Atzo bost bildu ginen bizikletaz Matxinbentaraino joateko, nik lau baietz esan eta bost abiatu!
nekatu gabe hau dena jan behar izan zuen boskarrenak…
Baina ez dakit boskarrena kontatu egin behar ote den… Goizeko 9:00tan egin genuen zita, eguraldia mundiala, lainotuta baina ateri, eta han hasi ginen pedalei eragiten. Lehenengo Meaga aldera jo genuen, eta haserako aldapa berotzeko baliatu genuen, poliki-poliki igo genuela alegia. Baina gutako bat ez zegoen poliki joatearen alde eta atzera begiratu ere egin gabe bere martxan jarraitu zuen. Gu lasai, Aizarnarako bidegurutzeraino. Hor hasten baitzen lehenengo koxka aipagarria. Aizarnan anaiari freskagarri bat eta fruta pixkat kendu, alegia, ordu laurdeneko atsedena hartu, eta segi Santa Grazira, berriz gora. Handik Arzallusera jeitrsi, eta Errezileraino geratu gabe. Errezilen bidaiako onena: salda, zerbeza edo freskagarria eta haragi egosi “pintxoa”. Dedios! ze ona zegoen. Baina, jakina, aurrera jo zuenaren arrastorik ez. Hark bere martxan joan behar zuen, gero gu poliki ibili ginela esateko…
Eta segi Bidegoienera, Tolosarako bidean Beizamara desbideratu eta hortxe zegoen gure zai Santa Agedarako pareta. Lauko taldea lau zatitan heldu zen gora, bakoitza bere martxan. Hiru kilometro txoro izanagatik bidai guztiko gogorrenak baitira. Hori bai, ondorengo jaitsiera mundiala. Eta azken txanpa, Ñuarbetik Ibai-Eder presarako igoera. Handik Matxinbentako jantokira egundoko bazkaria egitera. Eta zein egongo han asper asper eginda? Boskarrena! Guri mantso joaten garela aurpegiratu nahian. Orduan galdera: Zenbat denbora egin duk bizikleta gainean? 3 ordu eta 24 minutu. Guk bezalaxe! Hala ere, ez omen zen nekatu, ez eta izerditu ere… Baina begira zenbat jan behar izan zuen: