San Blas….plis eta plas   

Alaba nagusienaren eskariari erantzunez, Zubietako zazpigarren zelaian izan ginen atzo eguerdian. Realeko nesken partidua ikusteko otsaileko goiz eguzkitsu eta hotz xamar bat. Lehenengotarikoak izan ginen iristen; harmailetako lekurik aproposenaren bila ibili ostean, hotzari aurre egiteko asmotan edo, lekurik eguzkitsuenaren aldeko hautua egin genuen. Bat, bi, hiru eta lau kontatu zuen Ane txikiak eta  horrela, laugarren lerroan jarri genituen geure ipurdi ponpoxoak. Partiduan gauza ederrak ikusi nituen; norgehiagoka entretenigarria ikusteaz gain, izter ederrak korrika han eta hemen.
Aperribai eta Izagirrek, taldeko lehendakaria bat eta Donostiako alkatea bestea, gustura ospatu zuten lehen gola. Eta niri Facebook delakoa etorri zitzaidan gogora; partidu amaieran: foto. Eta horrela, ikus dezakezuen moduan, kilatezko argazkia atera eta ilunkaran sare sozialetara. Valentziako taldea erraz menperatu zuten donostiarrek. Eta alaba pozik.
Aurreko astean Lasarteko hipodromoan egin zen crossaren ajeak oraindik ere irauten duten aitzakiaz edo, inguruko jatetxe batean bazkaldu eta Usurbilera abiatu ginen atez ateko sistema ezagutzera. Motorrak berotzen hasiak gara, txukun eta garbi ikusi nuen herria; horrela behar du.

Komunikabideetan  PProen abenturak baino ez datozen honetan, Informe Robinson delakoak Markeli eginiko erreportaia aipatu gurako nuke. Ederra. Gainera, eta oker ez banaiz, Inurritegiri ere antzerakoa eskainiko diote. Bailara oparoa irakurri dut Goienan. Rajoy  edo Barcenas hemengoak balira…San Blas plis plas…
Atzoko DV egunkarian txatarrero bati eginiko erreportai bat irakurri nuen; asko gustatu zitzaidan. Gainera  80ko hamarkadara eraman ninduen; Atotxa zaharreko partidu batera hain zuzen. Ikusleak Periko Alonso txatarra ezizenez animatzen zuten behin eta berriz. Aita txatarreroa zuen nonbait. Konturatu orduko txatarra urre bilakatu da; eta Titanic zuria urrezko marinelak gidatzen du harik eta talka egin arte. Zorterik onena txatarratxikienari, Xabiri.
Euskadiko Federazioak antolatzen dituen cross txapelketak ere ospatu dira asteburuan. Cross motzean Aloña Mendik, taldekako sailkapenari dagokionez, bigarren amaitu du Ortuellan. Eta Naroa Agirrek pista estaliko txapelketa eskuratu du pertiga jauzian.
Pelayo jaunak ere beharlekuak izan ditu Altitoy Open Ternua delakoan; Aittape lagun zuela, lasterketaren profilak erakusten zuen zailtasunez gain, eguraldi aldrebesari egin behar izan zion aurre. Halere, beste oñatiarrekin batera, amaitzea lortu zuten eta ez da gauza gutxi, ez horixe.
San Blas egunaren eskutik heldu ohi da Otsaila. Ni orientazioan hasteko desiratzen nago. Bi aste baino ez ipar orratza kaxoitik ateratzeko. Iparra eta hegoa mendebaldearekin solapatzeko. Gaurkoan  KaxianorenZorionak abestia ekarriko dut Aneren urte betetzera. 3 urte Motxoneko sorgintxoak. Eta agian, ardoaren epeltasunean aldrebestuta edo, Kaxiano  Santa Agedaz jantzi eta koplak kantatuko ditugu lotsagabe. Ondo ibili.
              

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude