“Euskararen soka” Euskaltzaleen egunean

Elgetako Goibeko Euskaltzaleen Topaguneak antolatu du eguna. Irailak 24an izango da. Aurretik, hala ere, berotze ariketak egiten hasita dago elkartea eta kuriosoa da jendea ematen ari den erantzuna.

Ez dago herritarrik egun hau gaizki ikusi duenik. Gura dute harritxoa jartzea euskararen sokak luzeera izan dezan. Ez da erronka makala.

Ideia nondik abiatzen den

Eskola eta kalea gura ditugu irudikatu. Eskolan euskara zein garrantzitsua den ikasten dihardute irakasleen bidez, baina gero hori kalean, erabileran, apaldu egiten da. Ez da kalera heltzen, ez dago herriko plazan. Gazteek gaztelerara erraz asko jotzen dutela antzemanda geunden lehen ere eta urteetan datorren joera horri gura diogu galga jarri. Edo gutxienez, eztabaida hori kalera atera. Gurasoak dira giltzetako bat, izan ere, eredu dira eskola-umeendako eta gura diegu eskertzea eta eskatzea aldi berean.

Eskertu: euskaraz jakin ez eta umeak euskal ereduan matrikulatzea; eskertu jakin ez arren ulertzeko saiakera egitea: eskertu, beste herrialde batzuetatik etorri eta integratzeko hartu duten lana; ulertu ez arren patxadaz egotea entzuten eta kuadrila osoaren joera ez aldaraztea…

Eta eskatu: ba eskatu gauza askorik ez, ahal duena egitea eta behintzat kontrako jarreran ez gotortzea. Eskatu gura diegu elkarrekin euskararen soka osatzea.

Euskaltzaleen eguna 2016, irailak 24 ElgetaZelan?

Aurreko asteburuan banatu ditugu metro bat inguruko sokak. Herritar bakoitzari soka bat eta esan zaie: Gura genuke bakoitzaren soka zatiarekin eta katean egongo den ondokoarekin korapiloa egitea, bi muturrak lotzea. Soka zati horiek guztiak dira beharrezkoak “euskararen soka” osatzeko eta herritar guzti-guztiak daude gonbidatuta sokara.

Gura dugu eskolako atetik plazaraino heltzea korapilo pila bat eginda. Eta soka gogor bat osatu ostean, oinarria lortutakoan, gura dena da zumitzezko uztai bat pasatzea eskolatik plazaraino. Eramango du mezu bat uztai horrek. Eta uztai hori zumitzezkoa izateak ere adierazi gura du malgutasuna. Gogorra da materiala, baina malgua. Euskararen gaian ere horrela izan behar dela uste dugu-eta, bakoitzaren ahalak eta erritmoak errespetatu behar direla eta bidea egitera animatu, gurekin korapiloa egin eta soka luze bat egiten saiatu.

Sokak banatzen

Esperientzia polita izan da goiz-arratsalde soka zatiak banatzen egotea. Konturatu gara herritar guztiak daudela konturatuta Elgeta arnasgune sendoagoa zela euskararendako orain dena baino. Azken urteetan beheraka doala erabilera…

Bestetik, euskaraz ez dakitenek, herrian egunero agurka edo gabonka jarduten dugun horiek esaten ziguten beraiek ezetz, beraiek ez dakitela euskaraz eta soka ez dutela hartuko, ez direla deituak sentitzen. Justu horiekin egin dugu ahalegin handiena eta eskatu diegu sokan gura ditugula. Esan diegu eskertuta gaudela egin duten hainbat pausorengatik eta esango nuke soka eskuan hartu eta erretratua ataratzen gusturen beraiek egon direla. Aitortu diegu egiten dutena. Ez ditugu gonbidatu bakarrik egin, adierazi diegu beraiekin kontatu gura dugula eta behar ditugula euskararen sokan.

Gonbidapen zabala

Ehundaka soka zati banatu ditugu eta denak ez dira etorriko, baina gogoz ikusi ditugu gehienak. Zer aterako den? Ikusiko dugu. Lehenengo urtea da “Euskaren egunak” ospatzen egon ostean “Euskaltzaleen eguna” egingo duguna. Gonbidapen zabala eginda, herritar guztiei deituta eta jaigiroan ospatuko dugula nabarmenduta. Antolatu ditugu puzgarriak, gaiteroak, erromeria, brasan egindako atunarekin bazkaria…

Euskaltzaleen eguna 2016, irailak 24 Elgeta

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude