ASTEBURUARI BEGIRA; MAIATZAK 19 ETA 20
Euria. Hezetasuna izan da asteburu honetako protagonista. Ganoraz egin dute goitik beherako ibilbidea tanta bustiek; negura begira jartzeko gonbitea luzatu digute horren aldrebesak suertatu diren prezipitazioak. Egoera ezberdinetara moldatu beharra izan badira ere, asteburuak hamaika hitzordu izan ditu.

Zegama- Aitzgorri berri bat ere ospatu da. Orain bi urte elurra izan bazuten ere, zaletu eta korrikalari askoren beldurrek kaskabar soinua baino ez zuten izan. Euriak eta lokatzak zailtasun astunegiak izan ziren kirolarientzat; halere, Zegamara iritsi zen lehen korrikalariak 4 ordutik jaistea erdietsi zuen. Berriz ere, Ohiana elgetarra zoragarri eta Oñatiko Larrea, Tospi eta Mendiola mutil koxkorrak elegante.
Donostian maratoi erdia jokatu zen eta irabazleak bere haserrea erakutsi zuen helmugan. Izan ere, probako errekorra hausteko asmoz atera zen baina euri eta haize zakarrak pikutara bidali zituen asmo inozoak. Changare izeneko etiopiarra izan zen azkarrena; adi mutil honekin, agian, laster batean, Oñatiko kaleetan ikusteko aukera izango dugu. Oñatiarrak ere hartu zuten parte maratoi erdian; Imanol Molinero eta Marisol Ramosen lana txalotzekoa izan bazen ere, ezin aipatu gabe utzi Antxintxiketan elkarteko Bernal eta Gorostiagak lortutako markak. Zorionak guztiei.
Igandea dotore janzteko eguna izan zen. Ilobaren bataio eguna Zelai Zabalen ospatu genuen. Eta horrelakoetan gertatzen den legez, kanpotik eta barrutik bustitzea tokatu zitzaigun. Elizatik ateratzearekin batera goxoki, txanpon eta antzerakoak hegan ikusi nituen. Haur batzuk euritakoa alderantziz zutela, ezkerrretik eskubira zerutik behera zetorrena bereganatzeko dantza martxosoan; eta elizaurrea hustu zenean, lurrean txanponik ez baina putzutan goxoki ugari. Haurrek ere dirua nahi dute, krisia leku orotara heldu den seinale.
Eta zertzeladetako puxtarriak emate aldera, lehena Zegama- Aitzgorriko edizio guztietan parte hartu duen Joxean Larreari eskainiko diot. Bigarrena Julian Zelaiari; organo-jotzaile hutsa baino gehiago izan zela agerian geratu zen zapatuan egin zioten omenaldian. Hirugarrena, bizikleta foroari eskaini nahiko nioke; dagoeneko bidegorria itxura polita hartzen ari den honetan, horrelako foroak aberasgarri izango dira. Izaera negatiboa duen puxtarria euria islatzeko erabiliko dut; kokoteraino bukatu dugu eta oraindik hor jarraitzen du busti bustita, geuri begira, parrez. Eta agurtzeko, eta bukatzeko, azken puxtarria larunbatean Oñatin egin zen Plazara ekimenari emango diot; aurrera goaz, ez dago etenik.