PUNTUA: `#datsegit´ eta `#damolakit´

Askok kontrakoa pentsatuko badu ere, nik gainontzeko harpidedunekin batera irakurtzen dut PUNTUA, normalean; beti, inprentara bidali ostean. Horregatik ere, besteak beste, gogoz hartzen dut papera eskuetan. Bai, papera. Hilko zela uste zen hori.
 
Gustuko dut buzoitik jaso eta lankideek asmatzen dutela ikustea bai edukietan eta bai diseinuan. 100 zenbakitan izango dira milaka kolaboratzaile, milaka aurpegi. Gustuko dut askotariko jendea agertzeko egiten den ahalegina, ez da-eta erraza: ideologiak, gustuak, edadeak, joerak… Artikulu arinak zein sakonak, serioak zein umorezkoak, autoen motor zaratadunak eta ondare isilak, herri txiki eta handiak, diziplina ezberdinetako artistak, oso gertuko koplak eta urrunekoak izanagatik gerturatutako errealitateak, pertsona txiki handiak eta handi umilak, moda orrietan halako eta bestelako neurriak, liburu gomendioak eta errezetak, jatetxeen plater elaboratuak eta txorizo-arrautzak, gaixoak eta medikuak, sindikalistak eta enpresaburuak, umeendako jolasak eta jubilatuendako gomendioak… istorioak, istorio onak, pertsona zentroan duten istorio interesgarriak asko.
 
Bereziki, bezeroon gogoak asetzeko saiakera da lankideei gehien eskertzen diedana. Berebiziko garrantzia eman genion aldizkari hau sortu
aurretik bazkideek zer gura zuten entzuteari, bezeroa erdigunean izatea izan da eta izango da Goienaren marka. PUNTUAk horixe du sortze-indar, bezeroei zer gura duten galdetu eta zerbitzua eman izana. Klubeko parte izateko aukera hemendik.
 
Goiena Komunikazio Taldea sortu genuenetik pasatu dira 17 urte eta ezin genuen imajinatu ere egin holako produkturik egin ahal izango genuenik. Komunitatean astero sortzen dugun agerkari hau kalitatezkoa da argitaratutako 100 zenbakietan. Goiena Kluba martxan jarri eta horko 4.100 bazkideei esker da posible PUNTUA osasuntsu eta interesgarri izatea. Hau egiteko laguntza jasotzen dugu Gipuzkoako Foru Aldunditik eta
Eusko Jaurlaritzatik ere, baina ezinbestekoena da bazkideen babesa, urtero-urtero konfiantza berritzen duzuenona. Poliki, baina gero eta gehiago gara. Jende gaztea ari da klubeko kide egiten, baita Portugaleteko Udal Euskaltegia; Bilboko eta Durangoko kafe antzokiak; Bartzelonako Euskal Etxea; Kordoba, Salamanca, Alacant eta Tarascongo espetxeetan ere irakurtzen dute; Koldo Mitxelena zein beste liburutegi mordoxka batean;
mediku-kontsultetan… eta, PUNTUAren zero zenbakian esaten genuen moduan, haginlariaren itxarongelan ere topatuko duzu, Pronto edo Lecturas-en ondoan, bai, itxarongela horretako jabeak jakin baitaki Debagoienean asko irakurtzen dela gertuko informazioa. Eta non ez! Bazkide
guzti-guztiok zuen gakoa sartu eta GOIENA aplikazioan ere baduzue irakurgai. Bai, bai, oso-osorik zuen eskuko telefonoetan, tabletan zein ordenagailuan. App Store-n eta Play Store-n.
 
Iñaki Peñari, gaiak osasuntsu lantzea gustatzen zaio; Lourdes Martinezi, iritziak traba barik ematea; Maddi Iñarrari, euskaratik eta euskaraz egitea; Mikel Gonzalezi, bestelako ikusPuntua interesatzen zaio; Ane Irazabali, munduko txoko askotara hurbiltzea; Juan Martin Elexpururi, pertsona askoren ikuspuntua ematea; Imanol Biaini, naturak eta ingurumenak euskararekin bat egitea; Ana Revueltari, dendetako %10eko deskontuak zaizkio erakargarri…
Mila mundu eta puntu. Bizi ditugun parekidetasuna eta euskaltzaletasuna dira orriotan topatzen ditudan beste bi gai. Esplizituki batzuetan, eta zehar lerro moduan gehienetan. Seguruenik, batak bestearen diskurtsotik eta besteak batarenetik edaten duen bikotea da.
 
Gustuko dut lankideek egiten duten lana, eta lantalde honetako parte izatea harrotasunez bizi dut. Eta horri kolaboratzaileak eta bazkideak gehituta… ezin zitekeen kalitate txarreko produkturik argitaratu komunitate lanetik; #damolakit eta #datsegit. Eta zer demonio, lotsa barik: #daproposat
.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude