SEVILLARA EZIN HELDU

Diseinuzko erloju erraldoi bat ageri da hormarik txurienean. Berunezkoak diruditen hodi amorfoek eusten duten karpari itsatsi nahian edo, markatzen ditu segundu eta minutuak. Oinarrian soilak diruditen arren, formei emandako konponbide teknikoak konplexuak dira. Eraiki berri duten tren geltoki izoztuan nago.

Bide luzea dut Sevillarakoa. Une batez, eta geltokiko nasak jendez betetzen hasi direnean, etorri zaizkit gogora Giralda eta Triana bezalako inguruak. Expoa ospatu zeneko bazter aldrebestuak ere, piztu du arretarik nigan. Alboan dudan gizonari darion usaiak trenaren zai naizela gogorarazi dit. Iparrerantz begiratu dut baina ez da oraindik trenaren siluetarik ageri; han, urrutian, lausotua ikusten dut hogei bat metro inguru izango dituen eraikinean iragarki kartela. Ezin izan dut irribar inozo bat saihestu; izan ere, motxilan ditudan zapatilen marka iragartzen duen kartela da eta.

Azken bagoiko eserleku bigun batean eseri naiz. Jakin badakit bidai honetako lehen orduak ez direla izango erosoak; gero, eta kilometroak irentsi ahala, izango dugu lasaiago bidaiatzeko aukera. Motxilatik goizean presaka sartu ditudan liburutako bat hartu dut; dutxatu eta bizarra mozteko astirik baino ez dut izan. Bekokian zimurrak markatu zaizkit liburua Extralurtarrei buruzkoa dela kontururatu naizenean.

Tunel ilun eta luze baten sartu gara. Garai batean Urolako trenak zituen haiek etorri zaizkit gogora. Estuak, ilunak eta hezetasuna mendiari lapurtzeko ahalegin antzuan irudikatu ditut. Bagoiko argiek hodi amaigabetik babestu nahi baligute bezala, agertzen zaizkit. Mobila hartu dut eskuetan, kobertura ote dagoen egiaztatu nahi izango banu bezala, eta orduan, nabaritu dut ilunatsauna argitzen hasi dela.

Asko izan dira bata bestearen atzetik pasa ditugun tunelak. Haien artean lehian ariko ziren trazan nabaritu ditut. Ea zein den luzeagoa, zein ilunagoa edota zein hezeagoa. Sevillako giro lehorrak doituko dituen pretzepzioa garatu dut. Heldu baikara bidai aldrebestu honen lehen geldialdira.

Atzean utzitakoak gogoratu ditut une batez. Urtarrileko lehen astean mendiak ezezik kaleak ere, zuriz jantzi zirenekoa edota goiz hotz eta izoztuetako batean, lorategiak ohialez estali izan behar zituztenekoa. Motxilak edota maletak pisua galdu dutela iruditzen bazait ere, agian goiz da oraindik horrelako ondoriotan itotzeko. Tunelak ilunak izaten jarraitzen dute, nahiz eta, oraindik ere, argitasunera heltzen garen.

Bihurgunerik gabeko tartea da antza. Nire liburuko extralurtarrak ez dira berdeak, kolorerik gabeko marrazkiak ugariak dira liburutegian maileguan hartu dudan liburuan. Aria galdu eta derrigortuta edo, begiak batu ditut denbora batez. Betis eta Sevillaren arteko norgehiagoka bat edota flamenkorako oholtza marraztu ditut extralurtarren ontzi espazialean. Nekeatuegia nago antenadun alienigenekin solasean egiteko.

Trenak egin duen mugimendu zakar batek esnatu nau. Ez nago gustura bagoiko eserleku bigunean. Sartu berriak garen tunelaren iluntasuna orain artekoen aldean, are ilunagoa da, beltza da benetan. Ate automatikoaren gainean dagoen argi gorria piztu da; dardarka dabil eta pasaiariak, ni bezalaxe, artegaturik nabaritzen ditut. Egonezinak geure eserlekuak alde batera uztera gonbidatu gaituenean, bozgorailuetatik ahots robotiko batek trena ustu behar dugula adierazi digu. Bidaiaren amaiera ustekabean heldu zait. Sevillarako bidean tunel ilun eta heze hau agertu zait.

Geltoki honek ez du horma txuririk, ez du erloju erraldoirik. Beruznezkoak baino erdoilduak diren burdinezko zutabe perfektuegiak apaintzen dute eremua. Otu naiz bada, Sevillaren ordezkoa bilatu beharko dudala. A Coruña agian, Bartzelona beharbada. Une honetan naizen geltokitik ihesi, tunel ilunetik kanpora. Hemen hasten da extralurtarren liburuaren bigarren kapitulua. Ondo izan.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude