Oraingoan ere Sarasuar batek eman dit ba blog honetan idazteko puntua. Aurrekoan Aitor Sarasuaren bertsoak ziren. Oraingoan Jon Sarasuaren koplak. Faktoria saioan entzun berri ditut eta erdizka entzun… Faktoriako lagunei ia non dauden galdetu eta zast! segituan esan didate hemen zeudela: Imanol Epelderen blogean.
Aurretik, zerbait irakurri nion Andoni Egañari ere Berrian. Egia esan, Egaña, txaloei zentratuagoa txistuei baino. Hauxe azken puntua:
Min hartzen dutenen aldekoa naiz. Ulertu ezinik
geratzen direnena, finean, fin ari direla uste dutela adierazten
duelako. Horregatik jotzen dut naturaltzat Kutxa Fundazioaren gizarte
alorrerako eta komunikaziorako arduradunak azaldu duen arrangura eta
gogoetarako nahia. Naturaltzat jotzen dudan bezala, txistu jo nahi
duenak txistu jo ahal izatea, eta jotzea. Izan zen beste kontu bat
Illunben, egiazki berria, niretzat esanguratsuagoa eta luzera arrisku
handiagoak ekarriko dituena: agintari batzuei txalo jo zitzaien. Eta
horrek bai ez duela erremedio onik!
Eta Jon Sarasuak, berriz kopla hauek kantatu ditu “piskat estutu ezkero hi izan hinteken horri”
beti ere interesgarri eta libre jarduteko modua ematen duten Putzuzulo Amets Fabrikan. Kopletan jarduteak oinetakoetan harri txintxarrak izatearen pareko omen, edo lokatza aipatu daiteke, edo fregatua, edo..:
Kargudunek erregalo.
Zein jator zein txorimalo
bereizi ezean, malo.
Lasai jo batzuei txistu
ta beste batzuei txalo.
Sari banaketan doa
min subliminal mordoa
baezpare itxi ahoa.
Prudentziaz oholtzan kantuz
ez da aipatzen laidoa.
Bertsogintzaren elizan
progresismoa kalizan
ta kontsentsua gerizan.
Ardi beltzen artaldean
zeinek nahi du txuri izan?
Txistujotzaile petoa
bi hankadun panfletoa
ia dugu etxekoa
distantzian begiratuz
espezimen konpletoa.
Txistulari txistulari.
Honi, horri edo hari
lehen instituzioari.
Ta orain sinpleki
hire alderdiko ez denari.
Txistu-jotze anonimo.
ausardizko keinu irmo
laido izkutu maximo.
aurpegira egindako
mintzoaren antonimo
Ematen du ba zer pentsatua txistuek zein txaloek. Ni denei txaloak jotzearen aldekoago. Eskerrik asko, Imanol Epelderi hau dena jaso eta zabaltzeagatik.
Beti esaten dut, zorionez edo zoritxarrez, kasu askotan, instituzioengatik jasotzen dugula diru pila bat aurrera egiteko. Ez dut uste txistuak merezi dituzten (noizean behin bai), baina zuk esaten duzun moduan, txaloak jotzearen aldekoa naiz.
Ez zait ez gaizki ez ongi iruditzen Kutxakoei txistu egitea, baina
batzuek (edo askok) hala egiten badute, errespetatzen dut. Ez zait ez
gaizki ez ongi iruditzen Aldundikoei txalo egitea, baina batzuek (edo
askok) hala egiten badute, errespetatzen dut. Sarasua eta Egaña apaizek, ordea, badakite non dagoen ongiaren eta gaizkiaren arteko muga eta hor ari dira beraien idealera iristen ez diren jardunbide eta jardunmoduak egurtzen, mini faxismoa eta halakoak aipatuz. Negargarria, benetan.
Gainera, gauza bat esango dizut, egia berdaderoa dena. Sarasua eta
Egañaren moskeoa dator Aldundiak egin behar duen erreforma fiskaletik;
bertsolaritza “ikuskatzen” hasiko ote diren, badakizu, diru beltzez
beteriko xobreak eta…, urteak joan eta urteak etorri, plaza eta plazatxo
guztietan egin duten dirutza (bai, dirutza) deklaratu gabea. Kontuak
horrela, normala da beraiek Kutxakoaren aldean jartzea, eta Aldundiari
jotako txaloekiko urduri. Noiz deklaratu behar dute irabazten duten diru
guztia bertsolariek? Hala sos horiei ere, behinola apaizei ematen
zitzaien hamarren haien parekotzat jo, eta ezikusi egin behar diegu?
Kritiko-kritikari-koblakari, ekin iezaiozue zuen etxeko trapu zikinak
ateratzeari…
Agian berandu nator eztabaida honetara, baina tira, badaezpada ere nire iritzia eman nahi dut.
Izugarri poztu naiz kopla hauek entzutean. Kontua ez da masokismoa edo pontifikatzea, autokritikarako gaitasuna izatea baizik.
Eta autokritika horren behar handia ikusten dut gure artean.
Txalo-txistu kontu horretaz haratago, iruditzen zait bertsozaleen artean “artalde” jokabideak indar ikaragarria duela. Kiroletan bezalaxe. Talde bateko kideek beren zaletasuna adieraztea oso egokia eta beharrezkoa ere iruditzen zait. Eta jolas horren bidez geure artaldetasun hori ateratzea ere bai.
Baina bertsolaritza bezalako jarduera batean ez. Hor ez dut egoki ikusten “gu ta gutarrrak” hainbeste goraipatze hori, eta “besteak” sistematikoki egurtzea.
Joko sinplista iruditzen zait, eta gainditu beharrekoa.
Alde horretatik, Sarasuaren ekarpena izugarri interesgarria iruditzen zait, zirikatzeko, pentsarazteko, eta finean, bertsolaritzari duintasun are eta handiagoa emateko.
Jonek ausardia erakutsi du, eta oso eskertzekoa iruditzen zait ausardia hori.
Zorionak, Jon!