Euskarazko albistegietarako esku-liburua aurkeztu du EITBk

Gaur goizean han izan gara, EITBko MEGAestudioetan (inbidiaz diot hau). Hala ere, bisita gidatua agindu digu zuzendariak eta aurrerago idatziko dut horren gainean. Gaur EITBk gonbidatuta egon gara esku-liburuaren aurkezpenean. Esku-liburua? ez zen ba estilo-liburua? ba ez. Nik estilo liburua espero nuen, egia esan. Estilo liburu bat esango zuena nola eman pasoak albisteei, aurkezleen janzkeraz zerbait, hau edo beste albisteetan erabili beharreko irudiez, soinuari nolako tratamendua, elkarrizketak nola, argiztapena nola zaindu informatiboetan, informatiboetako kazetariek erabili beharreko erregistro ezberdinak… Ni estilo liburu baten aurkezpenera joan naiz-eta… Eta kale. Akaso horrelakorik ere beharko da ba… Neure akatsa bila joan naizena ez topatzea.

Liburua jaso dugu eta irakurri dutenen iritziak entzun ere bai. Akademikoegia ez izatearen onura ikusi dio Beatriz Zabalondok. Gaineratu du zehatza dela eta irudia eta soinua kontuan hartuta idatzitakoa. Juan Garziak zuzentasunetik haratago egokitasuna bilatzen dela esan du eta lortu ere lortzen dela. Kritikatxoa ere egin du Giputx-irratiak ere horrelakoren bat behar duela-eta. Jakin dugu lanean dihardutela irailetik. Rosa Miren Pagolak hizkuntza bizkorra erabiltzearen alde egiten duela esan du eta liburua ateratzearren zorionak eman dizkie egileei. Komentatu du azentuan, doinuan… gai suprasegmentaletan badagoela zeregina oraindik. Badugu bai zeregina.

Aholku emaile da liburua eta hori bai, hori demasa da! Ez du kazetaria mintzen “txarto dago, txarto dago, txarto dago” formula erabilita. Hori badu ona bai.

Nik bistazoa jo diot eta euskalkiaren atalaren bila jardun dut. Ez, oraingoan ere ez da tokatu. Eta ez diot nik Maialen Iriarte bizkaieraz berbetan hasi behar denik, baina badago kalera ateratzen diren kazetariek egin dezaketenik. Iritzi horretakoa naiz ni.

Liburua bai, liburua. Papera. Webgunean? ez. Ez oraingoz. Ez dute esan behintzat eduki hau sarean dagoenik eta nik ez dut aurkitu. Notizia atera dute eitb24.com-en. Beñat Oyharçabal ere egon dela irakurriko duzue -X noticia-X goiburudun berrian. Ba alboko tabernan-edo ikusiko zuen kazetariak, edo beste puntaren baten, benetan handia da-eta EITBko egoitza-eta…

Hori bai, liburua erabiliko dugu tokiko telebistok. Anaia handia(e)k egindako lanak beti dira ondo jasoak. Erabiliko genuke irratikoa eginda balego ere, eta baita inork aipatu ez duen Internetekoa. Esku artean daukadan hau ederra da eta eskarmentudun jendeak idatzia egoteak plusa ematen dio. Ez ditu 25 urte alperrik bete telebistak. Eskerrik asko zuen lana liburu batera ekartzearren. Zorionak Asier Larrinaga eta lantaldeari. Baita EITBri ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude