Politika jarraitzen dut, edo hobeto esanda euskal politika. Tokikoago diren albisteak langai ditut, eta astean bat egin dute tokikotasunak eta politikak.
Bergarako epaitegiko leherketak gure atentzioa erakarri zuen eta baita han batutako kazetaritza egiteko modu xelebreak ere. Zuzenekoak egiteko 5 parabolika, kamara pila bat, kazetariak elkarrizketatuei berba handiak atera guran… Demasa! Kazetaritza egiteko modu ezberdinak daude, zorionez. Baita politika egiteko moduak ere.
Guk ere leherketa horixe genuen albiste eta saiatu ginen inplikatuei mikroa zabaltzen. Kaltetuei, herritarrei, kolore guztietako politikariei… Gura zuenak izan zuen mezua gertukoenei zabaltzeko aukera.
Ilegalizazioak epaitegiko leherketa tapatu zuen garrantzian. Ez da kasualitatea izango bariku hori aukeratzea Madrilek notizia emateko. Garrantzia handiagokotzat dut albiste triste hori eta baita gerora etorri diren atxiloketak ere, tartean ezagunak.
E-posta trukea izan dut lagun batekin eguerdian eta nik berari:
- Irabazten ete daren egoten nok pentsatzen aspaldixan.
Berak niri:
- Eurek irebazten ibilttiek enau hainbeste arduratzen. Geu galtzen gabizela jakittiek beste ez, behintzet.
Astelehena tristea izaten da, baina aste akabera hau ere…
Harrapatuta gauzkate, abertzaletasun osoa krisi sakonean dago, krisialdi latzean: ikuspegi ideologikoan, estrategia politikoan eta taktikoan.
Egoera politikoa bikain laburbiltzen duen artikulu zorrotza idatzi zuen Mario Zubiagak orain aste batzuk.