Hamaika arrazoi blogari izateko

  1. Informatua izateko. Norbera informatuago izateko modua da. Niri balio dit gai honen edo haren gainean gehiago jakiteko. Googleri astindu bat eman eta sakondu. Egindakoak balio dion irakurleari? Berak erabaki dezala berriro bisita egin edo ez aukeratuz.
  2. Euskaldunon komunitatea handitzeko. Euskara sarean egotea garrantzitsua delako bai hizkuntzarendako eta bai euskaldunondako. Euskalkiak egotea ere garrantzitsua dela uste dut.
  3. Irakurri ere gustura irakurtzen ditut… zergatik ez nire harritxoa jarri? 3 irakurle baditut nahikoa da. 3 irakurleko blog askorekin milaka irakurle geundeke euskaraz irakurtzen… Irakurtzen al dira horrenbeste euskaraz dauden liburuak edo?
  4. Idaztea ez da tortura bat. Gozatu daiteke idazten. Ez dut uste behar bat denik, baina gustuko dut.
  5. Beste jende baten iritzia jasotzeko zuk duzun iritziaren gainean. Oso interesgarria da eta batzuetan jasotzen diren erantzunak hain dira osagarri… baita norbere mezua baino askoz hobeak ere, sarri.
  6. Moda bat baino gehiago komunikazio bide bat delako. Oraindik gogora datorkit idazle jende batek-eta zelan egiten zuten trufa blogintzaz. Badatoz blogari izatera eta gero eta gehiago dira. Baita orduan blogariak arraroak zirela uste zutenak ere. Gainera, idatzi batzuekin horrenbeste paper zikintzea ere 😉
  7. Memoria txarra dugunondako badaukagu artxibo bat erabilgarri bat, etxean lekurik okupatzen ez duena eta artikuluak topatzeko bilatzailearekin.
  8. Idazteko leku honek nire zentsura bakarrik duelako. Gune libre bat da eta neu naiz neure buruaren editorea. Nik telebistan, irratian, Interneten eta paperean egiten dut lan, baina hango jarrera guztiz neurtua da, profesionaltasunak eta ardurek horrelaxe eskatzen dutelako, besteak beste. Blogean, berriz, nik erabakitzen dut argazkia jarri edo ez eta zelakoa, gai hau sartu edo paso egin, noiz eta zelan idatzi, luzera…
  9. Blogari izatea jardun bat delako, aktiboa. Blog bat eduki edukitzeko… ez! erabiltzeko dut blog hau eta jardutea gustuko dut, geldi egotea baino gehiago.
  10. Balio dit pista ez galtzeko. Teknologiarekin zerikusia duten gauzatxoak probatzen ditut blogean, beste blogari batzuk jarraitzen ditut eta adituagoen esanak nirean frogatu…
  11. Ez delako derrigorrezko eginbehar bat. Ez da bizkarrean daramadan ehun kiloko harria. Orain idazten dut eta zeinek daki gehiago idatziko ote dudan. Ez da inporta. Blogak jaio eta hil egiten dira. Ona litzateke jaiotzak gehiago izatea, hala ere.

Lagun batek blogari izateak duen puntu nartzisistaz berba egin zidan atzo gauean eta hau idaztera bultzatu, hein baten. Ez, ez da egoa handitzeko, ezta nire iritzia ematea jasotzailearentzako derrigor uste dudalako, ez moda bat delako, ez guaiagoa naizelako horrela, ez modernoagoa naizelako, ez… Ez! Inor ez da arrarotzat hartzen gau-mahaian gordetzen dituenean idatzitako paper puskak, ezta? Ezta liburuak edo iritzi artikuluak argitaratzen direnean, ez?

7 comments on “Hamaika arrazoi blogari izateko

  1. asier(e)k dio:

    Asko gustau jatak hire zerrendia, Iban. Zihatz eta garbixa. Gorde juat nere Gogokoenetan.

    Hire amaierako zerrendia borobiltzeko. Inor ez da arraro edo harroa afalosteko tertulixa baten bere iritzixa emon eta bestiena jasotziarren, ezta? Afalosteko mahainguru modokua dok euskal blogosfera.

  2. oier(e)k dio:

    Niretzat klabea 6. puntua da. Komunikazioa da bloga idaztearen funtsa. Komunikatzeko modu bat, abantailaz betetakoa (zure zerrendan agertzen diren guzti horiek adibidez) eta beste edozein komunikazio jarduerak izan dezakeen narzisismo gainkarga bera duena, alegia, bakoitzak eman nahi diona.

  3. loveof74(e)k dio:

    itzulpena jarri dut nirean. Ados?
    Interesgarria iruditu zait eta.

  4. Desplazatua(e)k dio:

    Zerrenda horretan aipatzen doken 11. puntuan kontura galdetu jostak gaur bertan bere estreinaldia egin daben blogari batek:
    “Ta, zenbatero idatzi biharra jak ba?”.

    Askotan egin izan dogun galderia da, norberarek bere buruari egiten dotsana; batez be, zeuk esaten ditxuzun 3 irakurle hoiekin iritzixak elkartrukatzeko maiztasun bat eukitze aldera-edo.

    Eztot erantzuten jakin; jarrai dezala esan diot.
    Bide batez, hauxe lagunaren bloga:
    http://www.blogak.com/laura

  5. leire(e)k dio:

    Asko guztau jatak, Iban! ez jakixat esan bihar dodana 12. puntua bihurtuko litzakek, igual blogari izatian onurak izan leike -eibar.org-ko afarixan komentau genduan, ez hintzan etorri, baiña!-.
    Zein dok? komunidadia sortzia. Nahi badok komunidade endogamikua, baiña azken baten, beste blogarixen postak irakorri, erantzun eta azkenian sare sozial euskaldun bat sortu. Indarra emoten dabena. Ez dok halan?
    Neri indarra emoten jestak bestiona irakortziak, baitta bestiok neriari erantzutziak be.
    Ene! zelan enrollau naizen!

  6. Jozulin(e)k dio:

    Bloga askatasuna
    da. Bloga jolas handia da, hitzekin, argazkiekin, podkastinekin jolasteko eta
    blogak, baiki, zer pentsatzen dugun jakiten ere laguntzen digu. Aspaldi eraman
    nituen neure blogera Julen Gabiriaren hitzok gure gauzak zertarako kontatzen
    ditugun ederto azaltzen dutelakoan:

     

    “-Hori gustatzen zaio jendeari: kontu handiak
    entzutea.

    -Hik uste?

    -Nori
    interesatuko zaio nire moduko baten historia?

    -Askori. Niri.”


    HAN GOITIK ITSASOA IKUSTEN DA Julen
    Gabiria
    175. orr.

  7. arantzabal Iban Arantzabal(e)k dio:
    • Asier, afalosteko tertulixiana adibide politta dok. Bixetan jaukau zaletasuna, afarixetan eta tertulixetan… Erabilliko juat, eskerrik asko.
    • Oier, komunikaziñuak lua be kentzen jostak… neretzako be oso garrantzitsua dok eta hik esandako moduan, nartzisismo gainkarga txikixakin edo barik be bajaok idaztia.
    • Amodio gizona, itzulpena hobea da originala baiño. Eskertzen da, eta euskara eta euskaldunon kontua holan ikusten duala jakindda gehixago.
    • Marijo, Laurari esan esatekua dakanian idazteko. Hori bai, bigarren mezua egittera animau, e? Ia gehiago ezagutzen dugun.
    • Leire, 12. puntua? Bigarren puntuan idatzi najonan hau: “Euskaldunon komunitatea handitzeko.” Oso inportantia don komunitatia, bai. Beittu, oin be zazpiko mini-komunitate bat egin jonau mezu bakarrarekin.
    • Jozulin, ondo ekarritta Gabiriaren aipamena. Edarra. Eskerrik asko.

    Idatzi dozuen seirok daukazue bloga eta hortik etorri leike 12. puntua.: Bloga eukitta bloga daukenekin hartu-emona eukitzia erraztu egitten da. Eskerrik asko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude