Horixe da errealitatea. Fagor Etxetresnek ez dute lehen beste saltzen eta ez saltzeari beste hamaika arrazoi gehituta heldu da lan etena. Demasa da 2.000 lagun langabezian izatea gaur. Horrek eskatzen du mimoa, babesa eta elkartasuna pertsonekiko. Dena beharko da. Bestelako daturik ere badago, hala ere. Esaterako hauek:
- Mondragon Taldea saiatuko da dagoeneko langabezian dauden Fagor Etxetresnetako lankideak birkokatzen.
- 1956an sortu zen Fagor Etxetresnak (hasieran Ulgor): 57 urte.
- Bost lantegi Euskal Herrian; zortzi Frantzian, Polonian, Marokon eta Txinan.
- 2000 lagun langabeziara, momentuz. 80.321 laguni ematen dio lana Taldeak, %42 EAEn.
- Krisia hasi zenetik %20 gutxiago kobratzen zuten Fagor Etxetresnetako langileek.
- Fagorrez gain beste 70 enpresa daude Mondragon Taldean. Fagorrek, Taldeko salmenten %8,1-eko jarduera du
- Mondragon Taldeak EAEko Barne Produktu Gordinaren 3,2 du.
- Mondragon Taldea Industriako Barne Produktu Gordinaren %7,3 da.
- Korporazioan 2.096 ikerlarik dihardute lanean. Berrikuntzan apustu sendoa.
- Estatuan 21.000 kooperatiba zeuden ekainaren 30ean. EAEko enpleguaren %3,5.
- EAEko Industria inbertsioen %10,7 Taldeak egindakoa da.
- 2012a amaitzeaz, 210.000 lanpostu zuzen zuten kooperatibok.
- Lanpostu kopurua jaitsi dute kooperatibek, baina enpresa merkantiletan baino %12 inguru gutxiago.
- Lan kooperatibek 8.000 lanpostu berri sortu dute azken urtean. Arrazoietako bat da kiebra egoeran zeuden hainbat pasatu direla kooperatiba izatera.
- Ez da egia bazkide langileak baino gehiago direla bazkide ez direnak. Bazkideak %83 dira, bazkide ez direnak %27. Beste datu batzuk zeuden orain urte batzuk, hori ere horrelaxe da.
- Bazkideen %49 emakumezkoak dira.
- …
- …
Eta jarraituko dugu entzuten kooperatiba ereduak ez duela balio? Berraztertu bai, hobetu bai, autokritikak egin bai… baina ereduak etorkizuna du, zalantza barik. Baita kasu puntual honetako pertsonetan inbertsioa egitea ere.
Kontua ez da entzuten ari garen moduan “Arizmendiarrietak burua altxatuko balu…” edo bai. Altxatuko balu kontua ez litzateke kooperatibismo zaharraren esanahiak berpiztea baizik eta oinarrizko balioak interpretatzea gaur egungo baldintza sozioekonomikoetara egokituz. Erronka ekonomiko-enpresarialak merkatuak jartzen ditu eta aurre egin behar zaie; era berean, identitatearen aldeko apustua egin behar du kooperatibak. Batak bestea elikatzen du eta besteak bata.
Bazkideen iritziak ere entzuten ditugu egunotan. Goienan hainbat eman ditugu eta denak ezberdinak. Enpresaren parte direlarik eta komunitate sentimentudunak batzuk, baina ez guk jasotako iritzien gehiengoa (nahiz eta horrek ez duen esan gura lagin hori orokortu daitekeenik), esango nuke. Asko dira isilik egoteko hautua egin dutenak eta horiek asko esan gura dute, seguru.
Arrasateko Kooperatiba Esperientziaren partaide izatetik entzun ditut berbetan, baina, ez denak. Ez ditut entzuten, bestalde, kooperatiben norabideaz ordu askoko lanak egin dituztenak, ez ditut entzuten goi karguak, ez ditut sumatzen kontseilu errektoreetakoak… eta esango nuke ona litzatekeela hauek ere bere partea jartzea enpresa-iritzia emanez eta baita enpresa-izaerako komunikazioez gaindi ere.
Gaur ere garrantzia du erretratu honek. Fagor Taldeak badaki, baita Mondragon Taldeak ere. Animo!
Argazki hori jarri behar zenuten Goienako azalean, eta ez dena beltzez margotu. Oso tristea zen ostiraleko Goienako azala. Uff…. depresioa eta tristura areagotzeko ezinhobea! Langileek ere baztertu dute kolore beltza. Berdea nahiago.