DOÑA LOLA

Murgiatik gertu, Lukiao herri txikian, hartu genuen ostatu ostiralean. Abeziako mendietan asteburuan izango ziren orientazio frogez gozatzeko gerturatu ginen inguru horietara. Kale estu eta aldapatsu batetik egin genuen gora eta heldu ahala, maniobra akrobatiko bat egin behar izan nuen kotxea ganoraz aparkatzeko. Etxea ederra zen; aintzina baserrietan erabiltzen ziren tresnek apaintzen zituzten hormak. Maletak desegin eta afaria gertatu bitartean basoerdi bat ardo, guztion mesederako.

Izarratik pasa ginen larunbatean Abeziako herrira iristiko. Bertan jokatu zen luzera ertaineko orientazio froga. Nire irteera orduaren zai nintzela, arratsaldean Oñatin izango zen duatloi lasterketa etorri zitzaidan gogora; gero jakingo nuen ederto antolatutako lasterketan Gurutze Frades eta Jon Unanue izan zirela azkarrenak. Lokatzez zikundutako basabidetan galtzera kondenatua ikusi nintzen lehen balizaren bila atera nintzenean; izan ere, astean zehar izandako euriak elurra urtu eta lupetza zabaldu du eremu osoan. Aldiz, itxuran moldatu nintzen harik eta mendian gora egin eta maindire zuri batek bide madarikatuak estaltzen zituen arte.

Bost gradu baino gehiago ez zuen termometroak egun osoan markatu. Orientazio jarduna arras zaildu zuen elurrak leituta utzi bagintuen ere, “ Doña Lola” ezagutzeko aukera izan genuen. Izarrako taberna atsegineko salda beroak konpondu zuen arazoa.

Igandean Bat eta Guse ikusi genituen Abezian. Bat izeneko artzai txakur dotoreak jolasgura erakusten zuen bitartean,  Guse eta biok orientazio kontuez ezezik,  gai  xelebreagoak lantzeko aukera ere izan genuen.  Contadorrek ezin izan du Paris Nizakoan Thomas mendean hartu edota Guerrero eta Arroyo bilakatu dira, atletismoan, errepideko 10 kmko Gipuzkoako txapeldun…

Aipatu gurako nuke ere, zein pilota partida hotza jokatu zen igande arratsaldez Donostian; Abezia aldeko hotzaren parekoa. Ander Imaz gazte oiartzuarra jarri zuten Albisuren lekuan eta saiatu bazen ere, Victor eta Untoriak etengabe erasotu zuten gaztea. Bederatzian gelditu ziren Artola eta Imaz.

Geure asteburu partikularrean Goiuriko ur- jauzia ikusteko aukera izan dugu. Duela gutxi, prestatu berri duten behatokitik ikus ziteken irudia ikaragarria zen; Altube ibaiaren negarra 100 metrotako sakoneran galtzen zen. Eta ibai azkarretan dabilen Maialen Chourrautek eskuratu du Rioko olinpiar jokoetarako txartela. Lasartearra La Seu d’Urgulen azkarrena izan da. Zorionak.

Gorbeiako mendigunearen eta Urduñako haitzen artean bada zertaz disfrutatu. Erreka- zintzurrak pagadi eta harizti ederrekin nahasten dira errekek sortu dituzten erlebiezko forma ikusgarrietan. Erliebeak gaiztotu direla ere entzun dugu gertuko lekuetan; Ondarroan mendi-hegal batean sortu den pitzadura eta Eskoriatzako luizia esaterako.

<< Eguzki eta euri, martxoko eguraldi >> ei da. Asteburu honetan bederen, tregoan izan gara euriarekin. Familia giroan gozatu dugu Lukioa herriko etxe erosoaz eta txinpartak atera dizkiogu iparorratzari basoan. Erreka- zintzur ederrak ikusi ditugu eta adiskideekin egin dugu solasean.” Doña Lola” ezagutu dugu. Izan bitez horrelakoak edo antzerakoak datozen aste- bukaerak. Ondo izan.

ORIENTIN ABEZIA

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude