Kultura posible da

“Jaiak” berba aipatzen baduzu garaiotan narrutuko zaituzte! Eta “bertan behera politika” jarriko da martxan, ziztu bizian, hori baita: zuhurrena, denborekin doana, seguruena, prebentiboena, lan gutxiago eskatzen du gainera. Eta normalitate honek, antza, ez du merezi beste buelta bat, egiteko modu berri bat, ondoko herrietan asmatuta daudenak eta asma genitzakeen aldaerak.

Atzo beste eredu bat bizi izan nuen. Ez ziren “jaiak”, baina bai “jaialdia”. Musikaire ez dago bertan behera. Osasuntsu dago, sekulako lana egiten dutelako Arriolako lagunek. Osasuntsu dago ohitura sortu dutelako jendeak goza dezan. Eta badakigu kultura eta ohitura lotuta egoten direla sarri. Horrela diote Musikairekoek: Kulturak udan ilargia maite du, eta hego haizearen laztana. Ilargipe epelean, kultura zuzenean iristen da bihotzera, bihotza sentibera baitago udako gauetan. Elorrion, udan, kultura kalera irteten da

Eta sentibera gaude bai. Pandemia gogor honek ematen digu beldurra. Eta beldurra oso humanoa da, noski, baina beldurretik ardurara salto egin eta atzoko moduko kontzertuak antolatzeak gutxienez horixe erakusten du, ardura dutela: osasunarekiko ardura, batetik; euskal kulturarekikoa, bestetik. Zorionak baino ezin eman kultur zale hauek kulturarekiko duten arduragatik. Bikain.

Seguruenik eredua bera da interesgarria. Oso argi izan dute eta horrela aipatzen zidan urte pila bat antolakuntzan dabilen lagunak: “nahi bada ahal da”. Eta bueltako bidean ezin kendu burutik esaldia. Horixe baietz! Nahi bada ahal da.

Eta jarri zuten kontzertua aire zabalean, zelai handi batean, eta aulkiak distantzietara, desinfektatuak, eta polizia lanik egin barik, eta sarrera leku bakarretik, eta hidroalkoholarekin eskuak garbitu ostean, eta denok maskarekin… 400 lagunendako lekua! Pentsatzen egon nintzen Euskal Herrian makina bat zelai daudela ba horrelakoak egiteko…

Eta etxeko marka, Elorriokoa: parajea oso ondo zainduta. Soinuan euroak aurreztu barik, inguruko arbolak ere argiztatuta, puntualitatea, kontzertua hasi aurretik off ahotsa: aurkezpena, gomendioak arduratsu jokatzeko, hurrengo emanaldietan zer izango den, musikaire babesten duten enpresak… dena ondo grabatua, bi ahotsetara, soinu argiarekin… Hasi zen kontzertua profesional.

Hau dena urte asko lan eginda ikasi dutela ez dut dudarik, baina batez ere egiten dute kultura zaleak direlako: antolatzaileek mimoz jokatzen dutelako sortzaileekiko, lehenik; bigarrenik, antolakuntza pegarik gabekoa egiteak zein garrantzia duen badakitelako; eta, hirugarrenik, ikus-entzulea beti dutelako buruan, eta esango nuke baita ere bihotzean.

Musikaire da ezohiko jaialdi bat; eta bere programa, mazedonia moduko bat. Mazedonia honetan nahasten dira osagai oso ezberdinak, beti erakargarriak eta kalitatezkoak; nahasten dira baita arte motak eta jatorriak ere. Garik oso kontzertu ona egin zuen, bikaina. Eta hori horrela izan zedin behar beharrezkoak dira kultura bizi dutenak, besteak beste, ondorioz, biziarazten digutelako kultura eta behar beharrezkoa dugulako pandemia garaiotan. Eskertuta elorrioarrei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude