ASTEBURUARI BEGIRA; MARTXOA ETA APIRILA ELKARREKIN
Ganbaran pasa dut denboratxo bat. Eta hautsez josita izaten den oroimenen atabal horretan izan naiz erlojuaren horratzei so; aintzinako erretratu, haurtzaroko jostailu edota modaz pasatako koadrodun alkandorei so. Doinu gozoen ganbara bisitatu dut oraingoan; irudikatutako traste zaharrek, musika nota armoniosoen eraldaketa bizi izango zuten esperoan iritsi nintzen antzokira. Etxekoak bederen, eta denboraren makinak eskainitako bideari esker, gustora ikusi dugu alaben ahalegina, bata kantuan eta igerian bestea.
Etxearen azken pisu horretan izaten da ganbara. Eta garaiera ederrean ibili da herriko saskibaloi taldea. Meritu handiko denboraldien ostean omenaldien unea iritsi da, agurren unea. Beste hainbat ganbara madarikatutan gazta izaten dute lehortzen; eta Arrasatera, etxera, 24 urte espetxean egin eta gero, Gazta preso politikoa iritsi da; eta honek ere, merezitako omenaldia jaso du.

Azkoitia Azpeitia maratoi erdia izan genuen zapatu arratsaldean. Kolore beltza, sargoria eta aize zipristinak nagusi. Ez ziren marka espektakularrik egin baina giroa itzela izan zen. Irabazlea eguardiko lokuluxkatik iratzarri behar izan zuten irteerara abiatzeko; nonbait, etiopiarrak arazoak ganbaran ditu ahaztuta, no problem.

