Barrena poztu didan proiektu komunikatiboa

Aurten, poz batzuk izan ditugu Goienan: urteurrena, sariren bat, urrezko A, lan-talde bikaina…  baina poza, Deba ibairen hondarreko bizilagunengandik heldu zait bereziki. Po, po, poz handia! 2025era egokitutako enpresa berria sortu da: Barrena kooperatiba elkartea. 

Paperean atera duten lehen zenbakia. 2020/12/19.

2012-edo izango zen “Barrena” proiektua posible zela sinistu nuena lehenengoz. Soinu printzak zetozen Debabarrenetik; baita bilera asko, beldurrak, zalantzak… Edozein aldaketaren aurrean pertsonok izan ohi ditugun aldeko eta kontrako ulergarriak pil-pilean izan ziren. Ordukoan, ez zen asmatu moduetan, seguruenik. Beharrak hor jarraitu du, hala ere. Eta beharra markatzen du jendarteak, euskararen erabileran saltoa eman nahi izanak, debabarrendarrek, irakurleek: merkatuak. Bezeroak dira debabarrendarrak, izan komertzio edo izan irakurle. Euskarazko informazioa jasoko dutenei zerbitzua eman behar diogula ondo iltzatua izateak jokatzeko moduak berrasmatzea ekartzen du. Urte batean halako aldaketa, hurrengoan bestelakoa… etenik bakoa izango da eta malgutasuna eskatzen du hedabideetan lan egiteak. 25 urtean ondo ikasia dugu ez dagoela geldi egoterik baldin eta erabiltzaile gehiagorengana eta hobeto heldu nahi bada. Hedabideok inpaktua sortu behar dugu eta eragin; ez da nahikoa egitea. 

Behar izan dira beste dozena bat urte berriz ere gaiari heltzeko Debabarrenean. Gaurkora heltzeko, hala ere, beharko ziren aurreko urtetan huts egindako ahaleginak eta harantz honantzak. Gogoan dut, Koldo Mitxelena zenarekin izandako hitz-aspertua gaiaz eta zelan hasieratik gerora ikuspuntua moldatu zuen; seguruenik, hedabideetan beharrezkoa den malgutasun hori bazuelako. Gogoan dut Fernando Muniozguren ere. Hark amesten zuen euskarazko komunikazioa lider izatearekin, eta Barrena, bide zuzenean egindako ahalegintzat dut. Gustatuko litzaioke kooperatiba sortu izana.

Zergatik poztu naizen: 

1) Batez ere, euskalduna naizelako. Eta euskalduna naizenez, herri ahalik eta gehienetan ahalik eta informazio osatuena eta ahalik eta gehienetan emango duelako Barrenak. Hilabetekariak astekari bihurtuko dira, esaterako. Webguneak martxa handiagoa hartuko duela uste dut.

2) Debabarreneko herri batzuetan bazen proiektu sendorik, hala ere, herri gehiagotan sendotzen da euskarazko komunikazioa. Herri gehiagotan sendotuko da euskara proiektu multimediaren bidez.

3) Behar da kopuru minimo bat lantaldean eta lortu dutelako nago pozik. Behar da formaziorako, kritikotasuna lantzeko, berrikuntzarako, pertsonak zaintzeko… profesionalizaziorako

4) Jendarte demokratikoago, euskaltzaleago, parekideago, inklusiboago eta kritikoagoa eraikitzeko tresna eraginkorra jaio delako. Eta hori egiten da ahalik eta jende gehienengana helduz.

5) Egokitu delako proiektua 2025eko egiteko moduetara: bai itxuran, bai edukian, bai produktuetan… Orain, desinformatzen duten sare sozialak dira konpetentzia zuzena. Tokikooi dagokiguna da informazio zintzoa: kontrastatua eta testuinguruduna. Barrenari ere bai, esango nuke.

6) Debabarrena subjektu duen hedabideak Debabarrena kohesionatuagoa sortuko duelako.

7) Ondoko herrien berri jakitzeak on baino ez diolako egingo herritarrei. Zinera ondoko herrira, halako kultura ekitaldira 5 kilometrora, feriara beste horretara… Zentzu guztia du, baita zero kilometroko komertzioak indartzeko ere.

8) Kudeaketa gehiago profesionalizatuko delako. Tamainak laguntzen du horretan. Kudeaketa aurreratuan pausoak emateko balio lezake. Helburua, produktu eraginkorragoak ikus-entzule-irakurleendako.

9) Eskualdeko hedabideak direlako oraina eta etorkizuna; Barrenarekin eskualde osoa izango dutelako agendan. Adibide bat: Eibarren egindako agerraldia.

10) Lanean dabiltzan dozenatik gorako langileengatik (laster jabekideak, horrek esan nahi duen guztiarekin). Pentsatzekoa da pare bat urte barru argiago ikusiko dela zerbitzu hobea ematen ari direla beraien komunitateko kideei. Eta egingo dute gobernantza partekatuarekin: euskara elkarteak, erakundeak eta lan bazkideak.

Pozak hamaika. Onena opa diet Barrenako kideei. Segi dezatela pozak ematen. Elkarrengandik ikastekoak baditugu eta hasiko gara zer ikasiko begira hondartza aldera. Urte askotarako!

Barrenaren webgunea: barrena.eus

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude