Granada erreka eta Iturriotz arteko koxka

Aurreko sarrera batean Pagoeta mendiaren inguruan egindako ibilbidea komentatu nuen, eta ibilbide horretan koxka berezi bat aipatu nuen: Granada Errekako jatetxetik Iturriotzeko bentara doan aldapa. Benetan gogorra da aldapa, honako profilean ikus daitekeen bezala.
granada errekatik iturriotzerako profila

Irudian ikus daitekeen bezala, hasiera latza dauka, lehenengo 120 metroek %17ko malda daukate, eta %6.6ko atsedenalditxoaren ondoren, %18ko 334 metro egin behar dira. Bertan zeuden betizuek ere begirada arraroa eskaini zidaten, eta txahal edo idizko batek adarrak ere erakutsi zizkidan mesfidati. Zati gogor horren ondoren, batere atsedenik gabe, beste 600 metro gogor daude, baina ez aurrekoa bezain gogorra: %13.8ko malda besterik ez baitauka zati horrek. Jarraian baserri bat ageri da bidearen ezkerretan, eta zati hori lasaiagoa da, 350 metrotan %7.6ko malda baitago; hor arnasa hartzen saiatzea komeni da, izan ere, ondoren beste zati gogorra baitago: 750 metro %14.4ko maldarekin! Pare horretan gurutzatu nuen oinezko bat, eta gora kilometro inguru geratzen zitzaidala esan zidan. Uste dut bizitzan egin dudan kilometro luzeena dela. Baserria atzean laga, zelaian gora egin eta halako batean ezkerrera 130 gradu inguruko bira ematen du bideak. Direkzio aldaketa honi esker Imamol zein urruti zetorren ikusi ahal izan nuen. Nire baitan nik falta nuena baino gehiago falta zuela pentsatu nuen, baina era berean, ni baino errazago joango zela bere plato ñimiñoari esker…
Zati gogor horren ondoren hainbat baserri dauden gunera iritsi nintzen, han beheranzko zatitxoa ere badago, eta eskerrak! Hala ere zati horretan %11ko malda dago. Egindakoaren aldean ezer ez. Ondoren basoan sartzen da bidea, eta 200 metro lasai (%7.8ko malda) daude etenik gabeko aldaparen amaieraraino.  Han goian bospasei asto zeuden… eta ni!
Bideak behera egiten du leku horretan, beraz helburua lortu nuen. Ur pixkat eran, zakurren moduan terrenoa markatu pixa parrasta eder batekin eta, Andazarratetik Iturriotzera doan bidea non egon zitekeen begiratzen egon ondoren, atzera jo nuen Imamolengana. Ez nuen asko jaitsi behar izan berarekin topo egiteko. Gaina bertan zegoela esan eta biok elkarrekin egin genituen bukaerako gora beherak, baso berde-berdean jira eta bira egiten duen bidean. Bide guztiko zati polittena dudarik gabe. Hala ere goranzko zati gogorrik ere badago; batez ere azken aldapa. Esprinterako egokia, baina jakin egin behar azken aldapa dela… Alegia, Imamolek traizioz irabazi zidala!

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude