MIRAMON GARDEN

Maiatzean garen arren, oraindik ere,  eguzkiak lainoen erruz edo, zailtasunak ditu nere bizkarra berotzeko.  Halere, landaretza gehiegi hazi da eta hau orientazioko mapetan nabaritzen da. Kolore berdez margotutako eremuek, bertatik igarotzeko zailtasunak izango ditugula adierazten digute. Baina berdearen intentsitatea arina bada, ausardiaz jokatu eta esparrua konkistatzeko ahalegina egin ohi dugu. Aitzitik, saiakerak saikaera, ez dugu beti arrakasta izaten.

Gipuzkoako Ligako froga berri bat Donostian, Miramonen, izango genuela entzun nuenean, lasterketa garbia bezain azkarra izango genuelakoan nintzen. Parke Teknologikoak eskaintzen dituen bide, xenda eta antzerakoetan barna aparteko landaretza arantzadunik ez genuela aurkituko uste nuen. Horrela, eta lasterketa azkarra egin nahian, ohiko praka luzeak armairuan utzi eta motzak eraman ditut Miramona.

Irteera hartuko duen lehenengotariko abenturazalea naiz. Sportidenta START oinarrian sartu eta soinua entzun ahala begiratu diot mapari; “verde que te quiero verde” ahozkatu eta abiatu naiz balizen bila. Konfirmatu baino ezin izan dut egin; intentsitate ezberdinetako berdeak badira ere, denak dira eremu zikinak, eremu pasaezinak. Halere, eta norbaiti aurka egitearren edo, eta bi aldiz pentsatu gabe, sastraka artean ditut ene berna depilatu berriak. Tatuai naturalenak eramango ditut etxera. Miramon Garden.

Balizak erritmo politean poltsikaratzen nabil. Leku hezea iruditzen zait ingurua; errekak banatzen dituen bi mendi-mazelak lotzen dituzten eskailera pikoek torloju tankerako piezak dituzte itsatsiak. Antza, zurezko eskaileretan ez irristatzeko jarriak. Orokorrean eta sastrakaren batek utzitako markei kasu handirik egin gabe, froga garbia daramat. Baina lan erdiak eginak ditudan horretan, asunez betetako paradisu bat ezagutu dut. Tatauaia berehalakoan gorritu zait.

Dagoeneko azken- aurreko balizara iritsi naiz eta helmugatik gertu dagoenez, erraza izango delakoan nago. Biana kaka zaharra!!! Bertan galdu ditut beste hainbatetan irabazitako minutu preziatuak. Gaintxo baten ezkutaturik dagoen baliza pikatu eta helmugarantz abiatu naiz; polita benetan bukaerako ahalegina egiteko prestatu duten sprinta. Nekatuta eta esandako tatuaien jabe, bukatu dut Miramongo froga.

Gaurkoan ere ikasi dut zerbait. Ez pentsa. Hurrengo baten, Boulebarreko turismo bulegoan Miramongo sastraken inguruko botanika liburuxkaren bat dagoen galdetuko dut. Gaitza izango da horrelakorik aurkitzea, baina tira. Santxis eta Jokanok bertsio berria egin behar izango balute, Miramon Garden ere aipatu beharko lukete, bederen. No es tan bonita como la pintan, en esos jodidos mapas que te dan para veranear.

Eskerrik asko Oskar, Alberto eta orokorrean GOT. Zein ederra den horrelako frogekin gozatzea.

Orientazio denboraldiak ez du etenik eta datorren asteburu honetan Lizarra aldera jaongo gara bertako RAIDaz gozatzera. Diotenez, edo halako ospea du behintzat, bizikletako jarduna erosoa da. Entrenamenduren bat edo beste eginak dudanez, Ibarrako Raidean baino indartsuago egon gurako nuke Lizarran.  Donostiako kronika ordezkatuko du Lizarrakoak. Ea bada.

Argazkia: Juan Carlos Hernandez

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude