Sortu eta sortu, sortu eta sortu. Sorkuntzari emanak ibili gara zirimola zoroan. Sortu da asko literaturan, sortu da asko musikan, sortu da asko artean. Eta hizkuntza ez-hegemonikoan konplexutik ere sortu dugula iruditzen zait: hau ez dago euskaraz eta sortu, hura ere ez eta sortu, sortu eten barik.
Sortu eta sortu da jasotzaileek behar dutena? Kazetaritzan ez. Paperaren garestitzeak ere lagundu du, baina ez horregatik bakarrik, “sortu eta sortu”-k utzi behar dio lekua pausatuagoa den edukiari. Digitalean ez dago leku arazorik, paperaren prezioa ez da arrazoia digitalean eta, hala ere, edozein lekutan edozein prentsa-agerraldi izan da notizia. Edo bihurtu dugu notizia. Edo ohitu dugu notizia izan dadin. Baita 2024an ere? Horrela behar du?
Gakoa, beharbada, ez da eduki gehiago sortzea. Eduki sortzaileak ez dira hedabideak bakarrik eta aisialdi formako eta mezu-arin formako mega asko jasotzen ditugu eskuko telefonoan. Horretan beharko genuke gehiago euskaraz, ze hor ere zalantzarik ez kantitatea inportantea dela. Hasi lagunen mezu uholdeetatik eta sare sozialetan amaitu. Zarata honek guztiak ere izango du egunen baten bolumena jaitsi beharra, baina ez euskaraz, seguruen. Eta jaitsi beharko du norberak, ze zarata eten bakoa eta scroll amaigabeak dira zaratatsuenen mahatsa.
Gure komunitateak konektatuko dituen edukiak behar ditugula uste dut. Mimoz landutakoak, denbora bat eskaintzen zaionak egiterakoan eta kontsumitzerakoan. Agerpen hutsetik haratago, “hau egon da” edo “hau gertatu da”-tik pauso bat gehiago. Agerpen hutsak agendetarako eta iragarpenerako izan daitezke gehiago (hauen beharra ez dago zalantzan, noski).
Bi bide daude kazetaritzan baldin eta eduki esanguratsuagoa argitaratu nahi badugu, eta dira:
- Lan-taldeak bikoiztu.
- Dena jaso beharrean: hautatu. Barrako pintxoetatik bizpahiru hartu, ez dozena bat eta tripa (orria) bete.
Bistan da bigarren aukera izango dela etorkizunean landuko dena. Seguru nago. Ze pintxo jan erabaki beharko dugu bai, baina baita noiz eta non jarri jangai ere. Argitalpen-plan zurrunagoak egin beharko dira eta kazetari lana bideratu esperientzia hobeak sortzera. Esaterako: kontzertu bat izan dela esan eta erakutsi bai, baita kontzertu horren bizipenez galdetu eta kontakizun bat egin ere, beharbada. Une egokian, sorkuntza landua eta esperientzia bakarra. Beti? ez. Ahal denean, baina gero eta gehiagotan. Badirudi badatorrela kazetaritzara edukiak birpentsatuago emango diren garaia, sekula ere ahaztu barik bezeroak ohituta daudela azkar, motz eta mini-pintxo dezente hautatzen eta euskarak behar duela hortik ere.