Horixe igarri dut gure mugen ondo-ondoko herrian, kultura bor-bor dagoela. Mundumira izan daiteke gehien gerturatzen zaiona Debagoienean Elorrioko Musikaireri, baina ez, oraindik asko daukagu ikasteko. Eskoriatzako Errekan Gora ere baliteke antzerako helburuekin sortu izana, baina anaia txikia da oraindik, behinik behin. Musikairek aire freskoa du, egiten dakien jendea dago, argi daude urtetako eskarmentuekin garatutako ideiak, argi dago zer gura den kontatu eta zelan zaindu behar diren ekitaldi guzti-guztiak, badakite ateak zabalik dituen plazak direla kulturarako berreskuratu gura dituztenak. Inbidia sanoa ematen du kulturatik pentsatutako ekitaldi sorta honek. Gustatzen zait dozena ekitaldi egun gutxitan kontzentratu beharrean hilabetean zehar programatzea (jaien estiloa barik kultura programazioa dago atzean). Polita euskaratik pentsatu eta munduko artistak izatea oinarri: Aziza Brahim, Ruper Ordorika, Joni Zenet, Anari… Mundu bat irudikatzen da eta herri bat erakutsi. Herriko paraje ezkutuak ere publiko egin, argiztapenarekin zaindu, erosotasuna eta soinu ona bermatu…
Antolatzaile profesionalak eta amaponteko onak elkarlanean: enpresa pribatuak, batetik; erakunde publikoak, bestetik. Jasotzaile eta hein baten eragile, berriz: herria. Herritarrek eta mugako herritarrok, hau zortea!
> EAE-n 15.000 musika ekitalditik gora antolatzen dira urtero-urtero. Euskal Herriko taldeak izaten dira hirutik bat baino gehiago. Eta ez dagoela eskaintzarik esango dugu, baina ez dagoena da zaindutako eskaintzarik, ze kultura ez da txurroak egitea.
> Ordorika izan zen aurreko astean munduko musikaria Elorrioko plazan. Jendetza handia ikusten eta emanaldi ona. Artista segurua Musikairerako. Eta euskara ere segurua da produktua landua dagoenean. Ondo sortua eta ondo garatua.
Goienkariarako artikulua
Eta oraingo astean hauek ere bai: