ASTEBURUARI BEGIRA; EKAINAK 16 ETA 17
            After Sun pote erdia xahutu dut bi egunetan. Larunbatean Lizarran ospatu zen abentura Raidean ederki berotu zuen Lorentxok. Goizeko 7ak aldera sorbalda aldean emandako protekzioak ez zuen asko iraun. Marka galanta bizkarrean, kolore zuri-gorriek egundoko berotasuna emateaz gain, agerian uzten dute bertan bizitakoa. Asteburu osorako plan batekin abiatu ginen Lizarra aldera. Larunbatean Guse eta biok Raid eder batez gozotzeko aukera izan genuen; uste baino baliza gehiago eskuratzeko ahaleginean, arrakastatsu bukatu geunen geure lana, beti ere, Gusek mapen interpretaziorako duen aparteko dohain horri esker. Piraguan egindako 400 metrotan ahotik ateratzen zitzaizkidan putzen laguntzaz egin ahal izan nuen aurrera; eta rapelatzen, egunetik egunera, hobeto. Oheratzean, bakoitza bere aldetik, azken balizaren bila ibili bazen ere, alferrik…Igandean, emazte kementsuekin puntuak berreskuratze aldera, haurrei keinu egin eta  Lizarrako “ Agua Saladako  igerilekuan izan ginen goizez eta Urederra errekan busti genituen hankak bazkalostean. Horrelakoetan eta horren konpainia ona izatean, asteburuari egun bat falta izaten zaio.
            Eurokopa aurrera doa. Holanda eta Errusia kanporatuak. Aurreko astean esan bezala Frantzia ikusten dut ondo. Bestetik, Kirol sailetan bainoago prentsa arrosako orrialdeetan agertzen diren futbolari horietako bat da Niklas Bendter (Kopenhage, 1988); aurrelari garaiak, galtzontzilloak erakutsi zituen golen ospakizunean, eta hizki handitan apustu etxe baten izena irakur zitekeen. UEFAk arau zorrotzak ditu publizitate eskubideak babesteko, eta jokalariek badakite debekatuta dagoela inolako markarik erakustea. Saskibaloian Real Madrilek liga txapelketa eramateko pausu garbiak eman bazituen ere, azkenean Katalanek eraman dute txapela Bartzelonara. Halere, albiste txalogarri bat; Lasok beste bi urtez jarraituko du Madrilen.
Kortazarrek ez du hutsik egin eta indartsu dagoela erakutsi du beste behin ere. Zapatuan lortutako garaipenarekin bi lortu ditu dagoeneko elgetarrak eta sendotu egin du lidergoa. Lanzaroten Haria Extreme mendi lasterketa irabazi du. Eta Irati Extreme delakoa ere izan du asteburuak. Martxa zikloturista erraldoiak zaletu asko bildu zituen Otxagin. Beroak eta aldapek gogor xamarra egin zuten eguna. Baina mendiak ere utzi digu zoritxarreko berri bat; Stephane Brose, Kilian Journet ezagunaren bikotea Montblanceko frogan, eroriko baten ondorioz zendu da. Goian bego.
Txutxumutxuak ere lekua irabazten hasiak daude geurean; Javi Martinez nafarrak Bartzelonan jokatuko omen du datorren denboraldian edota Llorente hodarribiarra Erreala utzi eta Valladolid aldera, berriro ere, joango ote den entzun da. Albisteak bata bestearen atzetik helduko zaizkigu uda partean, baina egiaren bat irakurtzerako, dozenaren bat gezur irentsiak izango gara, fijo.
Nik after sun ematen jarraituko dut. Gezurrei so eta egiei begira. Parte hartutako raideko argazkiak noiz zintzilikatuko zain ere banago. Sailkapen nagusian lortutako 15. postuak asebeteta utzi ninduen baina argazki politen batek, ziurrenik etxekoen oniritziz, pasiloan jartzeko aukera ematen badit, are gehiago.
             

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude