Aurreko sarreran aipatu nuen artritisaren aurkako tratamendua aldatu zidatela, baina horren arrazoiak ez nituen aipatu. Sarrera honetan horren berri emango dut, azken finean artritisari buruzko kontu guztiak jasotzea baita blogaren helburu nagusietako bat.
Lehen, 8 astean behin ziztada bat sartzen zidaten zainetan barrena remicade (infliximab) sartzeko. Tratamendu horrekin 8 urte pasa egin ditut: 2003ko apirilaren 13an sartu zidaten lehenengoa eta azkena 2011ko apirilaren 7an sartu nuen.
Hala ere azken dosiek ez zidaten 8 asteko atsedenik eman, ez horixe! azken aurrekoaren efektua 5. astean bukatu zen, eta ondorengo dosia bitarteko hiru asteak infernuaren parekoak izan ziren: mina, ibili ezina eta min gehiago. Horren ondorengo dosiak are eta gutxiago iraun zidan, hiru aste besterik ez! gainera, ez zidan behar adinako efekturik egin, eta ondorioz hurrengo dosia bitarteko bost asteak mekaguendioska pasa behar nituen…
Egoera horren aurrean Belzunegi Jaunarekin (nire druida maitearekin) hitz egin nuen eta tratamenduak efektua egiteari laga ziola esan nion. Berak aurretik komentatu izan zidan hori gerta zitekeela, beraz, ez zen gehiegi larritu, beste aukera batzuek ere badaudela esan zidan eta horietako bat emango zidatela.
Aldaketaren prozesua luzea izan zen, luzeegia! 5 astean zain egon behar izan nuen, alegia, ekainaren 2an eman behar zidaten remicaderen hurrengo dosia eta Embrelen lehenengoa ekainaren 3ean eman zidaten. Ondorioz 5 aste oso osorik pasa nituen artritisaren kontra borrokan inolako droga miragarririk gabe. Antiinflamatorioak hartuz, egun guztia kolokatuta pasa, baina hala ere minez, ikaragarrizko minez.
Eskerrak ospitaleko bezeroen arreta telefonora deitu nuen! prozesua azkartu ote zitekeen galdetu edo eskatu nuen bertan, eta horri esker, farmaziako arduradunak esan zidanez, aldaketa prozesua normala baino azkarrago joan omen zen.
Nik ez nekien zein izango zen droga berria, eta farmazian esan zidaten Embrel izango zela, azalean astero ziztada bidez neuk sartu beharreko droga. Autoziztada. Zeinek eta nik. Orratza ikusi orduko izerditan hasten den horrek! Dagoenekoz 9 dosi hartu ditut, eta egia esan izerditzeari ez diot laga, baina autoziztatzeko gai naiz, eta ez da gutxi.
Orain beste arazo bat daukat, dosia sartzen dudan lekuaren ingurua gorritu egiten zait; sabelean gorridura eta azkura agertzen zaizkit, izterrean sartuz gero gorridura, handitua eta azkura.
Gaur bertan joan naiz farmaziako arduradunarengana berak ikus dezan, eta erreumatologoarengana eraman nau, hark ere ikus zezan. Kontua da, droga aldatzea proposatu didatela… Erreumatologoa ez zen Belzunegi (nire druida), beste bat zen eta etxean dauzkadan hiru ziztadak sartzekotan geratu naiz, baina umera izeneko drogara pasatzeko aukera komentatu dugu. Ikusiko dugu ea zer erabakitzen dugun.