Gure musikarien historia minorizazio historia da

“Klase ertaina desagertu da euskal musikaren zirkuitutik” gogoratzen zigun Jon Eskisabelek (segi idazten, Sam) Anariren hitzak hartuta. Jende asko edo gutxi joaten ei da kontzertuetara eta neurririk ezin hartu. Garairik onenak pasata dituzten musikariak aipatzen zituen: “Joseba Tapia, Jabier Muguruza, Mikel Urdangarin, Anje Duhalde, Txuma Murugarren edota Mikel Markez”. Eta dezente luzeagoa da zerrenda, oso gutxi libratzen dira. Esango nuke musikari-sortzaileak garai onean daudela; gutxiago, baina antolatzen direla kontzertuak eta kale egitekotan jendeak egiten duela kale. Baina zer egiten dugu jendeari errua botata?

Formatu txikira eta tabernetara bueltatu behar duela iradokitzen zen artikuluan eta ez dakit ba. Uste dut kalte egiten diogula sorkuntza lanari horrelako irtenbideetara makurtuz. Sortzaile handi horiek kultura errota moduko ekimenetan ikusi behar ditugu Euskal Herriaren luze-zabalean? Hori da “orain dagokiguna”? Kultura errotan parte hartu behar ez denik ez dut esango, baina harantzago begiratu behar dugu, tabernetatik eszenategietarantz.

Krisia kultura kontsumo aldaketetan badago, gazteenek eta ez hain gazteek nahiago dute zinema komertzialetan Super Combo handiarekin Coca Cola edan, lokaletan play batekin jolas egin edo telebistari mozolo-mozolo orduak eskaini. Entzun berri diot Literaturian Gotzon Barandiarani bizitzeko behar dugula kultura, “jatea edo edatearen parean” eta “jendartearen ongizatea bultzatzen badugu kultura bultzatu behar” dugula. Ados, baina nago ez dugula euskal kultura (literatura, kantagintza, antzerkigintza…) gozamen moduan saltzen. Bai, ez da nahikoa egitea, SALDU ere egin behar da. Zinean gozatu dut “Gazta zati bat” politikoa ikusten eta ondoren filmaz berba egiten, gozatua izan da Morau eta Balerdi Balerdiren kontzertuaren parte izatea, ederra Xabier Montoia norberari kantatzen entzutea. Baina zein da saltzen dugun irudia? beharbada deitu geniezaioke: irudi kultureta. Eta positiboa behar lukeen kultureta hitza hain urrun dago Combotik, Wii-etatik…

Saldu aipatu dut, baina nork saldu? Hedabideek asko lagundu dezakete honetan, baita kontzertuak mimatzeaz gain zabaltzeaz edo ageriko bihurtzeaz arduratzen diren antolatzaileek (kartelak, webak, sare-sozialak…)… Baina musikariek? saldu behar dute beraien burua musikariek? non ikusi dira elkarrizketa bat proposatzea “marroitzat” duten musikariak? Herri batera joan eta antolatzaileekin zein ikusleekin harremanak izatea putadatzat dutenak? Twitterren perfil bat zabaltzea eta kontzertua non duten tuiteatzea frikien kontua dela uste dutenak? Blog baten iritziak idatzi, argazkiak erakutsi, edo zaleei kasu egitea planteatu ere egiten ez dutenak? Harreman osoa managerraren esku uzten dutenak?
Sortzaileak saltzaileago izateak ekarriko luke hedabideetan ere leku zentralagoa eta sakonagoa izatea. Sortzailea bera hasi behar da lantzen euskal musika, eta kultura oro har, agerikoak izan daitezen eta jende gehiagorengana heldu. “Izan media”

Ez dakit zeinen eskutan utzi duten sortzaileek komunitateak sortzea, baina beraien egitekoa ez dela pentsatzen badute ez diote hausporik ematen euskal kulturari. Noski, orokortzea… Esaterako, Berri Txarrakek zelan mimatzen duen bere jendea ikustekoa da; edo talde-lan bat aipatzearren, herriz herri lagunak eta lagunak dituzten bertsolariak. Adibide hau aipatu nuen lehen ere. Hauek ez dute administrazioen esku utzi komunitateak sortzearen langintza, izan ere, ikusten dihardugu zer egiten ari diren herri-administrazioak, Aldundiak… Inork bereizi dezake EAJk egiten duen politika, PSErena edo Bildurena? Ez dut bereizketa handirik sumatzen. Nola liteke euskara eta kultura oinarri duten taldeei jaitsierak aplikatu eta udaltzainei ez aplikatzea, edota Aldunditik %10 jaistea zinemaldiari eta kultura departamentu osoari %40? Ez digute “euskal” marka indartzen laguntzen eta tamalgarria da. Irtenbidea ez da etorriko politikatik, baina gutxienez euskal kultura zentroan jarri eta laguntzak biderkatzea dagokie berba loratuetatik haratago eginez.
 
Gure kulturara publiko gehiago ekarri behar dugula pentsatzen dutenetakoa naiz ni. Jakina da hizkuntza dugun letxe gure musika ere minorizatua dagoela, baina jokatu beharko genuke egoera orekatuagoa bailitzan. Hau tranpa dela usteko duenik ere bada, baina musikak eskatzen du argi koloretsu eta distiratsutik, dezibelio egokitik, eszenategi zaindutik… Distira ere behar dugu euskal musika minorizaziotik ateratzeko, eszena mimatzea eta akaso sortzaileek egiten dituzten disko landu horiek bere osotasunean defendatzeko tabernak baino gehitxoago ere beharko da.
 
Noski, Urretxuko Fox (ez dut ezagutzen…) moduko antolatzaileendako biba! Fox, hainbat Gaztetxe, kulturgune txiki… behar dira eta duin egiten duen jendeak laguntza ere behar luke beren (askotan borondatezko) lanari txispak ateratzeko. Asko dira sortzaileak etxean bezala sentiarazten dituzten antolatzaileak, dituzten baldintzarik hoberenak luzatuz, musikarien larruan jarrita eta emanaldiarekin gozatzen dutenak. Eskerrak.

One comment on “Gure musikarien historia minorizazio historia da

  1. leire(e)k dio:

    Aupa, Iban!
    Zenbat gauza esan dittuk! Konforme nagok ixa guztiakin, baiña uste juat kulturak gune txikixen premiñia dakala. Zer esanik ez, gune haundixena.
    Begittu, oin 25 urte kontzertuak edonun egoten zittuazen, askotan zarata hutsa baiño ez ziranak. Kontzertuetara juatia modia zuan, eta hori zuan ona. Oin, makrokontzertuen modia etorri dok, eta hori dok guaixa, gure edadeko jentiandako, dirutxua gastatzeko moduan gagozelako, eta gaztetako “mobida” horren faltia igartzen dogulako. Baiña, jakiña, mokro hórretan euskal talderik ez dok iñoiz (oiñ atxakixia jakaguk Madonna ikusteko :-)).
    Alde batetik, pentsatzen juat eredu Bretaiñarra biharko gendukela. Oporretan bertan egon giñanian haluzinau egin genduaan: musikia edonun, kontzertuak noiznahi…20 egunetan 3 kontzertu eta ez jakixat zenbat emanaldittan egon giñuazen! Eta ez gaittuk melomano zoruak. Musikia etorri egitten zuan gugana, eskatu barik!
    Bestetik, esangurako neukek aittatu duan “kultureta” izate hori egixa dala. aurten nahiko ikasle gaztiak jittuaraz, eta askok (ez danak, zorionez) musikia, liburuak, antzerki eta abarrak ikustia matzianuen kontua dala pentsatzen juek. Eta euskeraz, zer esanik ez! Txarrena dok, asko eta asko B ereduan ikasittakuak dirala, eta nik ez jakixat zer trasmitidu detsen, baiña gure kulturia ez. Ez juek ezer ezagutzen: ez kanta, ez liburu, ez ezer. Penia, demasa!
    Zelako txapia! Ondo segi, wapo!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude