Elkarrizketa Berrian: Euskaldunak onak gara tresnak geurera moldatzen, ez ordea saltzen

Elkarrizketatxo bat egin didate Berrian. Aitzakia ona blog honi jaten emateko ze aspaldian mezu gutxi jasotzen ditu… 🙂 Edu Lartzanguren kazetariak egin zidan elkarrizketa eta argazkia Juanan Ruizek (paperean bakarrik). Hauxe han jasotakoa:

Iban Arantzabal. Kazetaria: Goiena komunikazio taldeak jakin du Internet eta beste hedabideak uztartzen. Ikus-entzunezkoen zuzendariak azaldu du nola.

Titularra: «Euskaldunak onak gara tresnak geurera moldatzen, ez ordea saltzen»

Goiena komunikazio talde euskalduneko ikus-entzunezkoen zuzendaria da Iban Arantzabal (Elgeta, Gipuzkoa, 1975). Debagoienean, Goienkaria
aldizkaria argitaratzen dute, eta GOIENA telebistaren eta Arrasate
Irratiaren edukiak ekoizten dituzte; Interneten hainbat gune kudeatzen
dituzte; besteak beste, Goiena.net.

  • Ohiko hedabideak Internetekin uztartzen dituzue aspaldi Goienan. Nola egiten duzue hedabideen arteko sinergia lortzeko?

Ulertzen dugu zentroan beti dagoela notizia, edukia. Eduki
horrek ditu, gero, hainbat tresna adierazteko. Edukia bat da, eta
hainbat hizkuntzatara moldatzen dugu: irratiaren hizkuntzara,
telebistara, paperera eta Internetera. Internet beste hedabide bat da,
gure ikusle-entzule-irakurleengana heltzeko beste modu bat.

  • Lan egiteko duzuen era hori izango da etorkizunean hedabide guztien eredua?

Ez. Ez da etorkizuneko eredua izango, gaurko eredua delako. Guk ez dugu ezer asmatu, ordea. The Daily Telegraphek eta New York Timesek,
esaterako, eredu hori erabiltzen dute. Guk gurera egokitu dugu
filosofia hori, ez kopiatu. Ez dakigu hori biderik onena izango ote
den, baina ikusten dugu bidea izan izango dela.

  • Prentsa eta beste hedabide handiei hil ala biziko kontua bihurtu zaie ohiko hartzailea Interneten ez galtzea.

Orain arte ikus-entzuleak edo irakurleak bananduta zenbatu izan
dira. Guk, esaterako, 65.000 irakurle ditugu paperean, 8.000 ikusle
egunero gure telebistan, eta egunero 2.000 bisitaritik gora Interneten.
Baina zenbat hartzaile ditugu? Horien batura. Hartzaile bakoitzarengan
heltzen gara modu batera, eta hori da interesgarriena gaur egun.
Hartzaile ezberdin gisa hartu behar da bakoitza, batek Internetik
jarraituko baikaitu, beste batek, Internetik ez eta paperean, eta beste
batek telebista aurreko sofatik ikusiko gaitu. Gainera, bide berriak
ere etorriko dira.

  • Zer bide berrirako prestatzen ari zarete?

Sakelako telefonoa iraultzatxoa izango da oraindik. Ekimen
txiki batzuk egiten ari gara, gure informazioa telefonoaren bidez ere
zabaltzeko. Etorkizuna ere horietatik etorriko da; ez daude alferrik
horrenbeste Iphone edo bestelakoak salduta munduan. Kontuan izan behar
dugu telefonoan dagoeneko bideoak, podcastak eta edozein gauza jaso
dezakegula. Guk zera nahi dugu, aurrean egotea, ez geratzea lo.

  • Horrela ibiliko den kazetari batek irudiak, soinuak
    eta hitzak lantzen aditua izan beharko du. Ez al da hori ezinezko
    superkazetari bihurtzea eskatzea?

Ez. Zer eskatzen zaio bada gaur kazetariari? Ulertzea ekonomiaz, Interneteko azken freak-eriaz,
udaletxetako hainbat batzordeetako gaiez, arteaz… Posible al da hori?
Zer da errazago, horrenbeste gaietan aditua izango den kazetaria
bilatzea edo hainbat tresna menperatuko dituena bilatzea? Nire ustez
askoz errazagoa da bigarrena. Gai batean aditua den kazetariak
erabilita, kalitatea hobetuko dugu, sinesgarritasuna handituko dugu,
eta hartzailea pozez egotea lortuko dugu.

  • Zer egin behar dute euskarazko hedabideek, gaur,
    Euskal Herrian, gaztelaniazkoei aurre egiteko? Aldaketaz baliatuta, ba
    al dago bidezidorrik?

Bizkorrak izan behar dugu. Hor egon, aurrean, eta geure mugak
zabaldu. Ez dugu gertu-gertura begiratu behar. Izan ere, gauzak bizkor
aldatzen ari dira, guk uste baino azkarrago. Jende ona dago hemen azken
tresnak geurera moldatzen, baina ez dugu asmatzen egiten duguna
begibistan uzten. Zer edo zer egiten dugu, baina hori saldu behar dugu,
eta hor dago geure arazotxoa.

  • Interneten kopuruak oso garrantzitsuak dira;
    esaterako, Wikipediak funtzionatzen du, horretan dabiltzanak milioiak
    direlako. Ez al du horrek euskararen kontra jokatzen?

Nanoaudientzietan sinesten dut, eta uste dut gero eta garrantzi
handiagoa izango dutela. Blogena, esaterako. Asmatu behar dugu
nanoaudientzia horiek batzen, eta komunitate sendoagoak eraikitzen.

  • Egin daiteke hori, gaur hemen Interneterako loturarengatik kobratzen dutena ikusita?

Amsterdamen wifia edozein lekutan dago, eta aireportuan ere
doan da. Hemen ez, ordea. Lotsagarria da operadoreek kobratzen dutena.
Hor geure iraultzatxoa egin beharko genuke, inork zer esango itxaron
gabe: wifi komunitarioak sortu, esaterako. Egin egin beharko dugu.
Zergatik ez dugu lotura merkeagoa eta hobea? Ez dago arazo teknikorik,
merkatu legea baino ez da. Administrazioak ere zer edo zer egin beharko
luke, herrialdea atzera gelditzea nahi ez badu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude