Atzo ETB2ko ‘El Dilema’ saio interesgarrian euskararen gainean jarduteko berreskuratu zuten herritar batek beste saio batean botatako galdera: “Ez dut euskara ikasi nahi, eta ez dut nahi nire seme-alabek ikas dezaten. Alde egin beharko dut hemendik?”
Eta atzoko saioaren moderatzaileak galdera bera luzatu zien gonbidatuei: “Zein izango zen zuen erantzuna?” Hauxe litzateke nirea.
“Bizikidetzak aitortzen dizkizu eskubideak eta ezartzen betebeharrak, baita hizkuntzaren alorrean ere. Zuk gaztelania hautatu duzu eta hori zure eskubidea da. Baina zuk gaztelania hautatu duzun bezala beste pertsona batek euskara hautatzen badu, bion eskubideak uztartu behar dira komunikazioa eta bizikidetza posible izan daitezen. Ikuspegi honetatik zuk eta zure seme-alabek ez daukazue euskara ez jakiteko eskubiderik. Areago, zerbait ez jakiteko eskubidea ez da existitzen.
Orduan, nola uztartu bi hiztunen eskubideak? Bakoitzak bestearen hautua errespetatuta eta bereari eutsita. Eta horretarako ezinbestekoa da hiztun bakoitzak bestearen hizkuntza ulertzea, hitz egiteko erabiliko ez badu ere. Planteamendu honi hizkuntza-simetria deitzen zaio eta guztiz berdintzailea da, demokratikoa.
Honen arabera, hizkuntza bat hautatzeko eskubideak berarekin darama bestea ulertzea, hura hautatu dutenen eskubidea ere bermatua egon dadin. Beraz, bizikidetzak ezartzen dizkizu hizkuntzarekiko betebeharrak: gutxienez biak ulertu eta gero nahi duzuna erabili. Eta izatekotan, bizikidetzari uko egiteak aldenduko zaitu hemendik”.
Erabat sinetsita nago ulermenaren alde egiteak sekulako mesedea egingo liokeela euskararen erabilerari. Badakit –probatu dudalako- euskaldunok beti esplizitatuko bagenu ‘nik euskaraz egingo dizut, balekoa zaizu ni ulertzea eta gero, nahi baduzu, niri gaztelaniaz egin’ askozaz gehiagotan erabili ahal izango genukeela euskara.
Horrekin batera, uste dut euskalduntze-alfabetatzearen ondoan euskara ulertzeko metodologia bat garatu beharko litzatekeela euskaltegietan, ikastordu askoz gutxiagorekin jendea prestatzeko hizkuntza-simetriarako. Uste dut horrekin asko erraztuko geniokeela erdaldunari euskarara hurbiltzea. Eta euskararen erabileran oso azkar emango genituzke urrats esanguratsuak.
Pingback: Tartekoa - Garaigoikoa
Pingback: Ez dut euskara ikasi nahi. Mikel Irizarren iritzia.
Pingback: Euskal Irakaslegoa » Euskararen Eguna Deuston: dEUSto.EUS
Mikel, interesgarria hausnarketa.
aurten Valentzian izandako esperientzia batekelebitasun hartzaile (eta ez pasibo, bertan egondako batek adierazi zidan bezalaxe) horren garrantzia erakutsi zidan.
Interesgarria Valentziako esperientzia hori. Uste dut hori dela jarrera: nor berean irmo eta besteei irekia. Hainbeste teoria eta prozesio, ahaztu egiten zaigu hizkuntzen funtzio nagusia komunikazioa dela; eta hori lortzeko giltzarria, premia.
Pingback: Profezia