Tabernara sartu naizenean Kontxiren bila hasi naiz oharkabean. Egurrezko mostradore zaharraren atzeko aldean egon ohi zen, lehen bederen. Halere, oraindik berniz usaia nabaria delako edota bonbila zaharren hori kolorerik ez delako nabari, Txaketuan baino Txaken naizela ohartu naiz. Led erako lanparek argiztatzen duten mostradore luzera abiatu bagara ere, erdi bidean geratu gara hormatik zintzilikatua den pantailari so; garai bateko erretratuen dantzak gau eder baten hasierako momentua girotzeari ekin dio.
Harriduraz eta gustu handiz jaso nuen egun onetarako gonbidapena. Izan ere, adinean aurrera goazen aldetik, ez nuelako gertuko lagunen baten ezkontzarik espero. Koadrilako sukaldariak paperak sinatu eta beharrezko kontuak formalizatu behar omen ditu eta hau ospatzeko aipatutako tabernan elkartuko gara. Kasualitate hutsa izan bada ere, Mitxelin izarrak banatu dituzten aste honetan; zalantza barik, guretzat, diren guztiak merezi ditu gure DiverXo partikularrak.
Gaurkoan baina, Oihana da zuriz jantzita datorrena; soineko eder batekin egin du tabernarako sarrera eta haren ondoan, alkandorako botoiak lotzen asmatu duen gizasemea. <<Soineko zuriz jantzia, buruan orlegi, bihotzean sua>> dio Benitoren kanta ezagunak; eta han, led lanparen argia ezerezean gelditzen den espazioan, agurtu eta zoriondu dugu bikotea.
Niretzat esanahi handiko gaua da. Aspaldiko, txikitako, lagunekin elkartzeko aukera ederra da. Herri berean, bizi bagara ere, arrazaoiak arrazoi, ez dugu elkarrekin egoteko aukerarik bideratu. Betiko lagunekin berba egiteak, dagoeneko ahaztu samarrak ditugun pasadizu haiekin gogoratzera eramaten gaitu; oroimin edo malenkonia arrastoak, non- nahi. Gustura nago, estimu handitan ditut lagunak.
Mobilarekin argazki erreportai txukun bat egiteko ahaleginean dabilenik ere bada. Aldiz, vintage tankerako instax mini 9 delako kamera modernoa ere badabil bueltaka. Egungo selfie erako erretratu kurioso batzuk atera eta momentuan ikusi ditugu paperean; irudiak agian, besteren baten, hormatik zintzilikatutako pantailaren baten ikusiko ditugu etorkizuenan eta orduan, gaur bezalaxe, konturatuko gara denbora ez dela alferrik pasa.
Mojitoz bustitako piruletak ere heldu dira azpiletan. Duero aldeko Erriberako ardoa eskas balego bezala, Nafarroako moskatel goxo bat ere dastatzeko aukera izan dugu. Orduan etortzen dira gogora, nozbait jandako atun tortila bokatak edota Mariluneko ping-pong mahai ofizialetako partidak. Eta halako baten, bigarren saiakeran bada ere, Xaguxarren pote bat hartzeko proposamena dator. Aldiz, lehenik eta behin, erretratu ofiziala atera beharko dugu Loquilloren Cadillacean; << y dice la gente que ahora eres formal….>>>
Atera gara Txaketik. Oraingo honetan ate nagusitik. Ez arkupetara ematen duen leihotik. Sukaldariaren paperak eginak, gau eder bat bizita. Ea laster batean, berriro ere, elkartzen garen. Urte askotarako Oihana eta Inda, DiverXo zai duzue.