ASTEBURUARI BEGIRA EKAINAK 2 ETA 3

Asteburua Chori Castro Irizabal jokalariaren berri batekin hasi zitzaigun. Errealeko jokalari berriak, bigarren abizenari kasu eginez bederen, arbaso euskaldunak ditu. Beraz, ez dakit zein puntutaraino atzerritar bezala hartu beharko gendukeen; askoz ere, lotura gutxiago duten asko bataiatzen baititugu euskaldun bezala interes futbolistikoen aitzakiapean. Eta Madonna abeslari ospetsua ere, euskaldunduta dabil txapela buruan duela; Iparraldeko musikari batzuekin dabil kontzertutan barna abesti euskaldun entzutetsu bat kantatzen. Euskal Herritik mundura, geure xilborretik mundura….
Aloñako eskubaloiko infantil neskak jarraipena eman diote aurreko asteburuari. Berriro ere lerro hauetara ekarri beharrean gara Jon Anderrek zuzentzen duen taldea; Euskadiko txapeldun bilakatu dira asteburuan. Zorionak. Eta beste hainbeste korrika edota oinez, 100km egin dituzten oñatiar guztiei. Hiru Handiakdelakoaren edizio berri hau orain arteko azkarrena izan da; gaueko sargoria ez zen arazo larriegia izan 24 ordu baino gutxiago behar izan zituzten ausartentzat.
Sakibaloian Baskoniaren lana bukatu da. Sasoi betean heldu da ligako azken txanpara baina ezin izan du Real Madril kaleratu. Orain denboraldi osoari begiratzeko unea da; denboraldi irregularra egin du talde gasteiztarrak eta hasiera batean ezarritako helburu edo erronkak ez dira bete. Eta Athleticen ibilbide gazi gozoak jarraipena izango du goxoago izateko asmotan; Bielsak urtebete gehiago egingo baitu Bilbon…edo Lezaman esan beharko dugu?; entrenatzaile argentinarrak etxea Lezaman izatea eskatu baitio zuzendaritzari, deskonektatzeko beldur da nonbait. Bielsak asko daki, gehiegi.
Zumarragako barieantea ere zabaldu dute. Zinta mozteko ekitaldi ofizialean inguruko alkateez gain Aldundiko ordezkariak ere izan ziren. Egunkari bateko argazkiak ganorarik gabeko berbak egiteko aukera luzatzen digu; adibidez, Garitanok Larraitz oñatiarrari piropotxoren bat esan zion susmoa hartzeko modukoa izan daiteke; edo gaiztoago izanez gero……
Eta egunkari berdinean azaldu zen ere geure argazki bat; gu geu, piropotxoak entzuteko prest bagaude ere, ez zaizkigu horren erraz heltzen. Udaletxeko balkoian atera ziguten Oñatiko Nazioarteko Lasterketaren aurkezpen eguneko erretratua. Datorren larunbatera begira gaude dagoeneko; erakustaldi bikaina izango da lasterketaren X. ekitaldian. Beltzak haginak zorroztuta datoz.
Atzo Araba aldean izan nintzen. Korres herrian atera ginen Izkirantz; bertako paisai ederrak ikusteaz gain izerdi pixka bat ere erori zitzaidan bekokian behera Ane txikia motxilan eramatearekin batera. Indarrak berreskuratzeko leku aproposera joan ginen; KanpezukoIbernalo jatetxeara. Garai bateko Bernedoko kontuak etorri zitzaizkidan gogora; dame una U, una L, una I….ULIfres….freskagarri erromantikoa.
Ibilaldia ere ospatu dute Trapagaranen; astebete beranduago Kopetatik haratiago. Bestalde NAIZ aurkeztu dute; kazetaritza euskaldunari imintzioa eta EPPKak keinu argia egin  dio dagokionari.
Eta lerro hauek Bruce ospetsuaren doinuekin agurtu nahiko nituzke. Anoetak egundoko kontzertua bizi izan zuen. Nik Ulifres batekin Santxis eta Jokanoentzutea nahiko nuke; baina garaian garaiko produktuak jatera gonbidatuak gauden honetan, Madonna txapeldunaren doinuren bat entzungo dut, ziurrenik Gaztean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude