Extremaduran Puerto de Honduras

Extremadurako bigarren saioa lehenengoa baino gogorragoa izan zen. Puerto de Honduras igo eta bailaraz aldatzea pentsatu nuen, eta itzulera bi bailarak elkartzen diren Plasenciatik barrena egiteko asmoa neukan, alegia, aldapa berriz igo gabe.

Hasteko, Honduras gaina igo behar nuen, eta aurreko ibilbidean euliekin izandako esperientzia kontuan hartuz, eulien kontrako neurriak hartu nituen: Kaskoan belar luze batzuk sartu nituen, horrela eskua manilarretik askatu gabe, burua mugituz, euliak aurpegi ingurutik uxatu ahal izango nituen. Nire piurak ikaragarria izan behar zuen, izan ere, gurutzatu nituen guztiek komentarioren bat egiten zuten… Zaharrek, ordea, zoriondu egiten ninduten ideia oso ona zela esanaz (beraiek ere eskuetan adar eta hostoak zeuzkaten!), eta gazteenek elkarren arteko komentarioak egiten zituzten.

Gora iristeko kilometroa falta zela beste hiru ziklistekin egin nuen topo eta haiek ere galdetu zidaten ea zergatik neukan kamuflajeko itxura. Nik galdera batekin erantzun nion: ea euliekin zer moduz moldatu zen igoeran. Berehala konturatu zen belarren funtzioa euliak uxatzea zela, eta hurrengo egunean berak ere piura bera eramango zuela esan zidan.

Igoera luze samarra da, 12 kilometro ingurukoa, eta 1450 metro ingururaino igotzen da: etenik gabe, 800 metro baino gehiagoko igoera. Batez besteko malda 6.7%. Hala ere goraino oso ondo iritsi nintzen, bero handia egin zuen arren, eta goian nengoela telefonoz deitu zidaten, eguerdian bisita jasoko genuela esanaz, baina lasai ibiltzeko, berandu bazkalduko genuela-eta. Beraz, haserako plana jarraitzea erabaki nuen, eta Jerteko bailarara jaitsi nintzen. Bidea oso gaizki zegoen, zuloz betea, eta nazka-nazka eginda iritsi nintzen behera. Taberna batean zerbeza eder bat eran eta aurrera jarraitu nuen. 8-10 kilometro beheranzko joera nabarikoak neuzkan, eta gustura egin nituen, baina handik aurrera bideak gora eta behera egiten du etenik gabe (urtegi luze baten alboan doa bidea, baina muino txiki mordoa pasa behar da), eta zuhaitzak bukatu egin ziren…

Eguzkiak gogor jotzen zuen, itzalik ez zegoen, iturririk ere ez nuen ikusten eta bixi joan nahi nuen. Koktel horri astindu batzuk eman, eta emaitza honakoa da: bizitzan egin dudan ibilbide gogorrena bilakatu zen berez erraza izan behar zuen zatia. Plasenciara iritsitakoan taberna batean likido mordoa hartu, zerbait jan eta zenbat kilometro falta zitzaizkidan galdetu nion tabernariari. Erantzunak lur jota utzi ninduen: “muxo, y con la calo demasiao”. Eta ez zuen arrazoi faltarik. Egundoko beroa egiten zuen, gero jakin nuen alerta laranjako egoeran ginela, 73 kilometro eginak nituen ordurako, nekatuta nengoen, eta 38 kilometro falta zitzaizkidala esan zidan alboan eserita zegoenak.

Egoera horretan bizikletan ez jarraitzea erabaki nuen: Mariri deitu nion, nire bila etorriko zen esperantzaz, baina ez zuen telefonorik hartzen… Azkenean taxista batekin hitz egin eta Kanpinerainoko bidea aire egokituz freskatutako taxian egin nuen.

Hona hemen egindako ibilbidearen profila:

Hervás-Honduras-Plasencia

Wikiloc mapetan dioenez 2500 metroko desnibela egin nuen gora, eta behera 2800:

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Extremaduran Hervásetik La Gargantara

Uda honetan Extremaduran bizikletaz buelta pare bat eman ditut. Herváseko kanpinean geunden eta handik La Gargantara zuzenean joan nintzen, aldapa gora dena, baina ibilbide zoragarria, aritzez eta gaztainondoz jositako ibilbidea baita. Euskal Herrian banengo bezalaxe sentitu nintzen. Pega bakarra dauka, euliak. Goranzko bide guztia euliak uxatu nahian, eskuak astinduz, egin behar izan nuen.

Buelta beste bide batetik egin nuen, Baños de Montemayorrera jaitsi eta handik, karretera nazionaletik, Hervasera itzuli nintzen. Hala ere autobide berria dagoenez, karretera nazionala ia trafikorik gabekoa da.

Nire Freerruner maitagarria eraman nuen eta ibilbidea jaso nuen bertan. Ondoren, Wikiloc zerbitzua erabiliz, ibilbidea mapetan jarri dut. Zerbitzu hau oso ona da GPS ibilbideak sartzeko: profila ere lor daiteke bertan, eskuinaldean ibilbidearen profila azaltzen da, eta sagua profilaren puntu batean jarriz gero, maparen gainean zein punturi dagokion esaten du, horrez gain ibilbideko garaiera maximoa eta minimoa ere ematen ditu, guztira gorantz egindakoa, bai eta beheranzkoa ere, erabilitako denbora (paisaiari begira pasatakoak ere sartzen dira hor!). Alegia, hemendik aurrera zerbitzu hau ere erabili egingo dut. Ibilbide hau 608 metrotan hasten da, eta La Garganta aurreko gaina 1200 metrotara dago.  12 kilometro eskaseko igoera denez %5eko malda konstante samarra dauka.   Guztira 33 kilometroko buelta da egun horretan egindakoa.

Wikiloc zerbitzuak mapa blogean jartzeko aukera ere ematen duenez, horra ibilbidea:

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Aiako Erregina

Aurten erreginaz hitz egin behar dugu, hirugarrenez irabazi baitu Maritxuk nesken artean Aiako igoera.

Bestela, hainbatetan gertatu den moduan, lehenengo aldiz parte hartu duen batek, Aldok hain zuzen ere,  egin du denbora onena. Erraz, bere gurpilari heltzeko gai inor ez baita izan.

Badirudi leku garaietan entrenatzeak on egiten duela, Izan ere, Aiarra eta Uberatarra dira urrearen jabe, eta zilarretako bat ere Uberara joan da, bestea berriz, Pirineotan indartu denak eraman du… Alturako txirrindularitza!

Dena den, ez pentsa lehiarik izan ez denik, ez horixe! Bigarrena, hirugarrena laugarrena eta bosgarrena elkarrengandik oso gertu ibili dira, eta ibilbidean zehar, postu aldaketa asko izan dira. Ikusteko moduko jarduna eskaini digute.

Aurten lau ziklista berri izan dira, Aldo (irabazlea), Jone eta Maddi (10-11 urteko gaztexoak) eta Liando (eternapromesa). Baina, era berean, hutsegite asko izan da, gehiegi.

Denboren taula osotua hauxe da:

izena 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004
Aldo 24:46 —– —– —– —– —– —–
Juan Martin 27:35 26:56 —– 26:54 25:32 27:44 29:40
Imamol 27:49 26:56 —– 27:20 25:20 29:14 25:28
Thony 27:49 28:21 27:05 29:10 25:28 26:36 25:28
Pipi 27:54 —– —– 27:57 23:47 —– —–
Xabier 31:38 30:45 —– 37:47 —– 33:45 28:15
Mikel 32:54 30:33 29:42 35:56 32:22 33:45 31:28
Maritxu 39:40 —– —– 38:18 38:49 39:11 42:35
Ines 41:41 42:52 36:43 41:47 38:56 —– —–
MaddiM 46:52 —– —– —– —– —– —–
Jone 46:52 —– —– —– —– —– —–
Mari 46:58 40:07 42:17 43:07 39:08 35:52 39:50
Liando 47:05 —– —– —– —– —– —–
joseba 47:05 31:39 42:17 35:02 39:08 32:25 30:33
Alberto —– 26:56 26:58 —– —– —– —–
Xavi —– 34:34 —– —– —– —– —–
Leire —– 39:02 42:17 —– —– —– —–
Iñaki —– 39:02 27:40 44:00 40:56 39:11 39:50
Koko —– 39:14 —– —– —– —– 46:40
Boero —– 42:52 50:00 —– 39:08 55:?? —–
Xalegi —– —– 31:52 44:00 —– 55:?? —–
Xubi —– —– 40:00 39:44 47:23 39:11 38:45
Idoia —– —– 40:44 44:00 40:56 —– 39:50
Nerea —– —– 50:00 —– 47:23 —– —–
Xabin —– —– —– 41:42 43:49 55:?? 50:23
Aran —– —– —– 1:09:47 53:18 —– 50:36
Ainhoa —– —– —– 1:09:50 53:18 —– —–
Ibon —– —– —– —– 44:22 55:?? 38:45
Itziar —– —– —– —– —– —– 43:13

Parte hartzaileen argazkia honakoa da:
2010_aiako_tropela
 

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Aubisque Argelesetik

Erori izanaren ondorioz bi egun atzeratu genuen Pirinioetarako plana. Baina osteguneko Tourmaleteko etapa bertatik bertara ikusteko aukera izan genuen.

Goiza euritan hasi zen, eta bizikleta ez hartzea erabaki genuen hiruk, beste biak, ordea, Tourmaletera joan ziren euriari aurre eginaz. Bermuta, bazkaria eta telebista aukeratu genuenok kostaldekoak gara, bizikleta aukeratu zutenak barnealdekoak…

Hurrengo eguna ateri argitu zuen, eta Aubisquera joateko plana egin genuen. Argelesen bertan geunden, eta aldapa herrian bertan hasten da, horregatik, berotu gabe aldapari ekin behar izan genion. Nire ezkerreko hanka ez zen oso gustura hasi aldapan gora, baina hasierakoa oso laburra omen zen eta ondoren atsedenaldia omen zegoen… Kaka zaharra! bost kilometroko aldapa da hasierako aldapatxo hori eta majo sufritu nuen.  Besteen abiadura moteltzen ari nintzen eta ez nindoan ondo. Buelta emango nuela esan nien. Horrela bakarrik eta presiorik gabe geratu nintzen.

Aldaparen profila honakoa da:
aubisque-profila

Lehenengo atsedenaldiaren hasieran bizikletatik jaitsi, luzaketa batzuek egin eta atsedenaldia bizikletean egokitzeko aprobetxatu nuen. Ondoren zazpi kilometroko igoera gogorra dago, batez beste ehuneko zortziko igoera. Kilometro batzuk %7.5ekoak dira baina beste horrenbeste %8.5ekoak. Gainontzekoek %8ko malda daukate. Mantso-mantso igo nuen aldapatzarra, eta Sulourreko gainean ondo merezitako zerbeza hartu nuen.

Zerbeza hartzen ari nintzela Aubisqueraino jarraitu ala behera itzuli erabaki nuen, eta erabakian Albertok esandakoak eragin zuen: handik gorainokoa ehuneko lau edo bost inguruko aldapa omen da. Beraz, gora jarraitzea erabaki nuen.

Hasiera aldapa behera da; eskuinean ikaragarrizko amildegia dauka eta bailara osoa ikus daiteke, ederra ikuskizuna! Baina berehala hasten da aldapa gora, hasieran lasai samarra, eta pixkanaka gogortzen da. Bukaerako hiru kilometroak berriz ere malda handikoak dira. Eskerrak gaineko eraikina ikus daitekeela! bukaerako hurbiltasun horrek indarrak ematen ditu. Albertok esandakoaz behin baino gehiagotan gogoratu nintzen azken kilometro horietan…

Gora iritsi bezain pronto Xubirekin egin nuen topo, beherantz egiten hastera zihoan (Beste hirurak Aubisqueren beste aldera jo zuten momentu horretxetan, bi aldeak igo nahi zituzten-eta), eta ni ikustean estralurtar bat ikusi izan balu bezala geratu zen. Kafe o le, grand bana hartu genuen eta herrira itzuli ginen biok.

FreeRunnerrak honako ibilbidea grabatu zuen:
aubisque-ibilbidea

Jaitsiera Xubik nik baino azkarrago egin zuen. Zergatik ote?

Bikelyra ere esportatu dut ibilbidea, eta bertan honako mapa ikus daiteke:


Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , , | Utzi iruzkina

Berriz ere lurrera.

Bai, berriz ere lurrera joan naiz, gainera, oso gogorra izan da.

Errezildik Azpeitira gindoazela, Azpeitiko sarrerako lehenengo biribilgunean erori nintzen atzo (10-VII_17). Sorpresaz hartu ninduen biribilgunerako sarrerak, izan ere oso sarrera txarra dauka, eta lurra bustita zegoenez, aurreko gurpilak irrist egin eta berriz ere lurrean arrastaka ikusi nuen neure burua. Baina hori ez da okerrena, biribilguneko sarrerako trafiko seinalearen kontra joan nintzen eta egundokoa hartu nuen.

Lurrean geratu nintzen, ezin jaiki eta egundoko oinazeaz. Lagunek anbulantziari deitu zioten, eta niri luze egin zitzaidan arren, berehala etorri omen zen.  Bitartean jendea inguratu zen, batek manta bat jarri zidan azpian, beste batek hanka airean heldu zidan, mina hantxe neukala argi adierazi bainuen, beste batek zira askatu…
Guztiei eskerrak eman nahi dizkiet, laguntzeko beti prest egoten baita jendea, eta hori handia da.

Azkenean anbulantziakoek anbulantzian sartu eta haserako azterketa egin zidaten. Basera deitu eta Donostiara eramango nindutela esan zuten, baina basekoak eremu hartatik ez azteratzeko agindu zuen, eta lehendabizi Azpeitiko anbulatoriora eraman nintzatela agindu zuen.
<
Bizikletak biribilgune ondoko baserrian laga, eta Imanol eta biok anbulatoriora eraman gintuzten. Hirugarrena, berriz, bizikletaz itzuli zen, anbulantzian bakarra sartu baizitekeen. Anbulatorioan zauriak garbitu, lasaigarri bat ziztada bidez sartu, odoleko azukrea kontrolatu (hori nire zurbiltasunagatik egin zuten), hotza emateko plasma jarri izterrean, mugikortasuna begiratu eta ez dakit zenbat froga gehiago egin zizkidaten. Ezer grabea ez neukala ikusi ondoren Mariri deitu zion Imanolek (bere deia ikustean egundoko sustoa hartu omen zuen) eta gure bila etortzeko eskatu zion. Bitartean, medikuak hurrengo eguna askoz okerragoa izango zela esan zidan…

Bai asmatu ere! Sorbaldan min handia daukat, belauna handituta, izterra gogor gogor eginda eta minberatuta, kubitoan edo radioan ere mina, baina batez ere Egoa daukat minduta.

Erorketa puntua hauxe da:

tagzaniapaste
bizikleta istripua map

Bada beste putada haundi bat ere: hurrengo astean, Tourraren aitzakipean, egundoko plana geneukan pirineotan. Tourra ikusiz, Tourmalet, Aubisque eta agian hirugarren aldapatzarren bat igo nahi genituen. Ez dakit nola bukatuko duen plan eder horrek.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 3 iruzkin

Azurki. Maldaren azterketa

Azurkiko aldapak azterketa sakonxeagoa merezi duela iruditzen zait, horregatik aspaldian erabilei gabeko b5m zerbitzua erabiltzea pentsatu dut.

Aldapa bi zatitan banatu dut, bata Lasturren hasi eta harrobia pasa arte doan aldapatxoa, Bakarkoa baserri aurreko aldapa gogorraren hasieraraino hain zuzen ere. Zati honek 2.5 kilometro dauzka, eta azken 250 metroak aldapa behera dira. Hasierako 2.25 kilometroetan 150 m igo behar dira, alegia %6.6ko malda. Lastur 150 metroko garaieran dago, eta harrobia pasa ondoren dagoen Ugarte-berri baserria 300 metrotako altueran.  Ondoren, bideak pixka bat behera egiten du, 250 metro inguruko jaitsiera, eta 293 metrotaraino jaisten da (%2.8ko malda behera). Hor bigarren zatia hasten da: benetako aldapa! Lehenengo zatiaren profila hauxe da:

azurki_lasturretik_bakarkuara.6.6

Bigarren zatia, Bakarkoa baserria baino 100 metro lehenago hasten da, eta bukaera, berriz, gainean dagoen aparkalekuan kokatu dut. Zati honek 3.25 km dauzka, eta 625 metrotaraino igotzen da (293 metrotan hasita), beraz, %10.22ko malda dauka batez beste. Gora-behera gutxiko zatia da: beti gora, behera batere ez. Hala ere malda gutxitzen den gunerik ere badago, baina horrek esan nahi du %10.22ko  malda baino gogorragoko zatiak badaudela. Profila azpiko irudian ikus daiteke:

azurki_bakarkuatik_parkinera.10.3

Laburbilduz, 5.75 kilometrotan 475 m igo behar dira, batez beste %8.26ko malda, baina gogorrena bukaeran dago eta horrek asko zailtzen du igoera.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Azurkiko igoera

Goitik behera bai, baina behetik gora ez dut gogoan inoiz igo izana. Azkenean, ordea, esan dezaket Lasturdik Madariagara doan bideko aldapatzarra igota daukadala.

Hiru abiatu ginen, baina gutako bat zakurtzar baten presentziaz beldurtu zen eta atzera egin zuen, berriz Itziar aldera. Beste biok ordea, zintzo igo genuen (mekaguendios batzuen laguntzaz, jakina).

Ibilbidea ederra da:

Bai eta profila ere:
 azurki

Ederki ikusten da aldaparen malda. Pena bakarra daukat: uztaila izan arren euri lanbrotan igo genuen, eta 20 metrotik haratago ez zen ezer ikusten, pena. Dena den, Azkoitia alderako bailaran lainorik ez zegoen eta gaineko “otarre” tabernako zerbezaren ondoren Azkarateko jaitsieraz disfrutatu ahal izan genuen. Pedalik ukitu gabe 76 km/h abiadura ikusi nuen nire aparatuan. Pelotoian a zer abiadura hartu ote daitekeen aldapa horretan!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , , , , , , , , | Utzi iruzkina

Donostiako bariante berrian bizikletaz

Donostiako bariante berria bukatu dutela esan dute goizean irratiz, eta ekainaren 20an oinezkoentzat eta bizikletentzat bakarrik irekiko omen dute. Eta kasualitatez egun hori gaur zen, eta bizikleta buelta egiteko zita egina genuen.

Goizean, zitara joan aurretik, interneten sartu eta erdi lotan nengoela entzundakoa egiaztatu dut. Halaxe zen, Baiona alderanzko bidea oinezkoentzat, eta Bilbo alderanzkoa bizikletentzat.

Goizeko bederatzitan surtidorera azaldu eta Imamoli plana komentatu diot, ez du ezetzik esan, eta beste biei komentatuko geniela esan dugu. Xubi bost minutu berandu iritsi da eta ezin ezetzik esan. Laugarrena, berriz, ez da azaldu ere egin. Parrandero zikina!

Azkenean, hainbat aldiz egin izan dudan bidea hartu dugu, Donostiarako bidea, lanerakoa, alegia, eta Usurbileraino joan gara bertatik. Han, kalezahar aldera egin eta maldan gora egin dugu, autopistaren azpitik, igara auzora doan bidean. Izan ere, hantxe hasten da bigarren bariantea, eta bertarako sarrera han jarria zeukaten. Behin autopistan sartuta, Lezorano joan gara bertatik. Hori da jende mordoa zebilena! hori bai, bat ez beste denak mantso. Izan ere gaur kebrantahuesos eguna izan da, eta azkar ibiltzen diren guztiak hara joanda zeuden. Ibilbidea honakoa izan da:

donostiakobariantea

Berdez markatutako bidea egin dugu, GPSak hartutako bidea da, izan ere, oraindik mapetan jarri gabeko bidea baita. Neuk openstreetmap mapetan bide berria jartzea erabakita neukan, horretarako eraman dut openmokoa, baina norbaitek aurrea hartu dit, eta ni mapa aldatzen hasterako, beste horrek hasita zeukala ikusi dut, beraz, niretzat lan gutxiago!

Astelehenean bide berria mundu guztiak ikusteko moduan dago: edonork  openstreetmap mapetan Donostia ingurua begiratzen badu, bariante berria ere azaldu egingo zaio. “garaolaza” eta “birasuegi” erabiltzaileei esker.

Zein gauza ederra den elkarlanean mapa eguneratuta mantentzea!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , , | Utzi iruzkina

Zarautz Gernika Zarautz

Ala Zarautz Gernika Lekeitio… Izan ere, Zarauzko zikloturistek hain ondo antolatutako proba ez bainuen bukatu.  Aurtengoan ibilbide berria izan du:



Eta ibilbide horri dagokion profila honakoa da:
zarautz-gernika-zarautz profila
Nik, ordea, ezin izan nuen ibilbide guztia egin, 113. kilometroan, Lekeition, pedala ardatzetik atera zitzaidan eta kotxe-eskoban egin behar izan nituen azken 50 kilometroak. Hurrengo urtean beharko du. Baina Imamolek, zintzo, dena egin zuen bizikleta gainean! Bejondeiola.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , , , , , , , , , , , , , | Utzi iruzkina

Matxinbentara joan etorria

Berriz ere ibilbide luzea egitea erabaki genuen: Matxinbentan bazkaltzen zenbat izango ginen esan beharra zegoen eta bertaraino joan ginen bigarren asteburuan jarraian. Bertakoek pentsatuko dute Zarauztarrok ez dakigula telefonoa erabiltzen…

Joana bide errezetik egin genuen, Azpeititik barrena, baina itzulera gure kebrantahuesos partikularretik egitea okurritu zitzaigun.

Horra ibilbidearen argazkia:

zarautz matxinbenta beizama errezil etumeta

Olentzeroren opariko GPSak markatutako bidea ageri da mapan. TangoGPS aplikazio librearen bidez ibilbidea grabatzen dit nire aparatu maitagarriak, eta gero grabatutakoaren argazkiak atera ditzaket, edota bikely.com-era esportatu. Halaxe egin dut, eta bikely bidez profila lortu dut. Horra profilaren argzkia ere:

matxinbenta_joan_etorria_profila

Ikus daitekeenez, bukaeran daude aldapa gehienak, Ñuarbetik Santa Agedarinoko igoera eta Arzallusetik Etumetarakoa dira gogorrenak, baina tira, eguzkitan eta giro ederrean, txoriak entzunez, gehiegi sufritu gabe egin genuen goiz-pasa. Izan ere, 100 kilometro inguruko buelta da. Bost ordu bizikleta gainean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , , , , , , , , , , , , , , | Utzi iruzkina