ILBELTZA

Urteko lehen hilabete honetan, han eta hemen, pasarte ugari ari dira gertatzen. Geurean bada hilabetea adierazteko beste era bat: ilbeltza. Agian, beltz koloreak negu giro latz eta hotzari egingo dio keinu; edota, behar bada, ekonomikoki suposatzen duen aldapa gogorrari. Dena den, tenperatura baxuak eta isipoltsa antzuak alde batera utziz, egunkarietako orrialdeak gai odoltsu baten inguruan idatzi dira. Izan ere, Parisen gertatutako eraso yihadistek albiste, elkarrizketa eta interpretazio interesatu ugari ekarri dituzte ilbeltzeko panoramara. Izuaren aurkako  aldarri orokorra izan omen zen atzokoan Frantziako hiriburuan. Munduko liderrek ateratako selfie dotorea zabaldu zen mundura; aurpegi biko jendaila, estanpa azalutsa. Herri musulmanak ez du selfie kirten horien beharrik; kultura, ohitura eta erlijioen errespetuan oinarritutako jokabideei atera  beharko liekete erretratua.

Badira ere, geurean errespetatzen ez diren oinarrizko eskubiderik.  Urte gehiegi daramatza euskaldunon herri honek dagokionaren bila, lapurtu ziotena berreskuratzeko lanean;  baina interesatuak itxura petraleko selfieak ateratzeko ahaleginetan baino ez du borondaterik erakusten. Beste behin, Bilbo txiki geratu zen larunbatean presoen aldeko aldarrikapenean. SARE  euskal presoen eskubideen aldeko plataformak deitutako manifestazioa arrakastatsua izan bazen ere,  ikusi dugu zer nolako erantzuna eman duen Espainiak.

Irribarre bat ere jarri nahiko nioke asteburuari. Donostiako Nazioarteko krossean izan nintzen atzokoan.  Ekitaldi hau berezia izan da niretzat; izan ere, alabetako bat ere, benjamin mailako lasterketan izan baitzen lokatza dastatzen. Emozioz gainezka ikusi nuen bere lasterketa; begiak beteta, aita gustura. Astuna eta gogorra izan zen atzokoan Lasarteko hipodromorako prestatu ziguten ibilbidea; nahiz eta, ezin pausu zuzenik eman, atletismoaren esentzia purua odolean sentitzea  itzela da. Ospatu ere, ospatu genuen, horixe; bazkariko giro, tertulia eta konpainia ere, itzela.

Sagardo denboraldia zabaldu den honetan, koparik gabe mozkortu ezingo den taldea dugu Gasteizen. Laboral Kutxa Baskoniak ezin izango du aurtengo denboraldian Errege Kopa jokatu; buruko min makala Kerejeta lazkaotarrarentzat. Eta giharretako minik ere izango dute atzokoan Espainiako ziklokros txapelketan parte hartu zuten txirrindulariek. Lupetzak lokaztegi bilakatu zuen XIxoneko baratza; lehiakideak oinez ere, lurrera erortzen ziren ezinean. Meritu handiko beste kirol jarduera honetan ere, oñatiarrek izango dute zer kontatu,  zorionak!!!

Messi eta Luis Enrique , nonbait ez daude haserre. Eibar primeran dabil primeran eta Athletic eta Erreala ezinean berriz. Olazabalek ere, ez du partidarik irabazten eta eskubaloiak, beste kirol batzuen pare, oraindik ere, ez du lekurik egunkarietan. Aste berrian, urrezko baloiaren jabe nor egingo den begira izango gara, beste herrialde askotan Parisen gertatzen direnen pareko ekintzak izango direnean, adibidez. Minutuko isilunerik gabe, egunkarietan idatziko ez diren lerro mutuetan azalduko diren moduan,  arduradunen izenak kamuflatuak dauden eran eta herri xumeak minuturik latzenak jasaten dituen bezalaxe.

Urtarril hotza neguaren bihotza ei da, horrela dio behintzat atsotitzak. Eguzkia den bitartean gozo samar izaten gara baina goiz jelatuek kotxetako beiran uzten duten arrasto zuriak, hamaika beharleku ematen digu goizetan, garajerik gabeko automobilak ditugunoi bederen.  Hotza azala lehuntzeko ahaleginean badabil ere,  askoren azala oraindik ere gehiago gogortzeko jarduna nabarmentzen da Paris, Madril edota Andarton.  Guk geureari. Ondo izan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude