DOTORE BAINA HOTZAK 

Negua gogor doa. Urtea hasi dugunetik ia asteburu guztietan izan dugu eguraldi petrala. Ekintza ezberdinak ospatu edota hauetaz gozatzeko aukera mugatu du askotan euriak eta bestetan elurrak. Asteburu honetan Ganbara abesbatzako txikiak Barriako aterpetxera joatekoak ziren baina iragarpenak Oñatin geldiarazi ditu; horrela, aterpetxean egin beharreko entseguak Santa Ana antzokian egin dituzte.

Azkoagaineko partida ere bertan behera gelditu da; bertako haizebariko, Kas de Fresa eta topolinoak  beste igande baterako gelditu dira.Ez du Etxeaundin besteko girorik egin norgehiagoka jokatzeko; Torreauzoko jatetxeak 25 urte bete ditu eta horretarako ardo dastaketa eta bazkaria antolatu dute. Hotzari aurre egiteko botika eraginkorra, bai horixe.

Nik neuk ere lagun arteko bazkaria izan dut. Gainera oraingoan sukaldari lanak egitea egokitu zait. Egia esan bigarren flaterrarekin asmatu arren, entsalada nahiko xoxongoa atera zitzaidan. Agian eguraldiak izango du errua, hobea hori pentsatzea bederen. Aitzitik, bazkaria giro ederrean igaro genuen eta konturatu orduko afaltzeko ordua ere gainera etorri zitzaigun ; seinale ona. Bertan izan ginen gizakumeoi xolo pitos delakoa egiteko eguna konfirmatzea geratu zitzaigun pendiente …. agian, martxoko azken aurreko larunbatean ….. eneeeee

Ibai Alba korrikalaria aipatu gurako nuke. Aurreko asteburuan Tuterako maratoi erdia irabazi zuen eta aste honetan berriz, Ormaiztegiko Sahara krossa. Zorionak eta disfrutatu Ibai.

Sortu ere sortu da eta argazkian oñatiar bat ikusi dugu. Berria egunkarian azaltzen denez borroka ideologikoaren ardura eramango du; denborak argituko digu zer dagoen horren izen ponpoxoaren atzean. Halere, zorterik onena opa diot. Eta zorte handia litzateke ere Bildu eta PNV ados jarriko balira  eta FAN hemendik!! aipua egia izatera iritsiko  balitz. Ez da????

Oletako parajeak elurrez josita dauden honetan, Maider Undak Espainiako txapelketa eskuratu du. Ibilbide oparoa darama. Baina nonbait, laster batean, albiste xelebreak entzutea tokatuko zaio; esaten dutenez borrokak kirol olinpikoa izateari utziko dio. Nik neuk ahaleginak egin behar ditut  horren albiste malapartatua ulertzeko. Baina ahaleginetan ahalegina, alde batetik, Bera- Berari eskainiko nioke; Porriñotik Kopa ekarri baitute Donostiara. Eta bestetik, Natra taldeko De la Iglesiasi. Gainera, azken hau, ez da bakarrik izango dagokion ahaleginean; taldekide eta zaletuek argi erakutsi zuten Asier  laguntzeko prest daudela. Bai horixe….

Ostiralak Realaren garaipena eskaini zigun. Dotore hasi eta bukatu dugu asteburua. Orain leihotik kanpora begiratu eta elurra ari dela ikusten dut. Errepideak arriskutsu samar dauden honetan, emaztea Gasteizen da lanean. Agian, nork jakin, bertan geratu beharko da gaua pasatzen …. eta ni hemen  beste hiru sorginekin abenturak kontatzen. Ondo izan.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude