Suposatzen dut Amaia Antzokiaren aurrean jarritako pankarta honek Statkraft-ek Aramaion egin asmo duen parke eolikoari egiten diola erreferentzia. Azpiegitura horrek ez omen dio trantsizio energetikoari ekarpenik egiten eta, are okerrago, kapitalismoaren isla omen da.
Ukaezina da parke eolikoek biodibertsitatean eta paisaian inpaktuak sortzen dituztela, eta, zentzu horretan, nik ez daukat beharrezkoa den ezagutzarik eta ez naiz nor kokapen hau parke eoliko bat eraikitzeko egokia den edo ez baloratzeko. Baina, hortik eta pankarta honek dioenera, alde handia dagoela iruditzen zait, handiegia.
Bertan dioenak oinarririk duen edo ez baloratzeko aztertu dezagun, lehendabizi, azpiegitura honek Debagoienaren trantsizio energetikoari egingo liokeen ekarpena. Statkraft-en web orrialdean dioenaren arabera parke honek 60,4 Mw-ko potentzia instalatua izango luke, eta urtean 157,3 Gwh ekoitziko lituzke. Tecnaliak Debagoiena 2030 iraunkortasun sarerako egindako ikerketa baten arabera, 2.290 Gwh-koa izan zen 2019. urtean Debagoienak izan zuen energia kontsumo osoa. Kontsumo horretatik %30a izan zen elektrikoa, hau da, 687 Gwh. 687 Gwh horietatik 530 Gwh industriak kontsumitu zituen, eta gainontzeko 159 Gwh-ak eraikin ezberdinei (etxebizitzak, eskolak, anbulategiak, komertzioak, …) lotutako kontsumoa izan zen. Datu hauei erreparatuz, Statkraft-ek eraiki asmo duen azpiegitura honek 2019. urtean Debagoienak izan zuen kontsumo elektriko osoaren %23an ekoitziko luke, eta eraikinei lotutako kontsumo elektrikoaren ia %100a. Ez dakit zein iritzi izango duen irakurleak, baina esango nuke esanguratsua izango litzatekeela azpiegitura honek Debagoienaren trantsizio energetikoari egingo liokeen ekarpena.
CO2 isuriei erreparatzen badiegu, berriz, eta IPCC1-k dioenari kasu eginez, teknologia eolikoa erabiliz ekoizten den kwh bakoitzak 11 gCO2 isurtzen ditu. Neurketa honek aerosorgailu baten bizitza ziklo osoan ematen diren isuriak hartzen ditu kontutan, hau da, azpiegituraren esplotazioari lotutakoez gain, baita materialak naturatik erauzten direnetik aerosorgailua dagokion tokian kokatu artekoak ere. Elektrizitatea ekoizteko erregai bezala gasa darabilen ziklo konbinatuko zentral batek, berriz, 490 gCO2 isurtzen ditu ekoitzitako kwh bakoitzeko, 45 aldiz gehiago. Beraz, CO2 isurien murrizketan ere horrelako azpiegitura batek ekarpen esanguratsua egingo lukeela esango nuke.
Bigarren aferari dagokionean, kapitalismoarena, erreparatu diezaiogun Statkraft eta Krean-en arteko akordioan zehazten den jabetza eta kudeaketa ereduari. Haizean deitu diote Krean kooperatibak sustatu asmo duen ereduari. Eredu honek aukera emango die instituzio publikoei, herritarrei eta lurraldeko enpresei azpiegitura honen jabetzan parte hartzeko, inolako mugarik gabe. Hau da, nahi izanez gero, aipatutako eragile horiek jabetzaren %100a hartu ahal izango lukete. Suposatzen dut pankarta hori idatzi dutenek jakingo dutela eredu ekonomiko baten izaera, neurri handi batean, ekoizpen baliabideen jabetzak ezaugarritzen duela. Enpresa kapitalista batean ekoizpen baliabideen jabetza ez dago langileen eskuetan, kapitalaren esku baino. Horrek, kapitalaren jabetza dutenei aukera ematen die langileen kontura etekin ekonomiko bat lortzeko, terminologia marxistan “plusvalia” bezala ezagutzen dena. Etekin hori esku gutxi batzuetan pilatzen da, eta hortik sortzen dira kapitalismoak berezko dituen gizarte ezberdintasunak. Haizean ereduan, berriz, jabetza energia hori behar duten herritar eta erakundeen eskuetan egongo litzateke, eta, ondorioz, beraiek izango lirateke azpiegitura horrek esplotazio fasean sortuko lituzkeen etekin ekonomikoak jasoko lituzketenak, eta ez Statkraft, Krean, edo kanpo inbertsore kapitalista bat.
Nire ikuspegitik, honek sekulako balioa dauka, eta hurrengo hamarkadetan energia sektorean nagusi izango den ziurgabetasun eta ezegonkortasunetik herritarrak eta enpresak ekonomikoki babesteko aukera ezin hobea eskaintzen du. Egin dezagun prospektiba ariketa bat, eta ikusi dezagun nola gauzatu daitekeen aipatutako babes hori.
Joera guztiek diotenaren arabera, bai etxebizitzetan, eta baita industrian ere, elektrizitatearen kontsumoak gora egingo du hurrengo hamarkadetan. Etxebizitzen kasuan, gasarekin funtzionatzen duten berokuntza sistemak fosilak ez diren iturriengatik ordezkatu behar dira, eta aditu guztiek diotenaren arabera, biomasa galderekin batera, elektrizitatearekin dabiltzan bero bonbak (aerotermia eta geotermia) izango dira erabiliko diren teknologia nagusiak. Bestalde, kotxe elektrikoa hedatuz joango da, eta gure garajeetan gero eta karga puntu gehiago izango ditugu. Horrek esan nahi du familiei lotutako energia kontsumoaren gehiengoa elektrikoa izango dela etorkizunean, eta energia elektriko hori prezio justu batean eskuragarri izatea gakoa izango dela herritarrak ekonomikoki babestu ahal izateko. Logika berdina aplikatu daiteke enpresen kasuan ere.
Babes hori gauzatzera begira komunitate energetikoek rol funtsezkoa jokatu dezakete. Hauek dira herritarrak energia ekoizpenerako azpiegituren jabetzan parte hartzea ahalbidetzen duten erakundeak. Komunitate energetikoak kontsumo kooperatibak izan ohi dira, eta bertan parte hartzen duten herritarrek izaten dute gehiengoa. Komunitate energetiko hauen helburu nagusia beraien bazkideek behar duten energia ekoiztea da, eta, horretarako, teknologia fotovoltaikoa erabiliko dute nagusiki. Teknologia honekin soilik, ordea, nekez lortu daiteke %25-koa baino autosufizientzia maila handiagoa, %40-%50koa biltegiratze sistemak (bateriak) gehituz gero. Hain zuzen ere, hemen sartzen da jokoan energia eolikoa. Teknologia fotovoltaikoa erabiliz ekoizten duena osagarritzeko komunitate energetikoak parke eolikoaren jabetzan parte hartu dezake, eta, horrela, eguzki eta haize energien osagarritasuna baliatuz, beren bazkideek %70tik gorako autosufizientzia maila bat lortu ahal izango lukete. Horrek esan nahi du komunitate energetiko horretako bazkideek %70ko independentzia bat lortuko luketela ezegonkorra izango den eta espekulazioaren jomuga izan daitekeen merkatu elektrikoarekiko, eta bermatua izango dutela elektrizitatearen prezio justu eta egonkor bat jabe diren azpiegitura horien bizitza osoan zehar (25-30 urte).
Ondorioz, eredu honek pankartan dioenaren kontrakoa ahalbidetuko luke, hau da, Debagoieneko herritar eta enpresak merkatu elektriko oligopoliko eta espekulatibotik babestea.
- IPCC, 3. lantaldea, 5. txostena, 7. kapituloa, 511-597 orrialdeak, eskuragarri dago <ipcc.ch/site/assets/uploads/2018/02/ipcc_wg3_ar5_chapter7.pdf> helbidean.