OTSAILAK 29

Eguzki- urtearen iraupena geure egutegira ahalik eta zehatzen egokitu beharra dago; horretarako erabiltzen dira bisurteak. Doikuntzak egingo ez bagenitu, urtaroak egutegian mugitzen joango lirateke. Gaur otsailaren 29a dugu, doikuntza eguna da beraz.

Hilabetearen hasieran ez zuen euririk egiten eta haren falta sentitzen genuen. Azken egun hauetan aldiz, zaparrada ederrak izan ditugu geurean. Badirudi hilabetea, hezetasunari dagokionez bederen, doitu beharra dagoela. Beharbada Txikon handiak ere, horrelako zerbait erabakiko zuen; alegia, udaberrian mendi dexente igotzen direnez, neguko igoerekin doitu beharko dela kontua. Mendizale bizkaitarrak eta bere hiru lagunek historiaren beste pasarte bat idatzi dute; Nanga Parbat, 8126 metroko mendia, neguan lehen aldiz igo dute.

Mendi kontuekin hasi naizen honetan ez nuke aipatu gabe utzi nahi asteburuan izan den Altitoy lasterketa. Euskaldun ugari batu ditu Pirineotan egiten den eski lasterketa honek. Kilian Journet ezagunarentzat izan da txapela; Matheo Jacquemoud izan du lagun. Eta momentuak horrela eskatzen duelako, ardoz apaindutako argazkian duzue irabazlea beste txapeldun batekin, Sir Pelayorekin.

IMG-20160228-WA0001

Outletean jarritako artikuluak ere izan ditu asteburuak; azken hilabetetan dendan saldu ezinean ibili diren praka, alkandora eta dena delakoak atera dituzte prezio merkeagoan. Hasierako inbertsiaoa doitu beharra dauka saltzaileak. Esan didatenez, euritako dezente saldu dituzte. Zergatik ote?

Cross denboraldi ankerra bukatzear dago. Madrilen, Zarzuelako zalditegian, ospatu zen atzokoan kluben arteko Espainiako txapelketa. Euskaldunen artean Aloña Mendi ordezkatu zuten mutilen lana nahiko nuke nabarmendu; Yeray eta Sergio oñatiarrek lan bikaina burutu zuten Cruz, Revuelta eta Tasiorekin batera. Lehen hamar onenen artean sailkatu ziren. Bestetik, Odriozola oreretarrak bigarren amaitu zuen Espainiako martxa txapelketan; udan izango diren Joku Olinpikoetan egoteko gutxieneko marka erdietsi badu ere, estatuko arautegiaren arabera bigarren saiakera bat egin beharko du Rion egoteko. Outletean doitu beharko du  Olinpiadetarako salbokonduktoa.

Esaera zaharrak dioenez, otsailean atera ohi dira hartzak lezetatik. Hartzei berdin izango zaie egutegiko egunak gregorianoak ala julianoak izan; agian, outleteren beharrik izanez gero, laino euritsuenetan bilatuko dute bidea. Ondo izan.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude