Gorbea aldeko lasterketa zoragarri batek eman dio amaiera Iparraldeko Raid Ligari eta bide batez nire denboraldiari. Aurreko urteko azaroan hasi zen denboraldia gazi gozoa izan da; ez dut lasterketa ezberdinetan sentsazio onegiekin lehiatu. Parte hartu dudan frogetan gustura ibili banaiz ere, ezker izterreko kontraktura malapartatuak, ez dit behar besteko mailarik ematen utzi. Aitzitik, gustoko lekuan aldaparik ez dagoenez, egutegia lehiaketa egunez beteta izan dut. En fin.
Neguko hotz egunetan aritu nintzen Kanaria Handiko maratoia gertatzen. Eta gorputza hotz eta hezetasun puntu jakin batekin ezkonduta duzunean Sirokorekin egin behar topo. Klima ezezagun bateko kilometro beroak irentsi nituen urtarrilean; zaila egin zitzaidan hidratazio eta gatzekin kudeaketa prefektu bat erdiaestea. Eta beraz, azken kilometroak ohi baino luzeagoak egin zitzaizkidan.
Marotoi osteko lehen konpetizioek frontalaren beharra izan zuten. Izan ere, batetik , etxean, Aloñako igoera bertikalean hartu nuen parte; gauez atera ginen erreka zulotik Boutraitzerainoko maldei aurre egiteko. Eta bestetik, Oionen gauez jokatu zen Raida aipatu behar. Biak ala biak, ederrak.
Merezitako atseden laburraren ostean heldu zen orientazio denboraldia; orientazio espezifikoari eta Raid munduari dagokiona alegia. Adinean aurrera banoa ere, M35eko kategorian ausartu naiz oraindik ere. Galiza aldeko baso sastrakatsuetan edota Euskal Herriko malda pikoetan aritu naiz balizen bila; harkaitzak, zuloak eta antzerako elementuak mapetan bereizten edota iparrorratza dagokion puntu kardinaletara orientatzen. Ibarbidetan behera ibili naiz, elurretan ere Orduña aldean edota bustita, blai eginda, Añarbeko baso hezeetan.
Orientazio eta Raid denboraldia uztartzea erraza ez bada ere, ganoraz kudeatu ahal izan dudala aitortu behar. Etxeko erreginekin tratuak egitea balekoa ei da. Esate baterako udan, Campoo Yuson ospatutakoa aipatu behar; leku zoragarri bat ezagutzeko aukera izateaz gain, orientazioaz disfrutatzen. Fenomeno.
Raid udatiarraren ostean izan da besterik. Udako oporrek bukaera Rogaineroa izan zuten. Aralarren aritu ginen 6 orduz mimo handiz antolatutako orientazio froga erraldoian. Denboran zehar urak zizelkatutako erliebe gaiztoenetan barna; oinak zulo edo osin ezkutuetan ez sartzeko ahaleginean. Rogaineek eskatu ohi duten estrategia egokia hautatu genuen antza. Itxuraz asmatu geneuen balizak jasotzeko ordenarekin. Podiumean ateratako argazkiak borobildu zuen Olasa eta bion eguna.
Raid guztietan izugarri disfrutatu dut. Eta denak nahiko nituzke aipatu. Oioneko iluntasunean, Errioxako lautadetan, Campooko urtegian piraguan, Ortuellako mehategietan, Imanolek maisutasunez antolatutakoan edota Arratiako froga zoragarrian. Lizarrakoan, etsipenez bada ere, kale… Atletismoa maite dudala gauza jakina da; makina bat gozatu dut cross, maratoi eta antzerakotan konpetitzen. Asko eman dit atletismoak. Eta orain markak, denborak eta dena delakoak bigarren maila batean ikusten ditudanean egin dut topo orientazioarekin eta batik bat, Raidekin. Lagun berriak ezagutzeko aukera eman didate; kategoriako lagunak, bai horixe. Eta lagun hauei esker ezagutu ahal izan ditut ezezagunak nituen makina bat leku. Eutsi lagunak!!
Horrela, eta nahiz eta,denboraldi osoan lehiatzeko sentsazio eskasekin aritu, denboraldia bikaina izan da. Orain, atseden pittin bat hartzea dagokit. Familiaren laguntzaz indarberritu eta laster batean izango naiz berriro ere egutegiak aztertzen eta erronka berriak diseinatzen. Ondo izan.