`Kakux´auziaz ikasitakoa kazetaritzatik

Zer ikasi dut nik #kakuxkasua  deitu diogunaz, beti ere, kazetaritzaren ikuspuntutik:

  • Galdera egin eta elkarrizketatuak erantzuten ez duenean berriro galdetzea dagokigula. Juan Kruz Mendizabali homosexualitateaz eta pederastiaz galdetuta, lehenengo erantzunean homosexualitatea landu zuen elkarrizketatuak. Kazetaria, hala ere, gustura geratu ez eta elkarrizketa amaieran animatu zen berriz galdetzera:

“Kakux” (gaitzizenez, ze Goienan kolaboratzailea ere izan da, gertukoa), ez didazu ezer erantzun pederastiaz.  Eta orduan erantzuten du erantzuten duena. Hau da, galdera egin da bigarrnez. Eta ikasi dugu behar beste bider galdera egitea ez dagoela sobera.

  • Barikuan ateratzeko bagenuen elkarrizketa eta saldu eta dirutxo bat ere egin genezakeen, baina ez dugu bide hori hautatu deitu izan diguten arren. Gure harpidedunak eta bezeroak jarri ditugu erdigunean. Bagenekien, baina berrikasi dugu horiek direla mimatu beharrekoak.
  • Horiaren marra oso marra lausoa da, baina ez zaigu interesgarri hori iragaitea: Ahal izan dugu gai honekin horitasunetan erori. Bagenuen elkarrizketa ilustratzeko argazki berri eta morbosoago bat… Ez dugu erabili. Bagenuen ahots-grabazioa hara eta hona zabaltzea, baina ez dugu egin… Beste hedabide batetik deitu diote kazetariari kontatu dezan zelan ikusi zuen elkarrizketatua etab… Bide hori moztu dugu. Gertuko komunikabide bat gara eta gaiokin kontuz ibiltzea dagokigu.
  • Eztabaidatu dugu gaia jakinda ez genuela denendako asmatuko erabakietan. Ikasi dugu gaiok merezi dutela jarri eta eztabaidatzea. Edozein erabakiren aurretik jarri eta lantzea. Pentsatzea gaiak ukitzen duen guztiaz. Bizkortasuna kalitatea da kazetaritzan, baina gai batzuetan ordu batzuk zein egun batzuk ere atzeratu daiteke atera beharreko hori.
  • Eduki guztia debalde… dena sarean… segituan… bai eta ez. Kazetaritza doakoa ez da beti posible. Ez badu hausnarketa bat eta lanketa bat atzetik ez da beti egoki ateratzen. Beraz, hausnartzeko eta garatzeko denbora behar da eta denbora dirua da. Kazetariek ere jan egiten dute. Behar da kazetaritza lana ordaindu. Horregatik erabaki genuen, besteak beste, elkarrizketa osoa lehenengo-lehenengotik sarean ez jartzea. Doan ere gustura ematen ditugu edukiak eta gainera defendatzen dugu helburu ezberdinekin egin daitekeela doan zein ordainduta. Ba noski! Baina, “dena doan” kulturak ez dio onik egiten kazetaritzari. Ez da posible. PUNTUAren harpidedunek jaso zuten notiziaren garapena paperean. Horri eman diogu lehentasun osoa. Bazkide horiek dira Goiena laguntzen dutenak urtero-urtero harpidetza ordainduz. Eta noski, notizia ere landu dugu sarean zein doako harpidetzaz banatzen den Goiena Aldizkarian.
  • Ez gara epaileak. Ez dugu irakurleak pentsatu behar duena idazten. Ez gara tertulianoak. Irakurlea ez da tontoa, begibistakoa denez. Gure lana informazioa lantzea da, testuingurua ematea, ahalik eta ahots gehien jasotzea… kazetaritza.
  • Hanka sartu dugu forma juridikoetan, batzuetan. Esaterako: esan dugu “sexu erasoengatik zigortu duela elizak”. Eta momentuz, sexu abusuak erabiltzea legoke zehatzago… “Sexu erasoak” ez du erabili ez elizak ez fiskalak… Ze erasoak larderia edo indarkeria erabili izana lekarke berarekin… Eta hori dena argitzeko zegoen guk argitaratu genuenean. Adibide horrekin ikasi dugu, baina baita ikastaro bat antolatu ere otsailean bertan egiteko lege kontuez, epai kontuez, hizkuntza juridikoaz… Ikasten jarraituko dugu, beraz.
  • Hizkuntzari dagokion kontuaz: Eta Sarasolari ikasitako moduan sexu gehiegikeriak ez, sexu abusuak, abusatu, etab.
  • Ikasi dugu sare sozialek duten indarraz. Berriz ikusi eta ikasi. Sua moduan zabaltzen dira notiziak eta balio dute jende askorengana heltzeko. Oraindik ere asko dugula hobetzeko ikasi dugu.
  • Eta ikasten jarraitzen dugu. Sugetzarra ari da izaten #kakuxauzia , tamalez.
  • Erabaki guztiak ez dira denen gustukoak izango, baina kazetaritza egitea ere bada ez bakarrik teorizatzea, eta egiten duenak sartzen du hanka.

One comment on “`Kakux´auziaz ikasitakoa kazetaritzatik

  1. […] polita da, esaterako, Goienako zuzendari Iban Arantzabalek pasadan urtarrilaren 17an argitaratutako “Kakux” auziaz ikasitakoa kazetaritzatik blogeko sarrera −ildo editorialari dagozkion erabakiak aletzen ditu […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude