Hankak ditut mugitzen hau idazten nagoela. Tapiaren “Maritxu tabernerea” jarri du dantza gidariak, Patxi Monterok. Trikitia da dantzan egin daitekeen bat, baina ez bakarra. Kataluniako Ball Rodó, Alunelul errumaniarra, Pasodobleak,
baltsak, fandango eta arin-arina, porrusalda, Bretainiako Hanter Dro, Ameriketako Estatu Batuetatik polka bat, borobil zirkasiarra… eta harrapatuta naukaten jauziak eta jauziak eta jauziak.
Domeketan izaten da, hilean behin. Hileko azkenengo domeka. Espaloia kafe antzokian batzen da dantza hauek erraz-erraz egin gura duen jendea eta zelako izerdiak! Edadetu gazteak, ume gazteak… Alboko herrietatik etorritako jende dezente, Bilbotik ere bai dozena erdi, eta herritarrak ere bai, zelan ez. A! eta ez dantzara etorritakoak bakarrik, gustura asko kafetxoa hartu eta dantzaldia ikusten egoten direnak ere makina bat dira. Erromeria bat, horixe, erromeria bat.
Azkartxoa Tapiaren kantua. Eta orain beste bat, buelta, klaro. Aprobetxatuko dut deskantsurako hau ere bizkor xamarra da-eta! “Aspaldi galdua da Elgetaren kasta…” dio kantuak Jazinto Rivas gogoan. Eta amaitu dezadan blogeko sarrera hau. Bozgoragailuetatik ahots sarkor bat. Aibalaletxe! Manuel Lekuonak Ondarroan batutako pieza da! Balseora Ana Juanixerekin (Hiru truku).
eta tiro eta tunba
Hurrengo astea dantzarako ez dakit izango den, baina Joseba Tapia bere lan berriarekin izango dugu Espaloian, diskoa aurkezten. Gogoz nago ia zein proposamen dakarren. Urriaren 3an aurkeztuko du “eta tiro eta tunba”, arratsaldeko 19:00etan Espaloian. Ze ondo!
Hasi zarenez, atzoko dantzaldiko errepertorioa: biribilketa (Aiko taldearen doinuaz) // Ball rodó de Menarguens (Lleidako herri horretako korro dantza) // Zazpi jauziak (Aintzindarien doinuaz) // Chapelloise (Kanadako Le Vent du Nord taldearen doinu bat hartuta, urrian Galdameseko folk jaialdian izango direlako aitzakian) // Scottish edo txotisa // Ingurutxoa (Maritzuli konpainiak Aurrez Aurre ikuskizunerako sortutakoaren moldaketa, erraztuta) // Hanter dro (bretainiarra, Italiako Spakkabrianza taldearen doinuaz) // Ahünza (edo Grabo, jauzia) // Pieternelle (flandriarra, Shillelagh talde gozoaz) // Cumberland reel (‘Iturria’ izenez ezagun egin dena) // Danse du ramon (polka joko dibertigarri waloniarra) // Hegi // Farkas jatek (bikote joko hungariarra) // Borobil zirkasiarra (hau ere gure artean dagoeneko ezaguna, Shillelagh taldearen doinu ederra hartuta) // Zuberoako branlea (amaiera solemnea, Aikoren bertsioan) // gehi aipatutako trikitixa, porrusalda, bals eta pasodoblea.
Guztira, hogei pieza (18 – 20, hor ibili ohi da beti). Baltseuan, zein sueltoan, zein korruan. Publiko guztientzat. Pasodoblea, eta dantza jokoak. Euskal Herrikoak, eta Europako beste bazterretatik jasotakoak. Kultura erro beretsua dugulako, eta oso erraz sentitu ditzakegulako geure bezala, eta berdin gozatu.
Hurrengo saioko errepertorioa? Beti egongo dira ‘baltseoko dantza’ klasikoak (balsa, pasodoblea, akaso polka, scottisha, habanera, foxa…), normalean egongo dira triki eta porrua, beti egongo dira Chapelloise, borobil zirkasiarra, ‘Iturria’…, beti egongo dira jauziak (gero eta landuagoak, espero), beti egongo dira joko dantzak (polkak, edo esku dantzak…). Eta beti egongo dira beste euskal dantza batzuk, txandaka. Eta beti joango gara ekartzen Europako bazterren batetako dantza berriren bat (zerrenda luzea daukat itxarote-zerrendan, txanda noiz ailegatuko).
Beraz, neurri batetan beti antzekoa… baina beti berria.
Beti grabatu ohi ditut bideoan saioko zatitxoak. Eta gero etxean ikusten ditudanean, beti pentsamendu bera: “Ze gauza ederra sortu dugun!” Ze ederra den elkarrekin gozatzen ikustea, herri ezberdinetatik etorritako ‘ezezagunak’, ume txikiak eta gazteak eta helduak eta nagusi oso helduak, orain honekin, gero bestearekin, guztiak nahastuta. Eta bideoan gehien ikusten dena, edo behintzat nire begirada gehien erakartzen duena, aurpegi guztietako irrifarrea, poz aurpegia.
Ze gauza polita egiten dugun!