ASTEBURUARI BEGIRA; MARTXOAK 24 ETA 25
Abentura grina asetze aldera abiatu nintzen larunbatean Oion aldera. Bertan, III. Orientazio Raida ospatu zen; oraindik ere nahiko ezezaguna den kirol honek, naturaz gozatzeko aukera paregabea eskaintzen du. Iparorratza zuzen erabiltzeaz gain, beste jarduera batzutan ere trebezia erakutsi beharrean izan nintzen; besteak beste, eta abenturaz blai, Iekora herriko kanpaidorretik rapelatzen jeitsi bainitzen.
Ohiana Kortazar elgetarra zoriondu beharrean gaude; Trail Mont Ventoux mendi lasterketa irabazi baitu. Kirolari nekaezin honentzat horrelako erronkek abentura kutsua izateari utzi diote dagoeneko. Ez du parekorik. Eutsi.
Euskal herriko itzulia laster batean dugu geurean. Ikusmin handia sortu du Oñatin. Denda ugaritan era ezberdinetako bizikleta, mailot eta antzerakoak ikusteko aukera dugu. Apainketa kurioso honek egingo dio harrera txirrindularien karabana luzeari. Eta bien bitartean Samu Sanchez abenturazale erraldoiak, duen klasea agerian utziz, Voltako etapa bat eskuratu du maisutasunez. Euskaltel Euskadik lortzen duen lehen garaipen honek, egin ditzala akuilu lanak etxeko itzulian.
Pilotan, binakako txapelketan, gauza ugari argitu dira asteburuan. Irujo eta Barriolaren abentura bukatu da; ASPE enpresaren apustu garbienak abentura labur samarra izan du. Olaizola eta Beroizen ligaska paregabeak itzalean utzi ditu gainerako pilotariak.
Agian, norbait, igandeko lehen ordutan, abentura lizunen bila ibiliko zen. Konturatu orduko, lehen eguzki izpiak gainean zituenerako eta guztiz asetu gabe, oheratu behar izan balitz, akabo. Ordu aldaketak izango du konkista antzuekin zerikusirik, fijo.
Bart sua piztu zen Oñatiko Urruxula auzoan. Suhiltzaileei binaka aurkezten zaizkie abentura sutsuak. Egun gutxitan bi sute izan ditugu geure basotan; lurra lehorregi dagoen seinale, euri gutxiegi egiten duen adierazgarri. Kirkilak harrapatzeko sasoia hurbiltzen ari den honetan, mangerak eraginkorrak direla esateko adorea nork izango luke????
Azken zertzeladetara Bartzelonako maratoia egin duten oñatiarrak ekarri gurako nituzke; Biain, Txotxo eta konpainiak lan txukuna egin dute Kataluina aldean. Beste maratoi bat ere izan da geurean, Oñatiko kiroldegia spinning zaleen topalekua izan da. Luis Aragones entrenatzaile beteranoaren izena era entzun dugu berriro; abentura asko bizi izan duen jakintsua omen da. Madrilen kokilduta azaldu zen norbait, abentura grinik gabe, hutsik. Rapelatzen, bizikleta gainean edo baloiari ostikoak emanaz sor dezakegu abentura bat, ilusio bat; baina, agian, abentura lizunegiak urrutiegi geldituko zaizkio norbaiti.