ASTEBURUARI BEGIRA; MAIATZAK 26 ETA 27
Bi egun hauetan ezagutu dugu Behobiako azken zifra extralurtarra; dagoeneko 22.000korrikalarik eman dute izena azaroko bigarren igandean ospatzen den lasterketa ospetsuan parte hartzeko asmoz. Eta asmoa diot; ezin baita ziur jakin urteko hamaikagarren hilabete horretan sasoian izango garen 20kilometro pasatxo egin ahal izateko. Nire iritziz korrikalari gehiegi Behobiako irteera horretarako baina arazoak saihestu aldera, ordutegi ezberdinak erabiltzen dituzte, bi edo hiru lasterketa ezberdin balira bezala, norabide berean baina hitzordu ezberdinetan aterako diren korrikalari horien mesedetan, nonbait.
Ugari izaten dira Behobiatik Donostiara heldu, dutxatu eta Alde Zaharrean hiru pote hartu ostean, jatetxeren batean lasterketako abenturak kontatzen dituztenak. Eta asteburu honetan eman ditu Txopekuakasteburuko azken menuak. Hileko azkeneko egunean itxiko baititu ateak Uribarriko ostatuak. Beharbada, denbora batera, zahar-berritutako menuak dastatzeko aukera izango dugu, nork jakin.
Mikel Nieve eta konpainiak lan ederra burutu dute Italia aldean. Bukatu da Giroa eta etapa garaipen batekin dator talde laranja. Gainera, leitzarrak 10 onenen barruan sailkatzea lortu du. Orain, Tourrera begira jarri dira txirrindulariak, azken prestaketak datoz, arkatza zorrozteko momentua heldu zaie. Eta zorrozkiloa dexente erabilita heldu da Baskonia denboraldiko azken txanpara; Madrilen garaipen bat lortu du eta orain kanporaketa Gasteizen erabakitzeko aukera dauka. Zorte on. Eta zorte kontutik urruti xamar dago Vicente Calderon delakoan pasatu zenekoa, ilusioa eta zaletuen indar erakustaldi itzelak ez ziren nahiko izan Bartzelonabezalako talde erraldoi bati aurre egiteko. Pasa da denboraldia eta gazi- goxoegia izan da Athletic zaleek aurkitu duten helmuga.
Geurean, Oñatin, goitik behera bili dira Ferrari inprobisatu batzuk Errekaldeko jaietan. Eguraldi ederra eta giro ederragoa.Txokolateari lotutako museoren bat Oñatin zabalduko dutela ere irakurri ahal izan dut. Albiste goxoa. Deporrek izan duen amaiera ere, goxoa; berriro lehen mailara, Valeron berriro ere Anoetara.
Maiatzari agur eta Ekainari kaixo esan behar diogun aste honetan, Antxintxiketan kirol elkarteak antolatzen dituen bi lasterketen berri eman beharrean nago. Ekainaren 9an Nazioarteko lasterketa izango dugu, dagoeneko 10. ekitaldia izango da. Beranduxeago, ekaina agurtze aldera, San Pedron Torreauzoko15. herrikrossa jokatuko da; lasterketa honetarako gainera, izen ematea laster batean zabalduko da. Orain arte nagi ibili bazara, baduzu orain aukera, entrenatu eta San Pedron ikusiko dugu elkar.