Ez zegoen onenean. Ez du nahi izan joatea, baina kanpoan lo zela emandako ezbeharrak eman dio azkenengo bultzada. Ez zuen nahi joatea ez, eta ulertzekoa da bera ezagututa.
Umetatik ezagutu dut. Bera zen alkatea. Alkate ere bazen, eta bera zen alkatea. Beste alkaterik egon zitekeenik ere pentsatzen ez nuen garaian izan nuen harremana alkatearekin. Taberna-umea ni; bezero ona Patxi.
Seguruenik ume haren elkarrizketak haizatzen jakin zuen alkateak eta laster nintzen herriko jai batzordean. Ordurako, tia Abelinak oparitutako jazbana makilakada galantak hartua zegoen aspaldi, eta Borxa Arrillaga ez nintzela izango ere argi zegoen. Borxa eta gainerakoak ezagutzera joan ginen Alberto Arotzena eta biok Patxi Basaurik zuzentzen zuen jai batzordearen aginduz. 1990. urtearen bueltan izango zen. Ezin zehaztu urtea, baina holakoren bat. Hilbera tabernara jaitsi, nik kafea-edo hartuko nuen (15-16 urte), eta han lotu genuen Zarama taldearen teloneroa: Su ta Gar. Gaur kopla horrekin esnatu naiz, akordu horiekin, ze zerbait geratzen bada edozein heriotzaren aurrean horixe da: akordua.
Herrigintza kontzeptu moduan zer zen ere ez nekienetik ikusi dut zer den herrigintza. Askotan lotzen dugu, nire ustez oker, herria eta administrazioa banatzen duen termino moduan. Ondo dakite herri txikietako zinegotzi eta alkateek, esaterako. Patxi alkatea bera ere banaketa hori apurtzera dator. Herrigintzarekin lotzen dut. Asko ez dela, hogei bat egun, herriko hiruzpalau gairekin kezkatuta zebilen: Jubilatuak ondoen Ozkarbin daudela, etxe hutsenak ez duela konponbide errazik Elgetan, politika herritarrekin egonda egin daitekeela bakarrik, Elgetaren proiekzioa egiten ez duela ikusten inor… Ni entzule. Inoiz, baita zirikatzaile ere. Gustatzen zitzaion bai eztabaida giro hori eta izan zuen alkatetza zer den badakienarekin jarduteko abilidadea. Herria ordenatu-desordenatu ostean: “atsaldeko telenobelia ikustera najoiak, honezkero hasiko zuan-eta” izan zen azkenengo berbaldia berarekin. Kafea zuen gustuko eta baita anisa ere. Sekula ez dio utzi txupito bat hartzeari ezta alkate izateari ere. Telenobela tarte horretan akaso, eta izan daiteke adibide bat adierazten duena ulertu zuela beste belaunaldi baten txanda zela. Hala ere, beti zuen herri-gogoa, kale-giroa, eta baita eztabaida giroa ere. Makal zebilenean ere bai. Horixe da egia. Bere modura, baina alkate izan da hil arte. Ezin izan duenera arte ez da falta izan herrian egindako eta herria kanpora erakusteko ekitaldietan.
“Kontrario” ere izan zen guretzat. Gaurtik begiratuta kontra egin bai baina kontrario definizioa merezi ez duen alkatea. Gazteago gu eta lokala aldarri. Ez zuen ikusi gazteen mugimendua ona izan zitekeenik, hasieran; hala ere, heldu zen Gaztetxean berogailua jartzera ere. Malgutasun hori bazuen. Oso gogoan dut Kultura-gunearen kontra hainbat herritar egon arren, Espaloia Kafe Antzokia izan zen horretan ere zein ahalegin egin zuen. Pentsa, gurekin batera ez zen joan ba Ondarroako Kafe Antzokiaren inauguraziora! 2002ko apirila zen eta antzokiko Larrañagak erakutsi zizkigun zirrikitu guztiak sukalderaino sartuz. Hark ere flipatu zuen alkate batekin joan izanaz. Ez dit sekula aipatu, baina seguruenik ondo konpontzeko ahalegin horretan bazkaldu genuen bueltan Mekolalden hiru lagunek, bide ertzean. Bazkari hura dut akorduan gaur. Alkatea dut akorduan.
Oier Araolazak gogoratu du alkatea blogeko mezu honetan. Goimendiko sokaren argazkia ere jarri du eta baita 1966ko argazki eder bat ere:
https://dantzan.eus/kidea/kezka/patxi-basauri-eta-otola-kezkaren-bi-lagun
Argazkiko Ozkarbi dantza taldean elgetako ia neska-mutil gehienak geunden. Gregorio Santakruz,Joxe pandero, Patxi eta Maríasun izan ziren elgetako lehen dantza irakasleak.