Interneteko bideo-publi honekin kale

Milaka bisita izan duen bideo bat izan dugu egunotan Goienan. Sokamuturrek (bagenekien) badute erakarmena, nonbait, eta bereziki zezenak norbait harrapatu badu. Goiena telebista grabatzen zegoen Bergarako plazan eta mutil bat harrapatzen duen momentuak bisita asko izan ditu; bestetik, hor dabil whatsappez hara eta hona. 6.000 bisitatik gora webgunean, bideo bi egin genituen eta 3.000 aldiz-edo ikusi da… Eta milaka gehiago ikusiko da ze bere bizitza propioa izan du bideoak… Ez dakit ba sare sozialak kontuan ez hartuta ondo egin ote dugun…

Natorren ba zezenez barik komunikazioarekin, markarekin eta publizitatearekin zerikusia duen aipamen batekin. Horrela jaso genuen guk erredakzioan:

  • Bideoa lehen orduan grabatu eta editatzen geunden.
  • Bideoa argitaratu edo ez zalantzan egon ginen. Eztabaidatu genuen.
  • Enteratu ginen ospitalera deituta ez zeukala ezer larririk mutilak (haginen bat eta puntu batzuk, golpeak…).
  • Sareratzea erabaki genuen, mutilaren aurpegia pixelatuta.
  • 19 segunduko bideo motza egin genuen Interneterako, hainbat plano kenduta (irudi gogortxo batzuk…). Telebistako informatiborako luzeago atera genuen.
  • 26 segunduko publizitate bat sartu genion aurrean Internetekoari. Publizitate hori Bergarako gaiekin lotutakoa zen (Bergarachef iragartzen zuena), oso egokia herri berekoa zenez. 2.000 aldiz baino gehiagotan ikusi da.
  • Erredakzioz kanpoko inork ez du ikusi bideo hori pixelatu barik, ezta publiko egin  ez ditugun segunduak . Hala ere, oso denbora gutxi behar izan da golpea hartu duena zein den identifikatzeko eta whatsappez izen abizenekin ere ibili da. Asko mugitu da.
  • Hori dena jakinda, bigarren notizia baten eman genuen osasun agiria jaso zuela eta etxera bidean zela Soraluzeko Ibai Kortabarria zezenzalea. Notizia goiena.eus-en eta Goiena Telebistan ere eman genuen.

Kale egin dugu publiarekin?

  • Ez dugu kale egin publia jartzen, izan ere bizi egin behar dugu hedabideok eta publizitatea derrigorra da goizeko orduetan sokamuturra grabatu, gero editatu eta doan eman ahal izateko milaka bezero horiei.
  • Kale egin dugu ze berez da luzea publi hori sarerako. 26 segundu asko dira Interneterako (ez telebistarako). Komertzialek hori badakite ze esan ere egiten digute. Oraingoan prozesuaren zatiren baten ihes egin digu, hala ere, denborarenak. Publi hori denbora erdia baino gutxiagoan utz zitekeen. Ulertzen dut hainbatek salto egin dutela publizitatea (5 segundu ostean horretarako aukera ematen dugu).

Kale egin dugu markan

  • 26 segunduko publia 19 segundu ikusteko… gure azken bezeroari lartxo ordainaraztea da. Jakin badaki ikus-entzuleak doan informatzen dugula Goienatik, baina doakotasunak baditu beste ordain formula batzuk… Garesti ordainaraztea da 26 segunduko itxaronaldia.
  • Publia bera asko ikusi da eta alde horretatik efektiboa da; hala ere, denbora kendu diogu ikusleari eta denbora gutxiagoko iragarkia efektiboago izango litzateke. Gutxiago gehiago da kasu honetan.
  • Markari kalte: Bezeroaren buruan pertzeptzio hau geratzeko arriskua: “joe Goienakoak, publi luzeak janarazten dizkigute”. Eta gure markari kalte ez egiteko beharko luke “joe Goienakoak, publi motz bat ikusarazi digute, baina zelako irudiak grabatu eta zabaldu dituzten”. Hau dena esan ez da esaten, baina asko interesatu beharko litzaiguke jendearen buruetan geratzen denak.

Zer ikasia ematen digun ondorioa

Ondorioa? Erabiltzaileren batek bideoa editatu, publia kendu eta whatsappez heldu zaiguna bueltan da: publi gabeko bideoa.

Badu Goiena telebistaren eulia goian, ezkerrean, originalak moduan. Bideo horretan bai, hor guk zaindu ez dugun marka zaintzeko aukera eman digu komunitateak. Ikasteko balio izan digu, behintzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude