Agustin tabernaria gustatu zait

“Etxeko hautsa” liburutik:

Agustin bizkarra emanda zegoen ni sartu naizenean, baina ez dakit nola, nire presentziaz jabetu da, eskua jaso baitit ia begiratu ere egin gabe. Tabernari onenen sena du. Inor atetik sartzen ikusi ahala, lagunak usaitu egiten du bezero berriak solas pixka bat nahi duen edo bakardadea. Sentimental hutsa da, Casablancako Rick tabernaria bezala. Konbentzituta dago bukatzen ari dela garai bateko tabernarien kasta: ardoa zerbitzatzeaz gainera, bezeroen konfesore, aholkulari eta adar-jotzaile direnen leinu zaharra. Agustinena. Esaten du asko aldatzen ari dela tabernaren negozioa ere. Sasoi batean, zerbitzatzen zituzten ardoak apalak izango zirela, halakoak zirela garaiak ere, baina ez zutela inor engainatzen. Oroz gain, tratu humanoa zela taberna batek eskaintzen duena, berdinetik berdinerakoa, eta edariak ez zirela tratu horren parte bat bestetik.

—————-

Zenbat pasarte on. Gustatu zait liburua. Gomendatzekoa edozeini, euskarari txirbilak ateratze dizkion horietakoa eta ez euskarari bakarrik: idazleak bere zilborra ispiluaren aurrean jartzen duela dioenekoa, edo idaztea distantzia hartzea dela, edo kazetariek beti alibi bera erabiltzen dutela, edo gorputza bizirik eta sano eta burua pentsatzeko aukerarik gabe definitzen duenekoa, heriotza, zoriona, Katxasen deskribapena, auto barruko izerdi-hotza, misterioa, pertsonaiaren barne-mundua, aita-seme erlazioa… eta galderak eta galderak.

Liburuaren prentsa-ebakinak-eta aurkituko dituzu lotura honetan. Baita erosteko modua ere paperean zein digitalean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude