Teknikariak kazetari edo kazetariak teknikari?

Hauxe irakurri dut  Alzadoko webguneko elkarrizketan. Galdetzailea Llop da, erantzuten Eduardo Manchon.

Pau Llop: “Es mas fácil que un programador aprenda de periodismo que un periodista aprenda a programar”…

Eduardo Manchón: Exacto. Aunque un periodista y un
programador pueden tener ideas igual de brillantes, tener control
absoluto sobre la ejecución es crítico para el éxito y eso un
periodista, o cualquier perfil no técnico, no lo tiene. La web es un
medio sin estandarizar, muy artesano y que evoluciona de manera muy
rápida. La tecnología para crear webs sigue sin ser una commodity que
se pueda “encargar” a un tercero como se contrata el agua y la luz.

Eta nik hain argi izan dut errazagoa dela teknikariak kontratatzea lan puntualagoa delako… kazetariak baloratuago-edo ditut. Akaso ni neu ere perfil horretatik gertuago nagoelako izango da.

Baina benetako galdera beste bat dela dirudi. Egingo nioke Manchoni. Zer da benetan garrantzitsua Interneten: edukia edo teknologia?

Nik argi daukat: edukia.

9 comments on “Teknikariak kazetari edo kazetariak teknikari?

  1. Arkaitz(e)k dio:

    Aupa Iban,

    Nik ez daukat hain argi edukia garrantzitsuagoa denik. Eduki horretara iristea errazten duen teknologia aproposa ez bada, edukiak ez du ezertarako balio.

    Bietako baten alde egin behar badut, teknologiaren alde egingo nuke. Webgune batekin dirua egin nahi izanez gero, teknologia aproposarekin bilatzaileetan ongi agertzea lortu daiteke, edukiarekin bakarrik ez, eta hori ezinbestekoa da. Ikusi spam webgune horiek, eduki interesgarririk ez daukatenak, spam lotura mordoa baino ez; horiek diru asko egiten dute. Adibidea baino ez da, baina SEO estrategia apropos bat, eta barne-bilatzaile on bat izatea ezinbestekoa iruditzen zait. Era berean, irisgarritasun eta erabilgarritasun baxuko webgune baten eduki ona izateak ezer gutxirako balio du. Teknologiarekin gelditzen naiz.

    Nik jakin nahiko nuke: Zein da zuk edukia hobesteko arrazoia?

  2. arantzabal Iban Arantzabal(e)k dio:

    Eskerrik asko erantzuteagatik, Arkaitz. Esan beharrik ere ez dago plaza hau irekia dagoela gura duzun bestetan idazteko. Gonbita eduki sortzaile, informatikari, irakurle, lagun, etsai eta abarri. Iritzia jasotzeak asko aberasten du bloga eta beldurgarri aberasten da iritzi emalea zein den jakinda. Eskerrik asko dagoeneko idatzi duzuenoi zein idatziko duzuenoi.

    Arkaitz, arrazoia duzu teknologiaren garrantzia azpimarratzen duzunean: nire ustez ere garrantzitsua da, baina… baina saiatuko naiz, boteprontoan, edukia hobesteko arrazoiren bat ematen. Zuk idatziei erantzuten saiatuko naiz horretarako:

    – “Edukiak ez du balio bertara ez bazara heltzen“: edukiak balio du edukia sortzetik beretik. Balio du sortzailearendako, hasteko; jarraitzeko, baita gerturatuko diren irakurleendako. Teknologiak lagunduko du bat edo gehiago izaten eduki horretara helduko direnak, baina edukia hor dago, beharrezko lehengaia da, lehengai preziatua.

    Lehengaia: urrea edukia da. Urre bila mila modutara joan zaitezke, baina urrea urre. Noski, kaka ere kaka. Beraz, moduak, erremintak, teknologia… bikainak izan arren urrea edo kakarekin egiten duzu topo. Urrea da garrantzitsua, baita kaka asko inguruan badu ere. Edukiaren garrantziaz jarduten dudanean argi dago urreaz zein kakaz dihardudala. Norbere aukeran zer den zer, zein kaka eta zein urre.

    – “irisgarritasun eta erabilgarritasun baxuko webgune baten eduki ona izateak ezer gutxirako balio du.” Gutxiago balio du eduki txarra izan eta irisgarritasun eta erabilgarritasun handiko webgune bat izateak. Iritsi, nonbaitera iritsi behar da; erabili ere, zerbait erabili behar da. Zer hori da bada garrantzitsua, edukia bera.

    – “spam webgune horiek, eduki interesgarririk ez daukatenak, spam lotura mordoa baino ez; horiek diru asko egiten dute.” Jakina, ez nago diruaz berbetan. Dirua egiteko kaka-emate, kaka-formula, kaka-pila bat aipa genitzake Internetekin lotura duenak zein ez dutenak. Spam-webguneena bat da. Edukia baloratzen dudanean, balioa… balioa ez da diruarekin neurtzen. Seguru ados gaudela.

    Edukia bat, zabalpen-erak hamaika: Hori izango da hedabideen-eta erronka nagusia. Eduki berezitu, interesgarri eta landu bakarra egin (urrea) eta moldaketa txiki batzuekin medio askotan ematea: irratia, twiter, SMSa, bloga, kaleko panel elektronikoa, aldizkaria, e-posta, tb… Teknikarien lana da zabalpen moduetara moldatzea (horregatik nioen puntuala), eta kazetariena edo idazten dutenen lana da informazioaren kalitate eta jarraikortasuna. Garrantzitsuena informazioa bera, benetako urrea.

    Hiru adibide

    1. Zabaldu.com : Demaseko erreminta, ondo ekarria euskal mundura. Teknologia paregabea eta edukia interesgarriduna askotan. Teknikoki demasa den hori desintereseko izan daiteke edo izango litzateke, hala ere, edukia ez bada zaintzen. Zabaldun zaindari bat baino gehiago dago eta demokratikoagoa dirudi zaintzak. Hori bai, eduki interesgarria bultzatzea helburu bakar duten zaintzaileak egingo dute Zabaldu interesgarri, diot nik. Biba!
    2. Sustatu: Adibide bera jar daiteke Sustaturekin ere, nola ez. Sustatun ere editore-zaintzaileak badaude. Sustatuk editorial orekatua izaten asmatu duela esango nuke. Mezuek kolore jakinik ez dute izan behin eta berriz. Aniztasunak lagundu du askotan, edukia bera koloretsu izateak. Aniztasuna gaietan, tendentzietan, idazten dutenekin, irakurleekin… Teknikoki berritzailetzat hartu genuen Sustatu sortu zenean, eta dudarik ez teknologiak garrantzia izan duela, baina letra-zopa barik, jendeak bidali dituen eta bidaltzen dituen kolaborazio interesgarri barik… akabo!
    3. Arantzabal.com: hirugarren adibidea (eta “beldur aitorpena”): bisita errepikatua izango du blog honek edukia interesekoa bada. Munduko erremintarik egokiena izanda ere ez da inor berriro pasako testu hauek irakurtzera zarata bada nagusi. Horratx nire beldurra, bide batez aitortua: kapaza izango naiz kaka eta kaka eman arren noiz edo noiz zerbait interesekoa ere idazteko? Diferentzia aurreko bi adibideekiko: hemengo edukia pertsonala da, ni naiz mezu idazle eta nire buruaren zentsore eta arduradun. Orekan? libreago-edo.

    Lagungarri eta osagarri dira, Arkaitz, zurea bezalako ekarpenak. Eskerrik asko. Zein da zuk teknologia hobesteko arrazoia?

    Abuztuan bada inor ordenagailu aurrean? iritzirik?
    Irakurleak eskertuko ditu.

  3. Desplazatua(e)k dio:

    Arkaitzek dioen teknologia egokia izatearenak, lotua behar du eduki egokiekin ere. Neu ere, Iban, zure iritzikoa naiz. Azken baten edukiak (edo lehenengo bistazoan diseinuak) erakartzen du irakurle-erabiltzailea hasiera baten, eta bigarrenean edukia gustuko izan badu sartuko da atzera; eta bigarren aldi horretan sumatuko dio erraz erabiltzen den ala ez teknologia hori. Orduan erabakiko du, edukiak merezi duelako, teknologia hori erabiltzen ikasiko ote duen ala ez. Horixe nire iritzia, erabiltzaile-blogari batena eta teknologiaz juxtu-juxtu norberaren bloga kudeatzen dakien batena.

  4. Josu Azpillaga(e)k dio:

    Zure galdera: Zer da benetan garrantzitsua Interneten: edukia edo teknologia?

    Dudarik gabe, edukia.

    Baina, edukia jendeak berak sortzen duen garaiotan, teknologia ona (besteak baino hobea) eman behar zaio jendeari edukia “zure” webgunean sortzeko.

    Beraz, dudarik gabe, teknologia.

    (Manchon Panoramioz ari da, ez ahaztu, eta Panoramio bezalako prozesuetan egiten du teknologo-kazetari arteko bereizketa)

  5. arantzabal Iban Arantzabal(e)k dio:

    Eskerrik asko erantzuteagatik, Josu. Hire erantzunaren laburpena dok: edukia, baina teknologia onenarekin hobeto. Edo? Holan badok ni ados.

    Bide batez, Joxeren azken mezua irakurtzea egin dut eta hiru esaldi ekartzera erabaki. Lehenengoak lan puntualari egiten dio erreferentzia (teknologia, behin ordaindu eta aurrera); Bigarrenak erabiltzaileen edukiaren garrantziari: Hirugarrenak editore beharrari.

    AEBn hirugarren dago orri ikusienen sailkapenean MyYearbook:. Joxe Arantzabalen farotik:

    • Geoff neba zaharrenak
      ipini zituen lehen diruak, 250.000 dolar. Diru horri esker, webgunea
      Indiako programatzaileek sortu zuten.
    • Cook neba-arrebek sinesten dute erabiltzaileak sortutako edukietan.
    • Gaur egun 30 langile dituzte
      enpresan, horietako zenbait editore lanak egiteko, besteak beste
      txukuntzen erabiltzaileek bidalitako artikuluak eta idazlanak.
  6. haritz(e)k dio:

    Kaixo Iban:

    Hain zuzen ere, antzerako gaiari heldu nion duela aste batzuk GARAko azken orrialdeko zutabean. Nire blogera ere eraman nuen. Hemen uztziko dizut lotura, ea interesekoa zaizun!

    http://www.gaur8.info/bitakorak/galaxia/2007/08/20/kazetariak/

    Ongi etorri blogari hasiberrien klubera!

  7. Iban(e)k dio:

    Eskerrik asko erantzuteagatik, Haritz. Irakurri dut proposatutakoa.

    Nire iritzia: Iruditzen zait kazetari sena izatea garrantzitsuagoa dela egiten den 4 urteko karrera baino. Kazetaritza egin duten kazetari on asko dago eta kazetaritza egin ez duenak ere bai. Berdin programatzaileekin.

    Hori bai, zer da errazago programatzailea idazten jartzea edo kazetaria programatzen? 

  8. harmailatik Xabi(e)k dio:

    Egunon!
    Galdera hori beste modu baten egindde:
    Zer da errezaue, idaztie ala programetie? Edo hobeto esanda, ondo idaztie ala ondo programetie? (ze, ez dok gauza bera).
    Zerotik hasitte, esango neuke errazago ikasiko neukela programetan.

    Buelta on.

  9. loveof74(e)k dio:

    kazetaria programatzen, dudipe. hori dek errezena. Sintesiak egiteko orduan programatzaileak zailtasun handiak dituzte. Horrekin ez dut esan nahi programatzeko burua edukitzea edo edukitzen ikastea erraza denik…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude