Uste dut egintzat eman dezakegula euskararen prozesua aro berri batean sartzeko lehen baldintza: zoru komun bat identifikatzea, terminologia eta diagnostikoak hurbiltzea, lubakien gainean zubi behin-behinekoak jartzea… Zantzu asko dago, izan Korrikaren Santiago zubiko argazkia, Udaltop jardunaldiko ekimena, Euskal Herriko euskararen erakunde publikoen lankidetza akordioa… Azken zantzua, Kontseiluak berriki egin duen ekitaldian azaldu zuen diskurtso berriaren osagaiak: konplizitate publiko-soziala, hizkuntza politika elkarrekin birpentsatu, egitasmo partekatuak eta jauzi esanguratsu bat egiteko aukera.
Behin oinarrizkoa zen baldintza sortuta, ordua da zoru komun horren gainean eraikitzen hasteko. Eraiki beharko genituzke, ordena honetan:
- Elkarrenganako konfiantza. Mesfidantzaren garaian, ohiko bihurtu zaigu solaskidearen hitzei baino intentzio ustezkoei gehiago erreparatzea. Konfiantza da sinestea solaskidearen nahia dela hain justu esaten ari zaigun hori, beste tolesdurarik gabe.
- Ekimen partekatuak. Konfiantza igurtziarekin sortzen da; eta igurtzia, ekimen partekatuekin. Balekoa da batek antolatzea eta besteak atxikitzea, baina hobea da elkarrekin antolatzea eta gauzatzea, bide osoa elkarrekin egitea; ekintzan bezainbat, ideien artean ere igurtzia bilatzea. Praktikatzeko aukera ezin hobea da indartzen ari den aktibazioaren dinamika, ahobizi-en eta belarriprest-en festa.
- Marko instituzionala. Aspaldi amestutako urratsak gauzatzen hasi dira, bai erakunde publikoen artean (euskararen herriko hiru administrazioen akordioa), bai erakunde publiko eta gizartekoen artean (HPS-Topagunea ardatza aktibaziorako) Marko hau osatu eta egonkortu egin behar da, prozesua baliabidez eta bermez hornitzeko. Erakunde publiko/sozialen egitekoa da baldintzak sortzea hiztunak bidea egin dezan, gero eta erosoago, haizea alde jarrita.
- Ibilbide planifikatua. Behin bidean elkarrekin abiatuta, ezinbestekoa izango da ibilbidearen mapa adostea: epe jakin bateko helburua (25 urte?), haraino iristeko palankak eta palankariak (funtzio banaketa), tarteko helmugak eta helburuak, neurketa sistema, beharrezko baliabideak…
Lehen bi esparruak emozioekin lotzen dira, batik bat, eta inguru hurbilean landu behar dira nagusiki, ohiko harremanen esparruan. Azken biak, aldiz, jakintza eskatzen dute borondateaz gain, eta egituren bidez ekin behar zaie. Alde horretatik, oso lagungarri litzateke gune bat propio sortzea, euskararen erakunde publiko guztiak eta unibertsitateak bilduko lituzkeena, ezagutza zientifikotik marko instituzional bateratua eta plangintza adostua bultzatzeko.