UZTA

Zelai, soro eta gainerakoetan jarduten du nekazari nekaezinak. Han eta hemen aleak dagokion urtaro edo sasoietan landu eta denbora jakin batera uzta bildu behar izaten du. Maiz ez da laboraria gustura agertzen, uzta ez baita nahi besteko emankorra izaten. Izerdi tantek hitz egingo balute,agian, uztarik perfektuena ekoizteko bidean izango ginateke; aldiz, eguraldi aproposaren premian dagoen baserritarrak Isidro izeneko bati begiratzen dio fedez.

 San Isidro gogoratu dugun asteburu honetan ez dugu chotisik  dantzatu. Ziorlan amaginarrebaren otordu gozoa dastatu ondoren, barraketako musika entzutera gonbidatu ninduten alabek.  Karabinarik itxurosoena eskutan, zotzak apurtzen saiatu nintzen zintzilik ziren panpinetako batzuk lortzeko. Aitzurra erabiliz zotzak errazago eroriko baziren ere, < guapa> esanez limurtu nuen tiropitxoiko beltzarana. Patriketako txanpon guztiak xahutu aurretik hiru panpinak hiru alaben besoetarako bidea hartu zuten. Uzta ederra.

 Uzta zeharo aldrebestu zaio Errealari azken jardunaldian. Europan lehiatzeko alfonbra gorria zabalik zuen horretan, kale egin eta uztailean ere, uztaren hilabetea izanik, badu zereginik. Iruña aldean berriz, kazkabarrik bortitzenak eraman du pikutara uzta; langatu eta ereindakoak ez du antza bukaera onik izan. Sadarren gertatutako lurrikara txikia lehen amesgaiztoa baino ez zen izan iruindarrentzat. Ez dago Erresumako hiriburuan chotis, fandango edota jota alaietarako gogorik.

 Ehotu behar izaten den uztarik ere ezagutzen dugu. Getxoko Aixerrotak bertan jokatu den denboraldiko lehen Raiderako ahaleginak ehotu, birrindu zituen larunbatean. Neguri aldeko etxe dotoreak alde batera utzi eta Plentziaraino eramaten ohi gaituen inguru ederrean aritu ginen balizak bilatzen. Beti ere, Iñigo lagunaren lizentziarekin, han eta hemen naturak eskaintzen zizkigun erretratu ederrei so gelditzen ginen gustura. Plentzian bertan ere, begiak izoztu zitzaizkigun bertako kala nudistan ikusi genituen tontor ezberdinekin; beste elementu batzuk aldiz, Bizkaiko Zubiaren pare, zintzilik ziren bitartean.

 Beste zelairen bat ereiteko intentziorik ere izan da Urkulu aldean. Otala- Zelaiko krossa izan zuten igande goizez. Bertan Lanz legazpiarra izan zen azkarrena urtegiari bira osoa emateko orduan. Eta Urbia aldean ostera, Eskualde arteko Erabakitzeko Eskubidearen aldeko Giza Katea egin zuten; etorkizuneko uztaren zain egoteko, erein beharra dagoelako.

 Hala bedi. Algortako portu zaharreko sirenoak, chulaporik dotoreena bailitzan, uretan egingo du dantza. Eta Isidroren organiloak uztarako sasoia markatuko balu agian, Fermin eta Sebastian erosoago lirateke datorren denboraldiari begira. Ikazkinarekin beltz, errotazainarekin zuri.Ondo izan.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude