Zizurkildik Oriora

Bide osoaren mapa

Bide osoaren mapa

Bide berrien bila hasi ginen batean mendi bide eta pista galduetan barrena joan ginen, baina helburura iristea lortu genuen. Zarauztik Aiara joan ondoren aurrera jarraitu genuen, eta Andazarratetik Asteasura jeitsi ginen. Handik Zizurkilera joan ginen, eta han Edurne Pasabanek daukan restaurantea ikustera eraman ninduen Imamolek. Salda edo zerbeza bana hartuko genuelakoan bertarainoko aldapa igo genuen, baina itxita zegoen eta geuk generaman urarekin konformatu behar izan genuen. Han geundela, bueltako bidea nondik egin erabaki beharrean geunden, eta bertako baserritar batekin berriketan jardun ondoren handik Oriora zuzenean joateko aukera bazegoela esan zigun. Eta balizko bide hori ezagutzea erabaki genuen. Lau kilometro eta erdi inguru aldapa gora, zati asko pistaz (asfaltorik gabe), eta bataz beste ehuneko 6ko malda. Goraino iritxitakoan ikaragarrizko aldapa beherantza, bi kilometro eta erdian igotako guztia baino gehiago jeitsi genuen (%12 inguruko malda). Bide guztian gu bakarrik, azeri edo basurderen bat ere izango zen inguruan, baina ederki ezkutatuta… Halako batean bide horretatik bidali gintuenak ziria sartu ote zigun pentsatzen ere hasi ginen, baina bideari jarraituz Orio eta Aia bitartean dagoen Santio auzo ingurura iritsi ginen, asfaltozko bide ezagunera alegia. Handik Oriora eta bukatzeko Zarautza itzuli ginen, saio ederra egin izanaren sentipenarekin.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , , , , , . Gorde lotura.

3 erantzun Zizurkildik Oriora-ri

  1. egilea: imamol

    Ahaztu egin al zaik, Joxeba, ziklokross saioa ere izan zela hura? Beherako mendi bidean oinez egin behar izan genian zati luze bat, oker ez banago. Bizitzan behin eginda, nahikoa.

  2. egilea: Loroño

    Beste aukera bat duk Abeletxe ezkerretara utzi eta errepidean gora egin gaina hartu arte, Andatza aldera. Gero zati bat ordekan eta handik behera Aginagara edo baita Santiora bertara Pagoederraga nekazalturismoko etxetik zehar. Baina hau mendi bizikletaz egin behar duk pistak jarraituz eta bidegurutzetan asmatuz. Itsasaldeko ikuspegi zoragarraia. Ea noiz animatzen zareten mandikleta hartu eta inguruko mendiak zeharkatzen. Ni laguntzeko prest.

  3. egilea: ziztazale

    Andatzatik Oriorako bidea oinez egiteko ez al da egokiagoa? Orain dela bi edo hiru urte egin genuen bide hori zarauzko haurren mendi elkartekoekin, eta bai, itsasaldeko ikuspegia mundiala da, baina Oriotik Aiara doan bidea utzi eta Andatza aldera (ekialdera) doan bidearen lehenengo malda ikaragarria da: mendikletarekin ere ez dakit igotzerik izango ote nukeen.

    Bestea, Andatzatik Aginagarako bidea ez dut ezagutzen, Usurbilerakoa bai, eta hori ere oso gogorra iruditu zitzaidan. Astapotro batzuek egundoko apustua egin zuten bertan: bat korrika, bestea zaldiz eta hirugarrena bizikletaz, ea zeinek azkarrago egin igoera eta jeitsiera. Ez dakit nork irabazi zuen, baina bizikletaz behera zijoana egundoko abiaduran pasa zen gure ondotik. Ez zuek bere amak ikusi!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude