Azken jai egunei begira

Trianako Santueneko etxean ditut erroak. Santuena bere garaian Bar Vitoria izan zeneko etxe horretako bizilagunek hartu zuten ezizena da. Ez dakit bertan bizi ziren ene arbasoak oso eliztarrak ziren; egia esan, egun zabal dezakedan kristautasuna ez da behintzat horrelako izen zelestiala jasotzeko, ez horixe. Halere, Santuak Santu, oraindik ere, ez genuke jakingo santurik zekenenak lekurik izango lukeen elizarik zekenenean. Eliza ez baita askotan izaten txiroenekin eskuzabal, inoiz ez baitu, adibiderik gardenenetan, duen urre aberats guztiari zentzu bat emateko gaitasunik erakusten.
Baina ezizenak ezizen, arrotasunez edota poztasunez entzuten dut urtetan aurrera doazen oñatiar horiek hi santueneko haiz esaten didatenean. Eta horren sarrera irristakorra Aste Santu honetara ekar dezakegu. Santurik gabeko egunak izan baitugu askok. Salou, Marbella edota Hondarrabiara joateko; pake bila, ohiko jardunaren hatzamarretatik ihesi. Eta bestela, Oñatin gelditu den eliztarrak Euskal Herriko itzulia ikusteko aukera izan du; zerutik eroritako euritan dantzan eta kantuan, laranja koloreari begira.
Eta aberriari kristau zentzua bilatu nahi badiogu, aurreko mendean jeltzaleek igande Santuari eman zioten egun seinalatuarekin egingo genuke topo. Aberri Egun hezeegia ospatu genuen euskalzaleek. Bide lehorrago baten bila abiatu beharko gara elkarrekin zentzuzko zerbait amesteko, bizitzeko.
Hasiera batean Shakle 04 zen mehatsua. Baina erasorik beldurgarrienea Poza kalean izan zen. Brigada berezien pilota posoitsu hura airean urtu balitz, galdu balitz, beste jai bat ospatzeko umorean izango ziren Bilbon. Ez dut uste horren metodo pilotagarririk erabil daitekeenik, ez da zilegi, ez bederen aldarrikapen edota zale sutsu zein baketsuen ezinegona baretzeko.
Maiz Santu izaera izaten duten erregeak ere izaten dira munduan. Odol urdinegia darien santu aldrebesak. Hauek istripu txikiak erakusten dizkigute lotsagabe; odol gorria ala urdina bereizteko ahaleginean. Gorriegia dugunok ez baitugu elefante edota antzerako animali exotikoak harrapatzeko grinarik, ez dirurik. Baina nork jakin mokorrean jasotakoa ehizak ala pattarrak eragin duen. 
Ibardinen izan zen Euskal Herriko itzulia eta Ibardinetik pasa ziren Berako mendiko maratoi erdian aritu ziren korrikalariak. Beste urte batez, arrakastatsua izan da Manttalek antolatzen duen lasterketa erakargarria. Izen bera konpartitzen duen Bera- Bera eskubaloi taldea Erreginaren Kopako azpitxapeldun berria dugu; Lizarrako Itxakok eraman du txapela. Bi talde euskaldun eskubaloian dotore.
Zertzeladetan Aratz lagunak Marbellan egindako lasterketa aipatu nahiko nuke. Beretzat apropos eginiko triatloi lasterketa bat dirudi; ederto aritu zen Andaluzia aldean. Glamour. Neuk Navalenoko pinuz betetako basoak ezagutzeko aukera izan dut. Liga Norteko orientazio lasterketa egin baikenuen igandean. Oraingoan baliza guztiak aurkitzeko gai izan naiz, aldiz, sailkapeneko azken postuetako bat baino ez nuen neureganatu. Navalenok ez dauka Marbellarekin zerikusirik, glamourgutxi izan arren konpetizio ostean irentsitako orkatz flaterrak berdindu zuen glamour eza. Eta agian, nork jakin, Froilanek harrapatutako orkatza irentsiko nuen, goxoa.

           

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude