PUNTU PUNTUAN

Puntu puntuan esnatu zitzaigun ostirala. Izan ere, Goienaren eskutik PUNTUA izeneko ganorazko aldizkaria jaio baita. Benetan atsegin dut eman dioten formatua;  arina, freskoa eta irakurtzeko atsegina iruditzen zait. Ohore bat izan da lehen zenbaki honetan ekarpen txiki bat egitea. Izan beza ibilbide luze bezain oparoa.

Eta oparoa izan bazen ere  arbolapetako zuhaitzaren bizia, gaixorik, agur esan behar izan zien Arrasatearrei. Orain, eta horren gerizpe goxoaren faltan gauden honetan, bozketa bidez aukeratu beharko da zuhaitz berria. Astigarra, ezkia ala haritza izan, gustu handiz egingo diote harrera herritarrek zuhaitzari eta bide batez, “ puntua”  hartu beharko zaio. Eta bada Bizkaia aldean ere antzerako zerbait gertatu zaion zuhaitzik; nonbait, Gernikako arbola lehortu egin da eta honen ordezkoa udaberrian helduko da.  Baina bada gaixorik, eta ezinean, zendu zaigun gizasemerik ere; Josu Uribetxebrria arrasatearrak barikuan itxi zituen begiak betirako. Espetxe politika konponbidean oinarritu behar den beste adibide garbi eta krudel bat dugu Josurena. Aurrera boile!!

Altxorraren bila aritu denik ere izan da asteburuan. Oñatiko Ganbara Txiki abesbatzaren eskutik, Julio Verneren obra ospetsua musikatu baitzen primeran.  Zubikoa pilotalekua uharte bilakatu zuten zapatu arratsaldean; abenturak irudimenera ekarriz, altxorrak, melodiak eta dantzak istorioz jantziz. Gaitz erdi, ez zuen ikuslegoak abordaiarik eragin azken txalo zaparradarekin.  Uretan baina uharte malapartaturen baten faltan, gogotik  aritu ziren Zubikoako igerilekuan triatletak; izan ere, Oñatiko triatloi taldeak antolatuta errelebu lasterketa bat ospatu zen. Ahalegin guztiek sariren bat izan ei dutenez, kirolari saiatu hauek altxorra dutxa osteko askarian aurkitu zuten; berriketaldi ederra eta beraz, giroa, bere punttuan.

Bada munduaren bukaeraraino joango den abenturazalerik ere. Euskal Telebistak antolatu eta eskaintzen duen reality-an izan dira lau debagoiendar. Tartean muturreko frogak egin behar izaten dituztenez, gogorra izan omen da bizitakoa. Baina bukaerako altxorra aurkitzeak edo lortzeak  izan beharko du oztoporik, ez da? Esaterako, Berrizen ospatu zen Bizkaiko kross txapelketan ere oztopoa jarri zuten. Lokatzak, horren eskuzabal, eskaintzen dizkigun zailtasunak urriak direnez, mugimendu hipiko aldrebestuenak erabili behar izan nituen belarretan ezarritako ohola igarotzeko.  Zentauroak ikusteko aukera Berrizen, to!!!

Kolonbiako Cali hirian txirrindularitzako Munduko kopa ospatzen ari da. Bertan, beste behin, Leire Olaberria maila bikaina ematen ari da. Atzokoan Omnium izeneko frogan zilarrezko domina erdietsi zuen. Froga honetako diziplina guztietan eman behar duzu maila eta Leire, zeregin honetan, aparta da. Ttak!!! Bere punttuan.

Danbor doinuak entzungo ditugu gaurkoan. Sebastian bat badelako zeruan eta Donostia bat bakarra munduan.  Sarriegiren berbekin jarriko ditugu puntuan altxorren uharte, arbola santu edota oztopoak. Ez dakit Sebastianen konturik entzungo den Filipinetatik; han ere badelako uharterik, han ere badelako egun hauetan, eliztarren iritziz, zuriz jantzitako Santurik. Altxorraren uhartean, munduaren amaiaren eta askorentzat,  bakarra munduan. Ondo izan.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude