Etiketaren artxiboa: burutazioak

Diseinu trans-generikoa

Orain aste batzuk dela, Sustatu.com-en irakurri nuen enpresa batek emakumeentzat propio diseinatutako ordenadore eramangarria (“eskuko poltsa baten itxura duena”) jarri duela salgai.

Albistea, orain arte, bale, ez da oso gauza arraroa: talde zehatz batendako diseinatutako eta ekoiztutako produktu zehatz bat merkaturatu dela, kasu honetan, emakumeendako ordenadorea…

Harritu ninduena produktua bera ikusteak izan zen! Aluzinatuta geratu nintzen. Kontua da, gauza ultra-berri eta bereziki emakumeendako diseinatutako produktu hori oso-oso antzekoa dela (diseinuz behintzat, eta diseinua da, batez ere, produktu honetan saltzen dena) orain ia sei urte beste enpresa batek saltzen zuen ordenadorearekin konparatuz gero: produktoaren kontzeptua, forma, eramangarria izatea egiten duen kirtentxoa…

Ikusi iruditan, ezkerrean, orain bost urte deskatalogatuta dagoen Apple-en iBook modelo unisex-a: eskubian, ordez, orain emakumeendako bereziki diseinatutako ordenagailu “berritzailea”…

Marketing-aren bideak ulertezinak dira gero! Orain arte, ohituta geunden genero batendako egindako produktuak -merkatua eta negozioa handitzeko asmoarekin- bestera zabaltzen (prakak, krema hidratanteak…) baina, ikusteko nengoen, berez, genero biendako sortutako zer edo zer, epe motz batera, genero batendako bereziki sortuta eta eginda moduan saltzea…

Hurrengo teknika, akaso, generoka eta urteka txandaka saltzea. Batek daki.

Mezu-kate musikala

Etxeko lan zaila jarri zidan Gari Teknosexsualak : esanahi berezia duten bost abesti apartatu eta mezu-kate honekin jarraitzea.

Majo kostata baina, azkenean lortu dut (hori posible bada!) nire bizitza musikala bost abestietan konprimitzea. Hauexek dira aukeratuak:

Heroes. David Bowie

Abesti hau da, bakarra, inongo zalantza barik jarri dudana zerrenda honetan. Bere alde dauka gainera, urte hauetan egin diren ehundaka bertsio eder. Zuzenean entzun dudan azkena, Split-77 taldearena, portzierto, zoragarria.

Bidegurutzean. Gari

Hertzainak banandu eta gero, oso gustura hartu nituen Gariren lehenengo bi diskoak. Emozioz betetako abestia.

I will survive. Gloria Gaynor

Beti, ongi etorria. Ez naiz inoiz aspertu abesti hau entzuteaz. Lehenengo doinuak entzuteaz bat bihotza poztu egiten zait. Musikoterapia?

Hombres. Fangoria

Fangoriak, oso abesti onak eta aldi berean desberdinak ditu: ilunak, handinahi betetako technoa, lirikoak, barrakero samarrak,… “Hombres” taldearen onena erakusten du. Me encanta.

Ene begiek. Ruper Ordorika

Ez da gauza erraza hain hitz ederrak eta hain musika polita abesti baten elkarrekin aurkitzea… honetan, lortu dute.

Eta nik marroia, hurrengo hauei pasatzen diet:

Hamaika Edorta Arana.

Faroa Joxe Aranzabal.

Reala Eneko Azkarate.

Piperrautsa Mikel Irizar.

Mathiasen kopilotua Edu Mendibil.

La Razón-en kruasanak

Diseinuaren gaineko blog berri bat ezagutu dut Etiam lagunari esker: ProcessBlack du izena eta sakon-sakon begiratu ez badut ere, interesgarria ematen du.

Blog horretan irakurri ahal izan dut “La Razón-ek”:http://www.larazon.es/ promozio berri bat jarriko duela abian astelehenetik aurrera: egunkariarekin batera bi kruasan emango dituzte opari!

Atzo, (eta, bada kasualitatea gero!) Ansón anaiek hilabete eskas atera duten doako egunkariaren ale batzuk eskuratu nituen. Ahora du izena eta debaldeko beste egunkariak ez bezala, hau arratsaldez kaleratzen da. Egunkaria ikusi eta gero bi adjektibo artean nago zalantzan: beldurgarria ala barregarria da?

Hau bai dela sekulako bihotzerrea emateko moduko menua: goizean, *La Razón eta bere bi kruasanak eta, arratsaldean, Ahora*.

Zer da diseinugile izatea?

Nondik natorren eta nora noan jakiterik zail samar daukadanez, zer naizen, gutxienez, jakitea gustatuko litzaidake. Mahai gainean dudan hiztegira jo dut erantzunen bila: Diseinugile: diseinuak egiten dituena; diseinatzea lanbidetzat duena. Jakina, ondoren, diseinu zer den begiratu behar izan dut, hauxe da aurkitu dudan erantzuna: Diseinu: objektu artistiko edo funtzional, gailu mekaniko, egitura, sistema etab.en aldez aurretiko adierazpide grafikoa, sormenezko ideia baten arabera egindakoa.

Ondo dago. Definizio argiak eta sinpleak. Baina, badakizue batez ere zer den diseinugile izatea? bada, erabakiak hartzen etengabe ibiltzea.

Erabaki gutxi-gutxi batzuk orokorrak izaten dira: lanaren formatua, neurriak, euskarria, kolore paleta… baina, batez ere, diseinugile izatea, denbora guztian erabaki txikiak hartzen ibiltzea da, erabaki txiki mordo-mordo-mordoa: “Kolore hori, apur bar argitxoago”, “Izenburu hori bi milimetro goraxeago”, “Argazki hori %10 handiago”… eta horrela, egun osoan!

Akaso, ez da oso definizio zehatza izango eta beste lanbide askorentzako ere aplikagarria izan daiteke, baina horrela jarriko nuke nik hiztegian: Diseinugile: egun osoa erabakitxoak hartzen ematen duen laguna. “Diseinu”ren definizioa? Bada, erabaki txiki eta mordoaren batuketaren emaitza grafikoa. Hala!

Ikurra, logotipoa, marka eta prezioa

Logotipo, ikurra, marka eta horrelakoekin atzera eta aurrera ibiltzen naiz eta seguru nago guztietan ez ditudala zehatz eta ondo erabili. Egia esan, ez zait lar-larregi axola.

Kasu sinple eta garbienetan, marka batek (irudikapen grafikoaz nabil, beste kontu bat da marka, zentzu makro-orokorrenean hartzen badugu) bi osagai ditu: ikurra edo sinboloa (marrazkitxoa) eta logotipoa (izena esan dezagun, idatziz doana); eta bi horien batuketatik marka lortzen da. Beraz, Marka = ikurra + logotipoa.

Egia da askotan gertatzen dela elementuen arteko muga irudian ikusten den bezain garbia ez dela eta nahastuta agertzen direla (egin froga bestela eta aztertu burura etortzen zaizkizuen marka pare bat). Halakoetan ez da erraza zer den zer esaten eta izenak asmatzen ibiltzen gara eta gainera, sinplifikatze aldera egin barik ahalik eta izen handinahien bila joateko joera dago: definitzailea, kontzeptua, logo-sinboloa… Nik, eta batere akademikoa ez izan arren, logotipoa deitzen diet eta listo.

Kontua da sarritan gertatzen dela —eta honetara nentorren— zenbat eta izen zailagoa izan orduan eta prezio handiagoa!… Akaso, lan bikoitza egiten delako, batetik, logotipoa sortu (marka, barkatu!), eta bestetik, izena asmatu.