ASTEBURUARI BEGIRA; APIRILAK 21 ETA 22


Koadrilako bazkariak apaindu du euritan antzua izan den igandea. Aitzitik, barrutik bustitzeko joera ere badugunez, euriari lekua hartu dioten beste edari afrodisiako batzuekin egin dugu topa. Tertulia interesgarria, mundua konpontze aldera, postrerako plana.
Melerik garrantzitsuena eskuratu zuen Ordiziako taldeak errugbian. Errege Kopako txapeldun berriak ditugu Goierritarrak. Zalegoak pozik hartu du txapela; gaur oraindik ere, biharamun galanta izango dute. Sarkozyk ere biharamun gaiztoegia bizitzeko aukera izango du gaurkoan; ziurrenik afaria kontrako eztarrira joango zitzaion, bigarren itzuliaren zai, mirariaren zai. Bruniren abestirik malenkoniotsuena lehendabizikoz entzun nahian dabil, nonbait…
Ni neu Arratiako parajeak ezagutzeko aukera izan dut oraingoan. Artean ospatu den RAID zoragarrian hartu nuen parte Pelayo taldekidearekin batera. 7 ordu inguruko lana egin
behar izan genuen iparorratzaren laguntzaz baliza bukaezinak aurkitzeko. Espeologo lanetan jarduteak Baltzolako galeria labur batera eraman gintuen. Han ere balizaren bila, erronka berrien bila, ilusio goxoen bila. Geu ere asebeteta.
Azken etxaflerotako bat Errealari eskaini nahi diot; puntuak banaka batzen ari da aspaldian, helburua erdietsita lehen mailan beste urte batez jarraituko du baina areriorik sentimentalena horren osasuntsu ikusita, Errealzale dexente ez zaigu asebete. Real Madrilek ere, badirudi, Cibelesen ospatuko duela liga garaipena, Txapeldunen Liga non ospatuko da? nork ospatuko du ? Astean gauza batzuk argituko zaizkigu, lokatzak uzten badu; zipristin marroiek jarraituko dute han eta hemen, zorioneko mele sasoitsutik ihesi, aske, eta lerden.
.