
Hedabideon jabetza, edukiak eta finantziazioa
Enpresaren jabetza
Gure enpresaren gehiengoa euskaltzaleen elkarteek dute. Horrek bere horretan ez du enpresa soziala denik adierazten, hala ere. Goienaren jabetzaren parte dira herrietako udalak eta baita bertan lanean dihardugun bazkideok ere. Ekosistema autoeratu interesgarria sortzen da hor eta kudeaketa gardenagorako bide ere bada. Gure egintza soziala izateko pizgarri da egitura hau, zalantza barik. Kooperatibafoboak ere badira inguruotan eta ez dago zertan kooperatiba izan enpresaren egiteko soziala presente izateko… ni kooperatibazale naiz, hala ere.
Edukien jabetza
Era berean, eta edukien sorkuntza izanik Goienaren egitekoa, ez ditugu giltzarrapoz isten edukiok. Sareko lizentzia gustukoa eta erabilia da CC-By-Sa, eta desiratzen gaude hogeitaka urtetan batutako ikus-entzunezko artxiboa norbaitek digitalizatu eta txukundu ostean herritarren esku uzteko. Hau ere bada hedabideon egitekoetan aldaketa bat, are gehiago gure finantziazioaren zati on bat publikoa denean.
Finantziazioa
Gure autofinantziazioak goraka egin du urtetan, baina berriz ere beheranzko joerarekin gabiltza. Ez dirudi berealakoan aldatuko denik grafika eta hedabideon finantziazioak beharko du inoiz baino mimo gehiago erakundeetatik. Hedabideon nahiak eta eginahalak beste bide batetik doaz, baina bi krisirekin bizi beharko dugu hurrego urtetan (ekomikoa eta hedabideona). Marra gorria marraztua dago behetik eta goiko marra goratzea eskatu beharko dugu erakundeetan.
Mugimendua bizi
Bitartean, mugimenduan jarraitu beharko dugu, baina ez bakarrik dantza eginda, soltean. Komunitateko parte izaten asmatu dugu batzuetan, baina sarriago behar dugu asfaltoa zapaldu. Baltseora bultzatu behar dugu gure burua nahiz eta barra ondoko gizon-emakumeak gauden hedabide askotan. Aldatuz hobetuko gara eta mugimenduan bizi.