HONDDOAK ETA SANTUAK

Ohikoa baino luzexeagoa izan da pasa den asteburua. Domu Santu egunean hildakoak hartu dituzte gogoan Euskal Herriko hilerri ezberdinetan. Santu Guztien egun bezala ere, ezagutzen dugu egun sainalatu hau; ni neuk, Santueneko ezizena daraman honek, ez diot aparteko keinurik egin liturgiari. Aitzitik, Madril aldean azaroaren lehen egunaren bezperak ekartzen duen kalabazen jai xelebreak, otoitzera eramaterainoko gertaera desatseginak ekarri zituen. DJ famatu baten festa eskeletikoan, etxaflero malapartatu batek sorturiko ausa ikaragarriaren ondorioz, eskeletoak zapaldu ziren; arimak itotzeraino, arnasa etetzeraino.

            Eta basurdeak hilotzen usainean atera dira asteburuan. Errepidetaraino helduz eta istripuak asaldatuz; aspaldian aise ugaritu dira basoko txerriak geurean, baserrietako lursailak arrotuz, eta agian, norbaiten perretxiko preziatuak zapalduz, apurtuz. Ugari baikara asteburuan ere honddoen bila atera garen sasi- perretxiko bilatzaile adituak. Automobila mendira edo basora eramaten duen pistaren albo batean utzi eta Gadget inspektoreaen luparen faltan, honddoen bila, edo usainean, oltzara betetzeko esperantzan…

            Ni neu Oletan izan naiz, gustora. Beheko suaren konpainian goxo- goxo familiaren berotasunean. Alabek etxean baino askoz ere traste gutxiago izan arren, are une entretenigarriagoak edo ezberdinagoak bizitzeko aukera izan dute. Su- egurrak batzen, sua prestatzen, perretxikoak bilatzen edo etxearen inguruak txukuntzen pasa dute denbora, elegante. Halere, lau egunetan hartu dugu Orixolen magaletik kanpora irteeratxo bat edo beste egiteko aukerarik. Larunbatean Sakanako herri-lasterketan hartu nuen parte; erritmo suabean, kirolaz eta bertako giroaz gozatzeko aukera izan nuen; bertan irabazle lagun zahar bat: Karratu gaztea. Eta Olaztikoa ez zen asteburuak utzi digun lasterketa bakarra izan; Bergaran eta Gasteizen ere egon ziren hitz-orduak. Arabako hiriburuko lasterketan Arteako lagun batek hartu zuen parte Behobiara begira; Iratxek nirekin batera egingo ditu Donostiarainoko km guztiak, zorte on.

            N.York handia Maratoirik gabe gelditu da. Agian, Sandyk perretxikoak ere airean eramango zituen Alaskaraino. Eta basurdeak, ziur, haserre. Central Park delakoan egin zuten maratoi alternatiboak, eman zion  kolorea oraindik ere goibel dagoen hiri erraldoiari. Eta Obama zai, zer gertatuko ote den zai…

            Kirol kontuei erreparatuz, Natra-Oñatiren bigarren garipena ekarri gura nuke lerro hauetara. Hasiera polita, taldea osatzen duen lan- taldeak ilusioz jantzi baititu jokalari eta zaleak. Bazkide kanpaina zoragarri batek eta giro ezin hobeak  emaitza positiboak lortzera eramngo dute Natra.

            Politikari keinu txiki bat egiten ere ausartuko naiz. Inkesten arabera abertzaleen arteko Gobernu bat nahiko luke gizarteak. Ea bada, aurrera begira jartzen garen, nortasuna ozen aldarrikatzeko ordua baita, burujabetasun ekonomiko eta nazionalaren garaia da.  Gu ezin baikara oraindik ere, 88.000 hilotz identifikatzeke duen espainiar nazioaren parte sentitu. Damu Santu egunean liturgietan barna, otoitzean, errezutik alderatuz, geureak gogoratuz nahiko lan baitugu.

            Astea politto dator. Larunbatean Zubiri aldean Raid berri bat jokatuko da eta bertan izateko asmoa, bederen badut. Ordurako uxatuta izando dira Santuen arima guztiak baina nork jakin, balizen bilaketa desesperatuan honddoak agertuko zaizkit agian. Horrela bada Behobiatik Donostiarako bidean ere bazterrak miatuko ditut beste miraren baten zai. Ondo izan.

           

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude