Maisu-maistren soldatak

Astean, eztabaida interesgarria izan dugu Goiena telebistako platoan: Ikastola-Eskola publikoa zen gaia, sakonean. Kasu partikularren bat tarteko ateratako gaia izanagatik jokoa eman zuen. Aurkezlearekin saioa landu nuenean gaiak zuen arriskuaz ere jabetu ginen eta erabaki: “gaia mahai-gaineratziak balio bihar bajok aldiak gerturatu eta gaiztotuta dagona apaltzeko izan deixela, bestela beste gai batera”. Izan ere, Goienan badugu audientziak erakartzen dituen zaratatik haratagoko lanik. Gaiak, hala ere, eman zuen.

Nik ikastolatik defendatzen dut publikoa eta publikotik defendatu dezaket ikastola. Ez nago itsu-itsuan bataren edo bestearen kontra. Zer irabazten dugu ba “beti-kontra” kultura horrekin?

Gaiaren barruan puntu bat aipatu zen sakontzerik izan ez zena: bataren zein bestearen, maisu-maistren, lan baldintzak. Gai hori aspalditik izan dut bueltaka buruan. Beti egin zait kuriosoa kuota baxuena kobratzen duten publikoetan soldata altuenak eta irakastegun zein ordu gutxien dituzten maisu-maistrak egotea.

Unibertsitatea

Ikastola-Eskola publikoaren gaiari ihes eginda, hasi naiz soldaten gainean zein iritzi egon diren begira. Horretarako unibertsitatea izan dut jopuntu google bilatzailean: Hainbat artikulu soldata urteko kilo bateko igoera eskatuz, hainbat huelga mehatxu unibertsitatean 2006ko kurtso amaiera aldera, aktak sinatzerik gura ez, sindikatuak ere funtzionarioen soldatak igotzeko eskatzen… Kontrara, artikulu bakarra. Esango nuke EHU eta dezentziaren langa artikuluak ez duela izan oihartzun handirik, baina interesgarria pentsatuta hemen lotura: Argia, 2045. zenbakia.

Handik zati hau: Nire lagun prekarizatu batzuek, euskalgintzako irakasleek, oraindik aurpegiari josia dute sei mila euroko eskaerak sorturiko harridura keinua. Harridurak haserre traza hartzen du zera entzutean: gehienek egin omen zuten greba eta ia guztiek kobratu greba eguna. Errektoretzak greba nortzuk egin zuten galdetu eta ia guztiek ezetz. Nobleziaren jarrera ez oso noblea. Kobratutako hori prekarizazio hazkorraren erruberapean bizi den gizarteak pilatutako dirua ere badela pentsatu nuen.

Gai zaharrari bueltaka gaur, edo ez hain zaharra ere.

8 comments on “Maisu-maistren soldatak

  1. Ricardo(e)k dio:

    Egia esan (eta ez adiskide dudalako), askoz gehiago gustatu zitzaidan Lourdes Oñederraren “Unibertsitate irakasleok” artikulua, txanponaren bi aldeak aurkezten saiatzen zelako, eta Joseba Azkarragerenak ez du halakorik.

    Bestalde, unibertsitate publikoko lizentziatu edo doktore batek Eusko Jaurlaritzak ordaintzen dituen gainerako lizentziatu edo doktoreen soldata berdina eskatzea negar egitea bada, ba tira.

  2. Ricardo(e)k dio:

    Bide batez, nortzuk dira (edo ez dira) “euskalgintzako irakasleak”? (Azkarragarentzako galdera da, badakit, baina…).

  3. arantzabal Iban Arantzabal(e)k dio:

    Rikardo laguna, eskerrik asko erantzuteagatik, ezeren aurretik.

    Azkarragarenak txanponaren bi aldeak ez dituela diozunean… Esango nuke oreka-emale den iritzi artikulu bakarra izan dela. Hau da, bestetik lartxo aurkituko duela bila dabilenak.

    Ezer ez aurkitzearen seinale da gaia ez dela ebatzen, seguruenik. Eztabaidarik? apenas. Egun bitan zure erantzuna bakarrik… Irakasleak (ez denak, bistan da) ez dira Internetera konektatzen? Edo bueno, etxetik ez, behintzat 🙂

    Lourdes Oñederraren artikuluak dio: Baina, tira, esan dezadan arazoaren zati bat zein den nire ustez.
    Unibertsitate-irakasleak irakasle eta ikerlari gara. Gure gizarte
    txikiegi honetan lotsa-edo ematen du hori norberak esateak, baina hala
    da. Gure eguneroko lanean badira ikusten ez diren buruhauste,
    lo-galtze, diziplina, hitzaldietarako urduritasun eta lan ordu piloa.

    Eta hori gertatzen da irakasleak ikerlari-funtzionario direnean eta baita irakasleak ikerlari direnean ere. Ezta?

    Bestetik, euskalgintzako irakasleena baino gehiago Azkarragak erabilitako, nahikotasunaren nozioa delakoa interesatzen zait artikuluan. Artikuluan termino hori larregi ez sakontzea pena izan da.

  4. Ricardo(e)k dio:

    Ez dut uste arazoa denik unibertsitateko irakasleek asteburuetan Interneten ez konektatzea. Asko eta asko (denak ez, seguru) daude asteburuetan ere lanean, etxean, Lourdesek aipatzen duen lan ikustezin horietan.

    Baina egia da irakasle asko ez direla sartu (oraindik?) blogintzaren munduan eta ziurrenik oso gutxik irakurri dute zure mezua. Eta hori ere pena da, eztabaida interesgarria sor litekeelako.

    Sinetsiko didazu esaten badizut nire departamentuko lankide askok ez dutela nire bloga ezagutzen?; ez diotsut noiz edo noiz sartzea, ez dute ezagutu ere egiten. Ez da negar egiteagatik, baina iruditzen zait egoeraren adibide adierazgarria dela.

  5. arantzabal Iban Arantzabal(e)k dio:

    Nire mezua ez irakurtzea normala da, Rikardo. Ez dakit hain normala den ikerlariek blogik ez izatea, ezta filologia irakasle-ikerlariek filoblogia ez irakurtzea, besterik ez bada filoblogiaren liburutegia zein den kotileatzeko. Baina ez, eztabaida ez da hori. Ez gaurkoan.

    Eztabaidarik egon ez izanaren ispiluetako bat bada Internet, eta badira egunkariak, irratietako eztabaidak, telebista edo nik emandako Azkarragaren artikuluan erantzunik ez egotea edo zuk emandako Oñederraren artikuluan zero komentario egotea.

    Eztabaidarik ez urteko 6.000 euro igotzeko eskatuz izan zen zalapartaz. Zelanbaiteko informazioa bai, baina eztabaidarik ez. Eztabaidarako, dena den, ez naiz ni egokiena.

    – Ez dago maisu-maistrarik pantailari begira? (blog honi zaila, bai)

    – Idatzi ote du norbaitek iritzi artikulurik Oñederra eta Azkarragaz gain? (hau ere zaila?)

  6. Karmen Irizar(e)k dio:

    Kaixo Iban,

    Bai baziok irakasle bat hire blogari begira. Duela pare bat aste jakin diat bloga huala eta bizpahiru egunez behin sartzen nauk zer idatzi duan ikustera.

    Soldaten inguruko eztabaida ezari dagokionez, ez zekiat zerk eragingo zuen, baina egingo nikek soldaten ikuspegitik bakarrik planteatzeak irakasle askori motzegi geratzen zaigun plantamendua dela. Ikastetxe kontzertatu batean nabilek irakasle azken 11 urtean. Publikokoak baino ordu gehiago eta soldata baxuagoa, ni ez nauk kexatuko, hala ere. Kontua duk, ez dela soldata igoera irakasleok eskatzen dugun lehenengo gauza. Lan baldintzak hobetzea eskatzen dugu, irakasleongatik eta batez ere, ikasleengatik. 28 ikasleko gela bat zaukeat aurten, tartean duela hiru urte etorritako mutil portugaldar bat eta Brasildik aurtengo otsailean etorritako neska bat eta eskolako gogorik ez duten beste sei lagun. D ereduko klaseak izanda euskaraz beharko likie, baina ez, gaztelaniaz gutxi gora-behera dakiten bi lagunentzat gaztelaniaz egin behar diat. Hiri Gladysek bi minutu eskatu zizkian, niri ordu pila bat inolako baliabiderik gabe, ikasle hauentzako sortutako materialik gabe eta selektibitaterako behar duten maila lortu dezaten maila jaitsi gabe.

    Horretaz gain, sexu heziketa, bakegintza, behar bezala elikatzen, edukazioa eta kulturatekotasuna lantzea eskolaren ardura dela entzuten diagu egunean bi aldiz gutxienez. Noiz irakatsi behar diat orduan ingelesa?

    Irakasle alfer asko zegok ertainetan, baina askoz gehiago etsitako irakasleak, urtea joan eta urtea etorri konpontzen ez diren arazoak etengabe luzatzen ikusteak guztiz desmotibatu dituen jendea, eta azkenean gogorik gabe eta indarrik gabe geratzen haiz. Eguneroko jarraitu ezin honetan soldata garrantzitsua duk, nola ez! baina ez duk gure burukominik handiena, eta etxera zuzentzeko ematen ditugun ariketa eta azterketak zuzendu ondoren, sekulako pereza ematen dik blogetan zertan dabiltzan begiratzeak.

    Soldata altuak ditugula, bai, hala duk, baina ez merezi gabekoak eta opor luzeegiak ditugula esaten dutenei, ohar bat. Gure oporrak ez dira luzeegiak, zuenak dira motzegiak.

    Bazekiat ez duala eztabaida ikuspegi honetatik planteatu, baina esan bezala, soldaten kontua ez duk ertainetako irakasleok eztabaidatu nahiko genukeen gairik garrantzitsuena.

  7. arantzabal Iban Arantzabal(e)k dio:

    Karmen, bajakazan bai hamaika helduleku honek gaionek. Eskerrik asko hire ikuspuntua emotiarren eta baitta, zelan ez, hau blogau irakurtziarren.

    Beste irakasle batek e-posta bat bialdu jostan. Beran permiso barik eta  lagun konfidantzia aprobetxauta zatitxo bat (dana ez ei don erantzun baten emotekua bere ustez) jarriko jonat hemen. Irakasle hau, seguruenik, Azkarragak aittatzen daben euskalgintzako irakaslia don:

    Gauzia oso konplejua dok. Pentsatzen juat gure lana gauza ebentualtzat hartzen dala, beste ezer hobia topau artekua. Ez dok serixua, ez jakak prestigiorik. Neri jende askok preguntatzen jestak: ondiokan euskaltegixetan?
    Kulpia zeiñek jakak? danok, neurri baten. Gau eskoletakuak hasi zittuazen euskera irakastia gauza popularra zala esaten. Eusko Jaurlaritzakuak gure estatusa ez onartzen eta subkontratatzen, euskaltegixak gauza proibisionalak izango dirazelakuan. Hau guztiau boteprotuan. Ideak ordenau eta ganoraz jarritta….blog tematikua!

  8. Ricardo(e)k dio:

    Ertainetako, euskaltegietako eta unibertsitateetako irakasleen lan-baldintzak oso desberdinak dira, baina bistan da bakoitzean irakaskuntzako jarduera hutsetik kanpoko arazo larriak daudela. Horregatik, guztiz ados nago Karmenekin arazo nagusia soldatarena ez dela dioenean.

    Nire iritziz, soldataren igoera baino garrantzitsuagoa izango litzateke lan-balditzen egoera hobetzea eskatzea. Hala ere, aitor dezadan, seguru nago EHUren kasuan behintzat askoz garestiago aterako litzaiekeela horretarako beharko liratekeen baliabideak jartzea irakasleen soldatak hobetzea baino.

    Neure jarrera blogean azaldu nuen, EHUko irakasleen grebaren garaian eta grebaren ondoren ere, zenbait mezutan (bidenabar, haietako batean greba egingo nuela aitortu nuen; beraz, ken diezadatela soldataren zatia, nahi badute):

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude